[itzul] euskararen desafektua - eta 5

Bittor Hidalgo bittorhidalgo a bildua euskalnet.net
Al, Abe 12, 14:36:10, CET 2016


Esaldi luzean ordea, aditza -esaldiko beste osagai guztiak esanahi zentral bakar baten inguruan biltzen duen dituen osagaia- zenbat eta atzerago / beranduago eman esaldian, orduan eta nekezagoa da esaldia ulertzen eta aditzaren aurretik emaniko osagai guztien memoria gorde eta hauen arteko lotura harremana asmatzeko. Eta nola badakigun 'galdegaia eta' testuinguruak argituko duela, ez daukagu inongo beharrik / obligaziorik inongo osagai luze edo labur emateko aditzaren aurretik. Beraz, esaldi luzearen hasiera aldean emaniko edo eman genezakeen zeinahi osagai laburri bigarren osagai gisa erantsiz gero aditza modu klitiko atonoan, aukera ezin hobea daukagu ondoren emaniko osagaiak, luzeak izanik ere, aurretiko aditzak jada sortutako unibertso predikatiboaren barruan erraz kokatzeko eta esaldia irakurri ahala ulertzen joateko, osagai guztiak banan-banan gure memorian gorde beharrik gabe urrunean datorren aditz batek argitu ahal izan diezazkigun bitartean beren arteko lotura harremanak. Esaldia modu honetan antolatua, ez da bakarrik azpimarratua gertatuko aditzaren aurre justuan emaniko osagaia, baizik eta ondorengo guztiak ere (hau da esaldian aldi berean 'galdegai' bat baino gehiago eman ahal izango bagenitu bezala, eta ez da mauka). Adibidez ondoko esaldia(k):

a) Gaur etorriko dira zure lagun guztiak etxera lotara, bihar elkarrekin joan ahal gaitezen Donostiara Mari Tereren ezkontzara goizeko hamarrak baino lehenago.

Zein da galdegaia esaldi horretan? Edota zenbat galdegai daudeke? Irakurri ahala egiten da ulergarri esaldia? Bakoitzak esan beza. Niretzat edozein modutara ere esaldiaren komaren ondorengo bigarren atalak pisu berezia hartzen du bere luzera eta emaniko informazioagatik besterik ez bada ere. Edozein modutara ere ordea, niretzat nahiko garbi legoke esaldiko GAUR osagaia 'nahiko' gailendua gertatzen dela behin aditza honi modu klitikoan-edo erantsiz gero, baina nekez esango nuke hori denik esaldiko 'galdegaia' edo 'galdegai bakarra' behintzat. Eta zer gertatzen da galdera berak egiten baditugu ondoko ordenamenduetan:

b) Gaur zure lagun guztiak etorriko dira etxera lotara, bihar elkarrekin joan ahal gaitezen Donostiara Mari Tereren ezkontzara goizeko hamarrak baino lehenago.
c) Gaur zure lagun guztiak etxera etorriko dira lotara, bihar elkarrekin joan ahal gaitezen Donostiara Mari Tereren ezkontzara goizeko hamarrak baino lehenago.
d) Gaur zure lagun guztiak etxera etorriko dira lotara, bihar elkarrekin joan ahal gaitezen Donostiara Mari Tereren ezkontzara goizeko hamarrak baino lehenago.
e) Gaur zure lagun guztiak etxera lotara etorriko dira, bihar elkarrekin joan ahal gaitezen Donostiara Mari Tereren ezkontzara goizeko hamarrak baino lehenago.

Esaldi bakoitza, ahoskatzean edo irakurtzean zatitzen eta intonatzen dugun moduaren arabera, desberdintasunak izango ditugu, baina batetik, guztietan, esaldiaren komaren ondorengo bigarren atalak pisu berezia hartzen du bere luzera eta emaniko informazioagatik besterik ez bada ere, eta bestetik ez da jada GAUR osagaia inola ere gailendua gertatzen aditza ondorenetik kentzen diogun orduko, eta aldiz bai -nahiz, berriro diot, ahoskatzean edo irakurtzean esaldia zatitzen eta intonatzen dugun moduaren arabera izango den, 'hainbat' gailendua gertatzeko aukera handiak ditu esaldi bakoitzean aditza ondoretik modu klitikoan-edo eransten zioan osagaiak, dela ZURE LAGUN GUZTIAK / ETXERA edo LOTARA osagaia.

Formula hau uste dut asko hurbiltzen dela Juan Gartziak bere Joskera lantegi-n -eta deiturak deitura- jasotzen duen galdegai faltsuen erabileraren estrategiara, eta nire ustez ere ezin gehiago hurbiltzen zaiona gure ahozko zein idatzizko tradizio hoberenari. Eta hortik doa bidea. Nire ustez.





ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago