[itzul] Transkripzioak direla eta

Irizar, Ander airizar a bildua parlamentodenavarra.es
Ast, Urt 15, 10:57:01, CET 2015


Transkripzioen inguruko nire irudipenak azaltzera ausartuko naiz; irudipenak diot, ez dudalako gaia sakon aztertu (norbaitek izango du igual ikertua). Esango nuke transkripzioa itzulpen-mota bat dela: ahozko hizkuntzatik idatzizko hizkuntzarako itzulpena (eta, seguru asko, ez hori bakarrik). Eta, itzulpena den neurrian, itzulpenari buruz esan daitezkeen gauza gehientsuenak iruditzen zait esan daitezkeela transkripzioari buruz, bai eta itzulpenari aplika dakizkiokeen irizpide eta jokabide gehientsuenak aplikatu ere. Hori horrela bada, helburuari begiratu beharko diogu besteak beste. Kasu honetan, helburua ez da norbaiten hizkera jasotzea, baizik eta hark esan zuenaren edukia, eta, aukeran, hark esandakoaren modu bertsuan.

Honaino, bost xentimoko planteamendu teorikoa. Hemendik aurrera, Nafarroako Parlamentuan gaur egun darabiltzagun transkripzio-irizpideak; “gaur egun” diot, denboran zehar ere izan baititugu gorabeheratxoak. Nahiz eta era guztietako koskak sortzen diren transkripzio-lanetan (langintza honetan ibili den edonork ederki jakingo du hori), labur adierazita, hauek dira betetzen saiatzen garen irizpideak:
- lexikoa: ahal den neurrian, gorde.
Adibidez, Orotarikoan agertzen bada, edo Ereduzko Prosan, edota bestelako korpusen batean, guk utzi egiten dugu, baita esanahiaren aldetik ez bada akademikoki zuzen-zuzena ere; esate baterako, azkenaldi honetan, “emendakin” bere horretan uzten dugu, nahiz eta Hiztegi Batuan esanahi hori gaitzetsi egiten den (emendakin iz. 'eranskina'; ez du gaztelaniazko enmienda adierazten); izan ere, erabilera hor egon da (ik. Orotarikoa) eta… hor dago<http://www.ehu.eus/ehg/cgi/epd/bilatu10.pl?s=&S=&o=1&h=1&z=&c-04-08=04-08&c-09-13=09-13&n=bietan&k1=1&m1=lema&h1=emendakin&f1=&d2=1&m2=lema&h2=&f2=&d3=1&m3=lema&h3=&f3=&d4=1&m4=lema&h4=&f4=&d5=1&m5=lema&h5=&f5=>.
- ortografia: zuzendu.
Aurreko adibidea baliatuz, hizlariak “enmendakin” ahoskatzen badu ere, “emendakin” jartzen dugu.
- morfosintaxia: zuzendu, onargarritasun gutxienekoaren mugaraino behintzat bai (esango nuke onargarritasun gutxieneko hori, batzuetan –ez beti–, ulergarritasun gutxienekoak ezartzen duela); muga hori ez da zehatz-zehatza noski (Patriciak ekarri zuen adibidean, “esatea” hori nik aldatu egingo nuke, eta “esan behar da” jarri, baina eztabaidagarria izan daiteke igual).

Beraz, galdera eragin zuen esaldia adibide gisa hartuta, nik honelatsu transkribatuko nuke:
“Hurrengo puntura pasatu baino lehenago, eskaeren eta galderen puntura hain zuzen, esan behar da hil honetan…”

Ander Irizar
Nafarroako Parlamentua


From: Patricia Jorge Kuartango [mailto:kuartango a bildua gmail.com]
Sent: martes, 13 de enero de 2015 11:56
To: ItzuL
Subject: [itzul] Transkripzioak direla eta

Kaixo guztioi, eta, bide batez, urte berri on!
Joan den urteko azken osoko bilkuran izandako zenbait parte-hartze transkribatzen gabiltza, eta zalantza (oinarri-oinarrizkoa, egia esan) sortu zaigu, adibidez, esaldi honekin:

"Hurrengo puntura pasau baino lehenago, eskaerak eta galderak puntua, hain zuzen ere, esatea hile honetan, ROMek dakarrenez, (...)"
Horrelakoetan, zer egin "pasau", "hile" eta antzekoekin? Alkateak horixe esan bazuen ere, hitzok zuzendu, eta "pasatu" eta "hil" jaso beharko genuke, ez? Ala, transkripzioa denez, ahozkotasunari eutsi, eta bere horretan utzi beharko genituzke?

Milesker!
Patricia
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20150115/845b7b88/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago