[itzul] "Trabajo reproductivo" eta "visibilizar"

Eider Zubiaur eiderzubiaur a bildua gmail.com
Ast, Urr 6, 14:14:32, CEST 2016


Eguerdi on,

"Producción-reproducción" binomio hori gizarte zientzietan 
Estrukturalistek gora eta behera darabilte Marxen Kapitala lanaren 
berrirakurketan. Ekonomia-sistema eta politikaren arteko loturaren 
iraupenerako gako gisa aztertzen baitute kontzeptu bien 
interdependentzia. Egia da, bai, nagusi-langile sistemaren 
iraunkortasunaren zentzua ere ematen diotela "erreprodukzio" hitzari, 
baina, era berean, lan-indarraren bermatzailea izanik, ugalketa 
fisiologikoaren ideia ere bertan datza.

Objektu eta subjektuaren arteko bereziketa nagusituko nuke bien artean, 
industria errendimenduaren formulan ezinbesteko elementu bezala 
finkatzen dituzten heinean. Beraz, esango nuke langileriaren genero 
egitekoak ere banatzen dituela. Eta, Kapitalaren sasoi hartan, moral 
victoriarraren ondorengo industrializazioarekin batera ezarri zenez 
emakume sakrifikatuaren ("abnegada", gazteleraz) rola familia egitura 
zuzen eta ganorazkoaren bermatzaile bezala, egungo genero eztabaidek 
gizarte marko bera darabilten zentzuan, ez dut uste orduko 
hausnarketetatik asko aldentzen denik eremu dialektikoan.

Hortaz, nik nahiko ondo ikusten ditut "ekoizpen-lana" eta 
"ugalketa-lana" familiako rol banaketari dagokionez, patriarkatuaren 
premisen arabera.

Ez dakit argitasun nahikoarekin azaldu dudan, baina "erreprodukzio" 
hitzari ez diot hartzen horrenbeste menpekotasunaren irudia. Gehiago 
narama makinen errepikapenerako gaitasunera eta, iruditzen zait, zentzu 
horretan, galdu egiten dela sakoneko esanahiaren ñabardura afektiboa 
(baldin eta islatu behar bada). Edonola ere, gai konplexua da teoria 
dialektikoetan sartu ezkero. Mota honetako erabakietan irizpidea 
ezartzea da zailena.

Beste barik, neure gogoeten inguruko iruzkin azkarra baino ez da, baina 
balio badizu, hainbat literatura dago kontzeptu horien inguruan 
filosofia, soziologia eta antropologia ikerketetan.

Ondo izan,

                 eider

//

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20161006/1ae283dd/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago