[itzul] Nola ikusi Interneten dauden mapak euskaraz
Alberdi Agirre, Mirari
m-alberdi a bildua euskadi.eus
Or, Eka 24, 08:14:30, CEST 2016
Egun on.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik urteak daramatzagu Google-kin harremanetan kontu honi irtenbidea emateko asmoarekin baina gure ahaleginek ez dute nahi genuen emaitza izan. Garai batzuetan izan ditugu solaskideak Google-n, bai Espainian eta baita Suitzan ere. Google Maps-en EAEko toponimian zuzenketak egiteko premia azaldu izan diegunean eta gure laguntza eskaini, harrera ona egin izan digute. Hainbat mezu trukatu ditugu haiei gure egoera ulertu arazteko, toponimoen erabilerari buruzko irizpideak azaltzeko eta haien zalantzak argitzeko: izen ofizialak, izen bikoitzak, osagai generikoarekin eta osagai generikorik gabe... Astiro-astiro joan gara dena azaltzen, adibideekin, eta harreman ona izan dugu haiekin. Baina zuzenketak gauzatzeko era zehazteko unea iritsi denean (zein formatutan bidali gure proposamenak, nori zuzendu, etab.) solaskidea "desagertu" egin da. Gure mezuei erantzuteari utzi egin dio eta berriz ere hutsetik hasi behar izan dugu.
Hori behin eta berriz gertatu zaigunez eta solaskide berria aurkitzeko beti zailtasun handiak izan ditugunez, tartean, etsita, zuzenketak banan-banan bidaltzen jardun dugu, Google Maps-ek berak eskaini izan duen aukera baten bitartez (gaztelaniaz "Informar de un error" izena zuen aukera honek; ez naiz gogoratzen euskaraz zehatz-mehatz nola jartzen zuen; gaur egun ez dut aukera hori ikusten Google Maps-en sartzen naizenean): herrien eta auzoen izen ofizialak aldatzeko informazioa bidali izan diegu (aldizkari ofizialetan argitaratutako iragarkien erreferentzia eta guzti), eta baita ibai eta erreken izenak, kaleenak, errepide eta bideenak zuzentzeko informazioa ere, kasu batzuetan, beharrezkoa iruditu zaigunean, egiten genuen proposamena zein irizpideri jarraituz arautu dugun azalduz.
Lan honek izan du bere emaitza: hainbat leku-izen zuzendu dituzte baina ez bidali dizkiegun guztiak, ezta gutxiagorik ere. Ez dakigu zein den arrazoia zuzenketa batzuk gauzatzeko eta besteak ez. Gainera, egin dituzten zuzenketak nabigatzailearen lehentasunezko hizkuntza euskara edo espainiera ez den beste hizkuntza bat denean ikusten dira, baina ez nabigatzailearen lehentasunezko hizkuntza espainiera denean. Horrek esan nahi du nabigatzailea gaztelaniaz duten erabiltzaile guztiek Abechuco, Mendivil, Barambio, Oquendo, Vitoriano, Murguía... (Araban), Motrico, Zumaya, Vergara, Arechavaleta, Azcoitia, Cestona... (Gipuzkoan), Arrancudiaga, Santurce, Lauquíniz, Plencia, Lejona, Baracaldo... (Bizkaian) bezalako izenak ikusten dituztela Google Maps erabiltzen dutenean. Hala ere, hauekin batera, badira izen zuzenak ere: Ondategi, Goiain, Gazeta, Ezkerekotxa, Jauregi, Marieta-Larrintzar... (Araban), Garagartza, Angiozar, Loiola, Urretxu, Meaga, Amezketa... (Gipuzkoan), Autzagana, Eskerika, Getxo, Loiu, Meñaka, Isuskitza... (Bizkaian).
Google Maps-en ez dute irizpide argirik toponimiaren erabilerarako. Baina argi dagoena da, nabigatzailearen lehentasunezko hizkuntza espainiera denean, kasu askotan erabat zaharkituta dauden izenak, gaur egungo izen ofizialekin bat ez datozenak, erabiltzen direla.
Orain dela hilabete eskas jarri gara harremanetan azkeneko aldiz Espainiako Google-ko kontaktu batekin. Gaia azaldu diogu eta berak Google-n kontsultaren bat egin ondoren, hauxe da, hitzez hitz, jaso dugun erantzuna: "respecto a Google Maps, no hay un equipo dedicado para hablar del tema que me comentaste. Lo mejor es contactar a través de estas instrucciones: https://support.google.com/maps/answer/3094088"
Beraz, oraingoan ere ez dugu harreman zuzenik izango Google-ko inorekin egin behar diren zuzenketez hitz egiteko, proposatzen ditugun aldaketak arrazoitzeko, izen bikoitzen erabilerari buruzko irizpideak finkatzeko...
Behin Acadèmia Valenciana de la Llengua-ko lagun batekin hitz egin nuen gai honetaz. Berak esan zidan Valentziako autonomia erkidegoaren kasuan hedabideetan salatu zela Google Maps-ek egiten zuen toponimiaren erabilera. Biharamunean bertan, telefonoz deika ari omen ziren Google-tik arazoari irtenbidea emateko modua aztertzeko bilera eskatuz.
Hemen oraindik ez dugu horrelakorik egin eta ez dut uste aurrerantzean ere administrazioetatik egingo denik.
Leku-izenak banan-banan zuzentzeak eskatzen duen ahalegina izugarria da. Eta ahalegina eginda ere, inork ez digu ziurtatzen epe jakin batean zuzenketak gauzatuko direnik.
Mirari Alberdi Agirre
Hizkuntza Plangintzako teknikaria
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
Eusko Jaurlaritza
From: Unamuno Plazaola Mario [mailto:m.unamuno a bildua pamplona.es]
Sent: asteazkena, 2016.eko ekainak 22 09:07
To: 'ItzuL'
Subject: Re: [itzul] Nola ikusi Interneten dauden mapak euskaraz
Eskerrik asko Kaiet, Ales...
Hala ere, ez dugu ezer lortu. Google maps euskaraz konfiguratuta nuen aurretik ere, baina kale eta abarren izenak gaztelaniaz jarraitzen dute.
Alesek dion bezala, desastre huts agertzen dira errotulu horiek. Orain ezin, baina datorren astean saiatuko gara zuk diozun "eskulangintzan" aritzen.
Eskerrik asko, eta ondo izan. Aupa San Joan gaua!!!!
Mario Unamuno
[https://posta.elkarlan.euskadi.eus/disclaimer/marca_outlook_educacion.jpg]<http://www.euskadi.net>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20160624/00f50bc7/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago