[itzul] Inherente
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Ost, Mar 7, 19:11:23, CET 2018
Zuzentzen ari naizen itzulpen batean, "autoridad inherente a los poderes
públicos" honela euskaratuta agertzen da: "botere publikoei datxekien
agintaritza".
Itzulpen horrek harridura sortu dit, nire ustez ez baitu inola ere
"inherente" ideia adierazten, baizik eta, ezer izatekotan, "inherente"ren
kontrakoa edo kontrakotsua den ideia bat ("autoridad con que *se inviste *a
los poderes públicos", edo antzeko zerbait). Ezen, definizio hutsez, dena
delako zerbaiti "atxikitzen" zaion edozer, "zerbait" horretaz bestelakoa
da, eta ez "inherentea".
Alabaina, ikusi dut Elhuyar hiztegiak euskaratze-proposamen horixe egiten
duela:
*adj.* -i atxiki; -i datxekion, *atxiki*
<https://hiztegiak.elhuyar.eus/es_eu/inherente#>
*la contaminación es un problema inherente a la industria*: kutsadura
industriari datxekion arazoa da
Ibon Sarasolaren Zehazki hiztegiak ere jasotzen du, bai,
euskaratze-proposamen hori ("eritasunari datxekion sukarra" adibidea
jasotzen du), baina esanahiari nire ustez askoz hobeto heltzen dion
"berezkoa zaion/duen" ere jasotzen du. Kurioski, "datxekion" forma hori,
antza, kontzeptualki zuzen baina estilistikoki goi-mailakoa litzatekeen
forma gisa jasotzen du.
Euskaltermek adibide bana eskaintzen du: "rasgo inherente = berezko tasun",
"reflexivo inherente = bihurkari atxiki".
Gorago esan dut, eta berriro esango dut: nire iritziz, "datxekion" horrek
ez du balio "inherente" adierazteko, "atxikitze"aren ekintza hutsak bi
elementu ezberdinez ari garela adierazten baitu, eta ez batek "berezkoa"
duen zerbaitez.
Eta, nire ustez, itzulpen-aukera horrek euskarazko ulermenari egiten dion
kaltea are larriagoa da kontuan hartzen denean "atxiki"ri eman ohi zaion
"adjuntar", "añadir" esanahia; hots, halako kasuak non ageri-agerikoa den
elementu guztiz bereizi eta beregainen elkarlotzea dela hizpide.
Seguruenik, arazo honetan zerikusia du "inherente"ri buruz DRAEk ematen
duen azalpenak...
inherente
Del lat. *inhaerens, -entis,* part. act. de *inhaerēre* 'estar unido'.
1. adj. Que por su naturaleza está de tal manera unido a algo, que no se
puede separar de ello. Derechos inherentes a su cargo.
2. adj. Gram. Perteneciente a una unidad gramatical con independencia de las
relaciones que esta pueda establecer en la oración. El género femenino es
inherente en el nombre pared.
...halako moldez non "estar unido" hori "haber sido unido" gisa ulertu
bide den. Eta hortik, ustez, "datxekion" horrek atxikitze-egintzari berari
ematen dion protagonismoa.
Askoz ere egokiagoa iruditzen zait María Moliner-ek ematen duen definizioa:
"(...) Se dice, con respecto a una cosa, de otra que *está en ella o va
junto con ella como propia e inseparable*..." [neuk nabarmendua]
Guzti horrengatik, "inherente = berezko / inherente" euskaratzearen alde
nago ni.
Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20180307/fd86911b/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago