[itzul] euskararen desafektua

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
As, Abe 13, 19:16:00, CET 2016


Berriro esango dut "Joskera lantegi" esploratibo haren mami gehiena,
hitz-ordenari buruzkoa batez ere, hobeto bildurik datorrela, ustez,
"Esaldiaren antolaera: funtzio informatiboak gako" berriago eta
didaktizatu(xe)agoan.

Hor dator, besteak beste, zerrenda luze samar bat aditza atzeratu ohi ez
duten esaldi-konfigurazio ugariena (Zarateren adibideotakon modukoak
barne). Luzatu eta zabaldu liteke noski kontua konfigurazio horietariko
bakoitzarenak xehetuz, baina hori baino interesgarriagoa iruditzen zait,
praktikan, konturatzea nola konfigurazio-aukera zabal-zabaleko bat baino ez
den, idazle korrienteontzat, benetan auzitan dagoena: baieztapen perpaus
batzuena (osagarria duten gehienek aditzaren atzean eraman ohi dute
osagarri hori, eta aditzaren aurrekoa ez da izaten galdegaia). Mugatua da,
beraz, oso, zalantza- (edo bitasun-) eremua.

Bestalde, Asierrek ederto dioen moduan noiznahi "sudurraren puntan jarri
zaigulako" aldatzen badugu estandar idatziko oinarrizko kodea, irakurlearen
kaltean doa hori, testugile nagiarentzat eroso izanagatik. Bestalde,
"komunikagarritasun" esentzialaren arautzat jotzen badugu joskera guztia
beti buru-isats moldean adieraztea, tira, posible da hor, isikoki, kodea
haustea gorabehera, esaldiaren mailan (X + ADITZA > ADITZA + X), baina
(aurreko mezuan aipatzen nuen albo- edo kontra-kalteaz gainera) zer
trikimailu asmatu beharko dugu gero gaur egungo prosan nagusi den
nominalizazio-estiloan, non izen-sintagmak baitira formalki esaldiak bezain
luze izateko joera dutenak? Hots, nik mikrosintaxi esaten diodan mailan?
Inozo samarra da pentsatzea zenbait asmatzeak konpontzen duela kontua,
ALDERANTZIZKOA baita, zurrunki, izen-sintagmen osagaien hurrenkera erdaraz
eta euskaraz (izenondoen posizioari dagokionez izan ezik).

Berriro diot: euskarari zuku guztia ateratzea da kontua, eta ez guztiz
bestelako hizkuntza bat ingeniaritzea. Ni neu,fidago naiz euskaraz haren
ingeniari bisionarioez baino. Eta, berriro diot hori ere, halaz guztiz,
Maori katuen koloreez gertatzen zitzaion bezala, ez zait hainbestean axola
zein den atzean dagoen teoria, baldin eta testua praktikan ganoraz landua
bada euskal irakurle --erregistroak erregistro-- korrienteentzat.

Hasita nagoenez, beste bi xehetasuntxo, neureak argitze aldera:

Inoiz "galdegai faltsu" izendapena erabili badut, uste dut garbi geratzen
zela testuinguruan  zein zen horren adiera. Esate baterako, "HAN joan zen
(zegoen, zebilen...) zelai izoztuaren gainean salto eta brinkoka" esaldian
(erregistro narratibo-deskriptiboa), "han" hitzak ez da hartzen ohiko NON
zentzuan: aditzak adierazten duen gertakaria aktualizatu-edo baino ez du
egiten. Jakina, horrek, bidenabar, aukera ematen du aditzaren aurrean
joateko luze-astuntxo litzatekeen osagaia eskuinean emateko (galdegaiak
apenas ematen duenez informaziorik, eskuineko hori informazio nagusia
(rema); horra, bada, aipaturiko konfigurazioetariko beste bat, [GALDEGAIA +
ADITZA] arruntari ez dagokiona.

Konfigurazio horretan, KOMARIK GABE doa noski osagai hori aditzaren
segidan; izan ere, komaz emanez gero, zentzu osoa luke komaren aurrekoak,
eta ohiko zentzua eta (galdegai-) funtzio arrunt(ago)a luke eskuarki  "han"
hitzak, eta (ikus "Esaldiaren antolaera...") komaren ostekoa, bai jauna,
ohi duenez ("gehikuntza" deitzen diot nik horri), BESTE, BIGARREN,
GEHITURIKO GALDEGAI bat litzateke, zentzuz eta intonazioz nabarmen:

 "HAN zebilen, SALTO ETA BRINKOKA (ibili ere)".

Edota, nabarmenago:


 "HAN zebilen, ZELAI IZOZTUAN ["han"en aposizioa, hura argitzekoa), SALTO
ETA BRINKOKA (ibili ere)".

Eskerrik asko, nolanahi ere, nire idatziok eta iritziok aintzat
hartzeagatik, eta barka horrez gainerako maiseatze luzea.

LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER<larrinaga_asier a bildua eitb.eus> igorleak hau idatzi
zuen (2016(e)ko abenduak 13 01:42):

> Bittor, esango nuke uste dudala ideietan bat gatozela, baina uste bat
> baino ez da, ematen dituzun adibideetan oinarritua. Ideien esplizitazioan,
> garbi dago, ez gatoz bat, batez ere argudio modura esaldien luzera
> erabiltzen duzunean beste barik.
>
> Galdegaiaren auzi honetan, gakoa testu-estiloa delakoan nago. Testu-genero
> batetik bestera, eta hizkuntza-aldaera batetik bestera, galdegaia
> markatzeko modua ('agerrarazi' esan nuen aurreko mezu batean) ezberdina
> izan daiteke. Bestela esanda, galdegaia markatzeko modua da generoak eta
> aldaerak ezberdintzeko hizkuntza-ezaugarrietako bat.
>
> Esate baterako, kontakizunetan, akzioa (pelikulekin loturik ulertzen dugun
> adierako akzioa) markatzeko modu bat da aditza (akzioa) esaldiaren buruan
> jartzea --bai, behintzat, bere osagarriaren aurretik--. Honela darabiltza
> 'heldu' eta 'joan' Mikel Zaratek "Txorikumatxoa, beia ta katua" ipuinean
> ("Ipuin antzeko alegi mingotsak"):
>
> «Eldu da beia txorikumearengana, ta mosu bero gozo bat emoten deutso oni.
> Gero, gaińetik igaro ta pekorotz opil bat jaurtitzen deutso. Ez dau jan
> txorikumea, ez dau zapaldu..., eta epeletan dago au orain pekorotz artean,
> bere burutxoa kanpoan daualarik. Bizkortu egin da, eta poztu, "arerio
> ikaragarria" adiskide maitagarri biurtu jakola ikusirik.
>
> Joan da beia. Baińa katu bat agertu da berealaxe pekorotz pilotaren
> ondoan. Irribarrez...».
>
> Pasarte horretan, aditz-galdegaia markatzeko beste modu bat ikus daiteke,
> 'egin'-en bidezkoa: «bizkortu egin da». Kasu horretan, ez dago pelikuletako
> akziorik.
>
> Esan dugunaz gainera, testuinguru semantiko-sintaktikoak ere eragina izan
> dezake galdegaia markatzeko moduan. Esaterako, osagarri kalifikatiboa aditz
> kopulatiboaren aurretik jartzen dugu: «Alkatea gaztea da». Baina perpaus
> ekuatiboetan --definizo erakoetan (A = B)--, aditz kopulatiboa jartzen dugu
> osagarriaren aurretik: «Alkatea da herria gobernatzen duena».
>
> Esango nuke Garziaren "Joskera lantegi" esplorazio sistematiko bat dela
> prosan testuinguru semantiko-sintaktikoak galdegaiaren posizioan duen
> eraginaz. Esango nuke --inori erantzuteko edo aurka egiteko asmorik barik--
> hizkuntzalari asko behar ditugula horrelako esplorazioak, azterketak eta
> ikerketak egiteko, gauzak sistematizatzeko, eta
> hiztun/hizkuntza-erabiltzaile arruntontzat ereduak eta jarraibideak
> prestatzeko.
>
> Ereduak eta jarraibideak eskaini ezean, «ekitaldia izango da abenduaren
> 3an» erako gauzak idatziko ditugu. Abiaburua SOV ordena bada (eta egunokaz
> izan den iritzi-truke honetan hori ez du inork ukatu), zelan irits gaitezke
> perpaus bat SVO eran ematera? Sudurraren puntan jarri zaigulako? Gogoak
> eman digulako? Horrek euskararen desafektua dakar, nik ez dut zalantzarik.
>
>
> Asier Larrinaga Larrazabal
>
> <http://www.eitb.eus/link-banner-email-ezkerra/>
> <http://www.eitb.eus/link-banner-email-eskuma/>
>
>
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20161213/0fb0185a/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago