[itzul] "Zonalde"
Rey Escalera, Fernando (Euskarabidea)
fernando.rey.escalera a bildua cfnavarra.es
Or, Aza 3, 14:19:50, CET 2017
Ba, begira, ez naiz hizkuntzalaria, eta ez naiz bere buruaz oso seguru egoten diren horietakoa, baina nire iritzia esanen dizut.
Niri ez zait gustatzen “zonalde” hitza (gustua ez da indar handiko irizpidea, badakit), baina oso-oso gutxitan egiten diot insumisioa hiztegiari, eta, gainera, hiztegietan ez badago, ez dut bultzatuko ongi jakinda, gainera, gaizki sortua dela, pleanasmo bat dela, garbizalekeria puntu bat duena.
Egia da beste hitz erredundante asko existitzen direla, eta, bizirik badaude, bizi daitezela, baina batzuk existitzea ez zait behar adinako arrazoia iruditzen denei atea irekitzeko.
“Denak ala inor ez” irizpideak ez nau asebetetzen.
Adibide bat jarriko dizut: “anbulategi” hitza zabaldu zen, gaizki sortua, anbulatorioa esateko konplexuagatik. Zorionez, azkenean, anbulatorio mailegua onartu dugu, anbula ez delako deus ere. Laborategi hitza ere, nik dakidala, gaizki sortua dago, gaitz berak joa, eta egia esanda nik nahiago izanen nuen laboratorioa, baina erabakia hartu behar dutenei iruditu baldin bazaie oso “errotua” zegoela hitza eta onartu beharra zegoela, ba, aurrera. Kontradikzioz betea dago bizitza.
Gaizki sortua dago, nik uste, ministeritza.
-tza atzizkia pertsona-izenari eransten zaio: gidari-tza, nekazari-tza, abeltzain-tza…
Nor da “ministeri”? Inor ez.
Nire ustez, konplexuagatik sortu da ministeritza, ukitu baskoa eman nahian hitzari, erdal kutsua duelako.
Bi bide ditugu hitzak sortzeko:
a) Hizkuntzaren barreneko legeei jarraikiz hitza sortu, hitz-elkarketaren legeei kasu honetan.
b) Edo mailegua onartu, bere horretan.
Kasu honetan bi bideak izan litezke zilegi. Ministrotza edo Ministerioa. Ministerioa da darabilguna. Ba, oso ongi. Bestea, ministeritza, hibrido txar bat dela iruditzen zait. Eta ez naiz igarlea, baina lepoa eginen nuke gaztelaniaren eraginagatik sortu dela, ez ingelesaren “ministry” horregatik.
Halako kasu gehiago ditugu.
a) Asesoritza*. Aholkularitza edo asesoria behar genuke.
b) Alemandar* eta katalandar*. Edo alemaniar, euskararen legeei jarraikiz, edo aleman maileguaz baliatu. Edo kataluniar, edo katalana.
c) Notaritza* eta tutoritza*. Edo notariotza, edo notaria.
Ez dakit, luze jo genezake.
Ongi pasa asteburua.
Fernando Rey
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20171103/ab2e6045/attachment-0001.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago