[itzul] euskararen desafektua - 3

Bittor Hidalgo bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
Al, Abe 12, 14:34:31, CET 2016


3. Tradizioa, idatzia eta ahozkoa, ezagutu eta gure burua askatu. LB-Luisber-ek argi dioen legean -bide batez, nor zara?- ("Euskal tradizio idatziaren askatasun prosodiko-estilistikoa berreskuratu arte, galduak gara" edo geroago "behar ditugu […] berriro besarkatu klasikoen bideak"), edo Diez de Ultzurrunek galdetu eta gomendatu gisan ("Izan daitekea euskaldun eskoladunik gure prosa egilerik hoberenen testuak irakurri gabekorik? Irakur dezagun etengabe “Gero” […] “Bi Saindu eskualdunen bizia” […] Joan de Beriain eta Joaquin Lizarraga Elkanokoarenak." -Ultzurrunekoak gomendatu Mendiburu eta Kardaberazen testuen gainean nik egingo nuke zehaztapenik, baina...-), ez dakit euskaldun eskoladun guztiek, baina ez legoke txarto euskaraz idazten dugunok gutxienez, eta areago euskaraz idaztetik bizi direnek, tradizio hori nahikoa ezagutzea, eta horretan uste dut badugula zer egina. Euskarazko idazkera ez da 1975ean jaiotzen, eta hain gutxi 1900ean edo bereziki Hegoaldean...

4. Klasikoen irakurketa. Edonola, Asier Larrinagak nire ustez arrazoiz ohartu legez ("egungo euskaldun eskolatuei halako irakurgai agorrak emango bagenizkie --santuen bizitzak, irakaskizun moralak eta halakoak esan nahi dut--, ez lukete berriro ere euskarazko libururik hartuko"), zaila da gure testu klasikoak inori ere irentsaraztea dauden-daudenean grafia eguneratuta ere. Baina testu horietan guztietan beren eduki erlijioso, moralista, lekuz edo denboraz kanpokoen artean, beti dira literatura zibileko kontakizunak, pasarteak, perla bitxi eta ondo irakurgarriak direnak nornahirentzako gaur egunean ere. Eta nire ustez ere gure literatura klasikoa ezagutzea beste biderik ez dugunez gure gaurko hizkera euskal senez aberasteko, are batzeko -beste hizkuntzetatik hartu beharrekoak hartzeaz gainera noski-, ezin hobeto legoke testu zati 'zibil' interesgarri horien bilduma antologiak argitaratu eta zabaltzea (bi zutabetan akaso? batean jatorrizko testua bere horretan grafia eguneratua, eta parean testu bera gaur eguneko euskara batuan emana behar bezala glosatua testua ahal bezain irakurgarri eta ulergarria bihurtzeko?), bere garaian Alberdaniak 'Klasikoak' sailean J.B. Agirre, Tartas, Iztuetarekin-eta saiatutako bidetik, Josu Pikabeak Euskara Guztiok liburuan edota Patxi Salaberriak euskal testu klasikoen hitzaurreak edota Axularren pasarteekin abiatutako ildoan, Euskaltzaindiaren oraingo Euskal Literaturaren Antologia... Euskal Herrian hezkuntza ardura duen orok hausnartu beharko luke argitalpen modu hauen inguruan (seguru asko Euskaltzaindiarekin batera...).





ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago