[itzul] Aurreikusi=aurrez ikusi
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Ost, Ira 20, 11:10:58, CEST 2017
Horixe da "aurreikusi"ren esanahia, bai Euskaltzaindiaren Hiztegiaren
arabera eta bai hitz horren eraikieraren arabera.
Baina hizketa politikoan eta, beraz, kazetaritzakoan, askotan ikusi ohi
dira honelako kalko nire ustez okerrak:
- Gobernuak X diru-laguntza ematea *aurreikusten *al du?
- Europar Batasuneko araudian ez da horrelako *aurreikuspenik *jasotzen.
Lehenbizikoa, gaztelaniazko "prevé/tiene previsto el Gobierno conceder la
subvención X...?ren itzulpen gisa, eta bigarrena, "en la normativa
comunitaria no se contienen ese tipo de previsiones"rena gisa.
Euskaltzaindiaren Hiztegiak azaltzen duenez, aurreikuspen bat da "aurrez
ikustea; etorkizunean gertatuko denaz izaten den iritzia, esperientzian
oinarritua". Alegia, zuk aurreikusten duzu zure kontrolpean ez dagoen
zerbaiten gertatzea. Zerbait hori gertatu edo egitea zure kontrolpean
baldin badago, hor ez dago aurreikuspenik, asmoa baizik.
Horregatik, lehenbiziko adibidean "Gobernuak X diru-laguntza emateko
ASMORIK al du?" esan beharko litzateke, nire ustez.
Eta, bigarren kasuan, arau batek ezartzen duena ez da "aurreikuspen" bat,
ez da etorkizunari buruzko hipotesi bat, baizik eta agindu bat, edo xedapen
bat. Hortaz, "Europar Batasuneko araudian ez da horrelako
agindurik/xedapenik jasotzen" beharko luke.
Inor desados baldin badago nik adierazitakoarekin, gustura irakurriko ditut
argudioak.
Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20170920/24840146/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago