[itzul] Incorporan el mainstreaming de género
jon-agirre a bildua euskadi.eus
jon-agirre a bildua euskadi.eus
Al, Mar 30, 17:08:04, CEST 2015
Lehenagoko “crowdfunding” edo mikrofinantzaketa haren hariari jarraituta, eta kasua berriro agertu denez, hausnarketa txiki bat boladako maileguez eta horien idazkeraz.
Denotazioaz gain, konnotazioak ere (horrexetan dabiltzanetakoak garela, ingelesez ere badakigula, azken txilioaren berri badugula, abarka usainik ez darigula… auskalo zer) adierazi behar izanez gero, ‘mainstreaminga’ idatziko nuke, eta halakoari dagokion bezala esan, jakina: ‘meinstrimiŋa’ ezin bada, ‘meinstrimiña’ hobeto ‘meinstriminga’ baino. Azken –g ahoskatzen duenak ‘mainstre-a-minga’ irakurri behar luke, ingelesez ere ez baita ahoskatzen amaierako –g hori, eta, euskaraz irakurtzen hasita, osorik euskaraz irakurri; baina ez du zentzurik ingelesez idatzi eta euskaraz irakurtzeak.
Marratxorik ez nuke erabiliko, batez ere, euskaraz salbuespena litzatekeelako, beharrezkoa ez den salbuespena. Hizkuntzek maileguak irenstera jotzen dute, sekula ez lehen kolpean (eta hitz honek eta beste batzuek lehen kolpea ere ia jotzeko dute oraindik), baina denbora joan ahala bai: edo irentsi edo iraitzi, ez dago beste biderik. Euskaraz irentsita daude, irenste mailak gorabehera, esate baterako: “marketin” (‘marketina’), “auditorium” (‘auditoriuma’) edo “curriculum” (‘curriculuma’) guztiz irentsita; baita “kanpin”/”camping” (‘kanpina’/’campinga’) zalantzatia ere. Espero dut ‘mainstreaming’, ‘trending’, ‘shooting’, ‘fitting’, ‘crowdfunding’ eta beste itsaso bete hitz snob ez ditugula besarkatuko gauza arrunt eta antzinakoak izendatzeko darabilzkigun hitzen ordez, baina, hala bada eta, beraz, bolada pasakorra ez bada, etxekotuta izango da, ez beste inola.
Aspaldian gainditu genuen gaur egun Euskerazaintza Euskeraren Erri Akademiak bakarrik mantentzen duen bereizgailu morfologikoa: haiek apostrofoz bestek marratxoz. Ezezaguna izateak ez du justifikatzen hitza non amaitzen den bereizi beharra, idatzita “Jonek esan du” bereizten ez dugun bezala (Nor izan da esan duena, Jon ala Jone?). Batasunaren bidean atzerapauso handia litzateke.
Hitz ezezagunari morfema eransteko modu ezezaguna gehituta, ez dakienak pentsatuko luke mainstreaming-a bezala mainstreaming-b edo mainstreaming-c ere zerbait direla.
Bromak aparte, nire iritziz ez dago premiarik ez justifikazio nahikorik salbuespen bat sortu eta atzizkia bereizita idazteko (*“-a”).
Jon
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20150330/85dc8273/attachment.html>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: marca_outlook_seguridad.jpg
Mota: image/jpeg
Tamaina: 66738 bytes
Azalpena: ez dago erabilgarri
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20150330/85dc8273/attachment.jpg>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago