[itzul] euskararen desafektua - 4

Bittor Hidalgo bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
Al, Abe 12, 14:35:36, CET 2016


Oso bat nentorke delako LB, Luisber-ek -nor zara?- Kardaberaz-Azkue-Altubek eraikitako tradizioz bestelako joskera modu -antiespainol eta hala baita ere antieuskaldun- ereduari egin kritika gogorrean, nahiz Juan Gartziari eta seguru asko gehienoi bezala guztiz lekuz kanpokoa iruditu Rubioren eta besteren proposamenak (eta praktikak) euskara hizkuntza 'prepositibo' bihurtzeko 'inteligentziaz eta zentzuz' eginik ere. Ez daukagu zertan. Nire ustez, eta klasikoek ondo asko erakusten digute. Badugu non ikasi ezer arraroegirik asmatzen hasi aurretik, eta 'sistema' prepositiboa bada ezgauza gurean, nik uste.

Nolanahi, LB, Luisber-ek ere esan bezala eta bere hitzak jasoaz -ordena aldatua badute ere- "etorkizunak begi gorriak izango ditu guretzat, konprenitu arte, estrategia unibertsal gisa, esaldiak tajutzean behar dugula saiatu beti mezuak antolatzen halako gisaz non esaldia ulergarria izango den irakurri ahala, eta ez irakurri ondoan".

Izan ere hori dugu arazo nagusi gaur eguneko testuetan, testu klasikoekin ez bezala. Eta hori gertatzen da (beti ere nire ustez, noski) Kardaberaz-Azkue-Altubek asmatutako arau guztiz artifizialak aplikatzen dizkiogulako esaldien ordenamenduari, nola partikula anaforiko klasikoen erabilerari egiten diogun ukoagatik (zeinismo salatua...).

Bi ezaugarri horiek eragiten dute artifizialki sekulako etenak eragitea euskal esaldietan berez zentzuz edo formaz elkarrekin lotuak dauden /eta behar luketen/ osagaien artean, esaldiak erraz ulertuko badira, irakurri ahala 'begiak gorritu' beharrik gabe.

Eta etenak ez eragiteko euskal esaldietan berez zentzuz edo formaz elkarrekin lotuak dauden /eta behar luketen/ osagaien artean, formula euskaraz ez dut uste hainbeste denik 'aditza aurreratzea', baizik eta batez ere aditza 'ez gehiegi atzeratzea' esaldian.

ESALDI LABURREAN, aditza ez da inoiz atzeregi gertatuko esaldian, amaieran emanda ere. Eta maiz hori izan liteke euskal aditzaren gunea baiezko ohiko esaldian, eta maizenik ordena hori eta gure inguruko hizkuntzetakoa desberdina izango da. Gure inguruko hizkuntzek Aditza + Osagarria eman lezakete, eta guk gure 'senari' jarraiki, Osagarria + Aditza: Es tarde / C'est tard / It's late --> Berandu da. Eta izan ere euskal aditzak badu joera bigarren osagai klitiko eta atono bezala erantsia joateko aurretik eta horregatik bakarrik ere tonikoa eta azpimarratua gertatzen den zeinahi osagarriri, gure inguruko beste hizkuntza horietan alderantziz gertatu ohi den moduan, zeinetan aditza aurretik eta modu atono eta proklitikoan eransten zaion ondoren emaniko zeinahi osagarriri, horregatik bakarrik ere tonikoa eta azpimarratua gertatuko dena.





ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago