[itzul] "Zonalde"
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Or, Aza 3, 15:22:50, CET 2017
Fernando, nik ez dut esan hiztegiari "intsumisioa" egin behar zaionik
(!!!); ez dakit zergatik ateratzen duzun "intsumisio" hitzaren aipamena.
Nik, hori bai, kritika bat egiten dut (hori bezainbeste zilegi izango dugu,
ezta?), argudio batzuk emanda.
Oinarrizkoa iruditzen zait kontuan hartzea hemen ez garela ari inori burura
etorri zaion okurrentzia linguistiko baten onargarritasunaz. Hemen ari gara
milaka eta milaka euskaldunek beren egunerokotasunerako onartu duten hitz
bati buruz (argudio faktikoa, nolabait esatearren). Ni ausartuko nintzateke
esatera, lehen adierazi bezala, gaur egun euskaraz gehiago erabiltzen dela
"zonalde", "zona" bera baino.
Eta hitz horri ateak ixten zaizkio, tankera berberekoak diren beste batzuei
atea ireki ondoren. Hor tratu-diferentzia bat dago, eta nire ustez ez duzue
esplikazio asegarririk eman tratu-diferentzia hori azaltzeko: "Epealdi" bai
eta "zonalde" ez? Horren zergatiaren berri ez dizuet irakurri. Esaten duzu
"gaizki" sortua dela, baina ez dizut irakurri zergatik. Nik adibide batzuk
jarri ditut, eta guztiak onartuta daude. Nire ustez, "zonalde" beste horiek
bezain ona da ("zuzentasunaren" argudioa).
"Zertarako sortu ministrotza baldin eta lehendik ministerio badugu?",
galdetzen du Alfontsok. Tira, gaztelaniazko "ministerio" hori badugu...
baldin eta onartuko dugula erabaki badugu, bestela ez. Pixka bat harritzen
nau, egia esateko, euskararako mailegu hartzea gaztelaniazko bukaeradun den
"ministerio" hori. Uste nuen mailegu-kontuetan aintzat hartzen zela
euskaldun guztiak ez direla gaztelaniadunak.
Nire ikusmoldea da ezen, erabileraren irizpidea bigarren mailakotzat jotzen
bada zuzentasunaren irizpidearen aldean, halako moduz non xedetzat hartzen
baita euskaldun-kopuru bati hitz baten ordez beste bat erabilaraztea,
hiztegiak oso-oso koherentea eta zorrotza behar duela izan
zuzentasun-irizpide hori bere barrenean dituen hitz guztiei aplikatzen.
"Heziketa"ren ordez ez al luke "hezketa" behar? Ala erabilera aintzat hartu
da?
Asteburu on zuei ere.
Xabier Aristegieta
Rey Escalera, Fernando (Euskarabidea)<fernando.rey.escalera a bildua cfnavarra.es>
igorleak hau idatzi zuen (2017(e)ko azaroa 3 14:19):
> Ba, begira, ez naiz hizkuntzalaria, eta ez naiz bere buruaz oso seguru
> egoten diren horietakoa, baina nire iritzia esanen dizut.
>
> Niri ez zait gustatzen “zonalde” hitza (gustua ez da indar handiko
> irizpidea, badakit), baina oso-oso gutxitan egiten diot insumisioa
> hiztegiari, eta, gainera, hiztegietan ez badago, ez dut bultzatuko ongi
> jakinda, gainera, gaizki sortua dela, pleanasmo bat dela, garbizalekeria
> puntu bat duena.
>
> Egia da beste hitz erredundante asko existitzen direla, eta, bizirik
> badaude, bizi daitezela, baina batzuk existitzea ez zait behar adinako
> arrazoia iruditzen denei atea irekitzeko.
>
>
>
> “Denak ala inor ez” irizpideak ez nau asebetetzen.
>
> Adibide bat jarriko dizut: “anbulategi” hitza zabaldu zen, gaizki sortua,
> anbulatorioa esateko konplexuagatik. Zorionez, azkenean, anbulatorio
> mailegua onartu dugu, anbula ez delako deus ere. Laborategi hitza ere, nik
> dakidala, gaizki sortua dago, gaitz berak joa, eta egia esanda nik nahiago
> izanen nuen laboratorioa, baina erabakia hartu behar dutenei iruditu baldin
> bazaie oso “errotua” zegoela hitza eta onartu beharra zegoela, ba,
> aurrera. Kontradikzioz betea dago bizitza.
>
>
>
> Gaizki sortua dago, nik uste, ministeritza.
>
> -tza atzizkia pertsona-izenari eransten zaio: gidari-tza, nekazari-tza,
> abeltzain-tza…
>
> Nor da “ministeri”? Inor ez.
>
> Nire ustez, konplexuagatik sortu da ministeritza, ukitu baskoa eman nahian
> hitzari, erdal kutsua duelako.
>
> Bi bide ditugu hitzak sortzeko:
>
> a) Hizkuntzaren barreneko legeei jarraikiz hitza sortu,
> hitz-elkarketaren legeei kasu honetan.
>
> b) Edo mailegua onartu, bere horretan.
>
>
>
> Kasu honetan bi bideak izan litezke zilegi. Ministrotza edo Ministerioa.
> Ministerioa da darabilguna. Ba, oso ongi. Bestea, ministeritza, hibrido
> txar bat dela iruditzen zait. Eta ez naiz igarlea, baina lepoa eginen nuke
> gaztelaniaren eraginagatik sortu dela, ez ingelesaren “ministry” horregatik.
>
>
>
> Halako kasu gehiago ditugu.
>
> a) Asesoritza*. Aholkularitza edo asesoria behar genuke.
>
> b) Alemandar* eta katalandar*. Edo alemaniar, euskararen legeei
> jarraikiz, edo aleman maileguaz baliatu. Edo kataluniar, edo katalana.
>
> c) Notaritza* eta tutoritza*. Edo notariotza, edo notaria.
>
>
>
> Ez dakit, luze jo genezake.
>
>
>
> Ongi pasa asteburua.
>
>
>
> Fernando Rey
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20171103/e6d8b133/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago