[itzul] euskararen desafektua - 2
Bittor Hidalgo
bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
Al, Abe 12, 14:34:02, CET 2016
Bildu nahi nituzke aurreko mezuetan esanikoen artean azpimarratzeko iruditu zaizkidan hainbat puntu.
1. Testuingurua. Gilen Mejutok haizatu ("esaldia testuinguruan ikusteak lagun dezake [galdegaiaren edo esaldiaren informazio egituraren]NIRE AZALPENA kontua argitzen"), eta Asier Larrinagak ongi jaso bezala ("Galdegaia testuinguruak zehazten du -mintzagaia ere bai-"), testuinguruak argitzen du beti esaldiko osagaien balio informatiboa/predikatiboa (galdegai, mintzagai...). EZ posizioak (edo morfema jakin batek edo bestek...). Aurrerantzean beraz utzi diezaiogun behingoz aditzaren aurreko gunea galdegaiari lotzeari (edo beste zeinahi informazio baliori). Zenbat urte dituzu? galdera erantzunaren balio informatiboa (galdegaitasuna edo), mezu hartzaileak berdin jasoko du, erantzuna izan dadin a) 15 b) 15 ditut edo c) Ditut' 15. Nahiz gero eztabaidatu genezakeen erantzun hauen estilo eta prosodia ezaugarrien gainean.
2. Estiloak. Eta izan ere, Asier Larrinagak ("Testu-estilo batetik bestera, aldeak egon daitezke galdegaia agerrarazteko moduan."), LB-Luisber-ek -bide batez, nor zara?- ("Euskal tradizio idatziaren askatasun prosodiko-estilistikoa berreskuratu"), Jon Agirrek ("zerbait badaukagu […] malgutasuna da, esaldiaren antolaketan", tarte ezabatu horretan "lege gutxi batzuen barruan" eransten badu ere), edo Julian Maiak ("eskari bat erantsiko nuke: testu egokiak ugaltzeko eta zabaltzeko ateak irekiak egon daitezela ahal den adina […] tentazioa izan [barik]NIREA atea hesteko testu alternatiboen “ugaltzea eta zabaltzea”ri") dioten moduan, euskaraz (ere) askatasun handia daukagu / behar genuke eduki / gure sintagmak esaldi barruan desio edo momentuan hiztunari iruditu bezala ordenatuak, eta baita aditza bera ere, hasieran, tartean lehenago, tartean atzerago, edota guztiz amaieran emateko, aldez aurretik jakinik (ik. 1.) mezu hartzaileak esaldia bere testuinguruan jasota ez duela inongo arazorik izango esaldi honetako osagai bakoitzaren balio predikatibo/informatiboaz jabetzeko. Ordenamendu batek edo besteak, hitz aukeraketa batek edo besteak bezala, edo esaldien beste ezaugarri guztiek bezala, itxuratuko dute hiztunaren/idazlearen estiloa, norentzat gustagarriagoa eta norentzat traketsagoa edo egokiagoa izango dena. Estiloak daude. Ez esaldiko osagai(nagusi)en/(libre)en ordenamendu preskripzioak.
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago