[itzul] "BIDEZKO"

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Al, Urr 14, 18:41:57, CEST 2019


Gaztelaniazko "procedente" edo "procede hacer"en tankerakoak euskaraz
emateko, euskaraz gehienetan "bidezko"dun espresio bat erabiltzen dugu.
Adibidez, "despido procedente" esateko, EUSKALTERMek "bidezko
kaleratze/iraizpen" proposatzen du. Edo "procede publicar la convocatoria"
esateko, ohikoa da "bidezkoa da deialdia argitaratzea" esanez itzultzea.

Gogoeta bat egin nahiko nuke horretaz.

Kontsiderazio honetan oinarritzen naiz: gauza bera al dira norbaitek
zerbait egitea ZILEGI duelako, eta norbait horrek zerbait hori egitea
horretara DERRIGORTUTA dagoelako? Ezezkoan egongo garelakoan nago.

Bada, problema horixe sortzen zaigu "bidezkoa" eta bidezkoa da"
espresioekin. Baina baita gaztelaniazko "procedente" eta "proceder"ekin ere.

Funtsean, honela laburtuko nuke: gaztelaniazko "procedente" adjektiboak
adierazten ditu zilegi diren gauzak. Halatan, "despido procedente" bat ez
da nahitaez egin beharreko iraizpen bat; baina, kaleratze hori erabakiz
gero, zilegia da.

Baina gaztelaniazko "procede hacer" espresioak ez du
zilegitasun/baimen/aukera huts bat ematen, baizik eta hori baino gehiago
egiten du: DERRIGORTU egiten du. Halatan, "escuchadas las partes, procede
dictar la correspondiente resolución" esaldian, ebazpena ematea ez da
aukerako zerbait soilik, ("nahi baduzu, ebazpena ematen duzu, eta nahi ez
baduzu, ez duzu ematen"en tankerakoa). Ez. Kasuko organoa *derrigortuta *dago
ebazpena ematera.

*Procede hacer/publicar/convocar/escuchar *(jar ezazue nahi duzuen
infinitiboa) espresioan,  kasuko ekintza derrigorturikoa da, dena
delakoaren bitartez (kasuko prozedura antolatzen duen araua, adibidez; edo,
"Ya ha empezado la función y procede guardar silencio" esaldian, zeina
DRAEn jasota agertzen baita, gizalegearen ondorioz).

Egia da afera sinplifikatzen ari naizela. Ezen DRAEk "proceder" aditzari
ematen dion 8. adieran, hauxe jasotzen du:

8. intr. Hacer <https://dle.rae.es/srv/search/fetch?id=> algo
<https://dle.rae.es/srv/search/search?w=algo> conforme
<https://dle.rae.es/srv/search/search?w=conforme> a
<https://dle.rae.es/srv/search/fetch?id=> razón
<https://dle.rae.es/srv/search/search?w=razón>, derecho
<https://dle.rae.es/srv/search/search?w=derecho>, mandato
<https://dle.rae.es/srv/search/search?w=mandato>, práctica
<https://dle.rae.es/srv/search/search?w=práctica> o
<https://dle.rae.es/srv/search/search?w=o> conveniencia
<https://dle.rae.es/srv/search/search?w=conveniencia>.

Alegia: ametitu egiten ditu aipatzen ari naizen bi esanahiak, zilegitasuna
eta derrigorrezkotasuna (horretantxe gauzatzen baitira "conforme a...
derecho, mandato" horiek, hurrenez hurren). Hala eta guztiz ere, egungo
hizkeraz gogoeta eginez gero, uste dut onargarria dela ondorioztatzea
derrigorrezkotasuna gailentzen dela, alde handiz gailendu ere, *proceder +
inf.* egituraren erabileran.

Euskarazko "bidezko"ri heltzen badiogu, eta gaur egun duen erabilera
gogoan, esango nuke esanahi nagusia zilegitasuna ematearen ildotik doala.
Hots, zerbait bidezkoa dela esaten dugunean, ez dugula esan nahi zerbait
hori derrigorrezkoa denik, nahitaez egin beharrekoa denik, baizik eta
zerbait hori egiten duenak *zilegi *duela hori egitea. Nahiz eta, euskaraz
ere, gauzak ez diren zeharo horrela. Halatan, Euskaltzaindiaren Hiztegian
"bidezko" begiratuta, honekin topo egiten dugu:

bidezko2

*1* adj. Zuzentasunaren araberakoa. *Bidezko eskakizunak. Bidezko ala
bidegabeko gauza den jakiteko. Ez da bidezko indartsuak xumea oinperatzea.
Egoki eta bidezko da. Kultura gaietan hartzaile garenez gero, bidezko da
hiztegian ere hartzaile eta zordun agertzea. Asmo zuzen bidezkoak. Omenaldi
bidezko eta are beharrezkoa. Bidezkoa, edo behinik behin egokia. Nik
bidezkotzat joko nuke erdaratiko hitzetan v gordetzea. Guztien iritzia
jasotzea litzateke bidezkoen. Bidezko al da Zesarri zerga ematea?*

Goiko adibide horietatik, ohar bedi hauetaz: *Omenaldi bidezko eta are
beharrezkoa *(antza, derrigorrezkotasunaren ikuspegitik esatariari eskas
iruditu zaio "bidezko", eta horregatik gehitu du "eta are beharrezkoa").
Honako adibidean, ordea, (aurrekoaren jarrai-jarraian doana, gainera),
badirudi ikuspegia alderantzizkoa dela:  *Bidezkoa, edo behinik behin
egokia *(dirudienez, esatariari hertsatzaileegia iruditu zaio "bidezko",
eta horregatik eransten du berehala "edo behinik behin egokia").

Erabileraren gaineko ikuspegi orokor bati eutsirik, baina, nik uste dut
(agian nire inpresioa besterik ez da, noski) euskaraz "bidezko" diogunean
"zilegi" nahi dugula esan.

Eta, ildo beretik –gogoetari ekinez gero badauka zeozer bitxia,
baina– "legezko" diogunean, irudikatzen duguna da legeak ematen duen
eskubide edo jokabide-askatasun bat, nahiz eta, definizioari hertsiki
atxikiz gero, legeak ezartzen duen betebehar bat ere lasai asko izan
litekeen. Euskaltzaindiak honela definitzen baitu:

legezko1

 *(...)*

*2* adj. Lege bidezkoa; legearen araberakoa. *Legezko erregea. Eskaria
legezkotzat jotzen badute*.

Zorrozki, "legearen araberakoa" eskubide bat nahiz betebehar bat izan
daiteke-eta.

Laburtuz: euskarazko testuen argitasunaren mesedetan, nire ustez komeni
litzaiguke "bidezko" uztea zilegitasuna adierazten denerako. Eta kasuko
esaldiaren funtsean egiazki dagoena betebehar bat baldin bada (adibidez,
"procede someter a votación"), orduan nahitaezkotasun hori argi adierazi;
ez "bidezkoa da bozketa egitea" esanez, baizik eta, gutxienez, "bozketa
egin behar da" esanez (beste aukera bat izan liteke "prozedurazkoa da"
esatea, non eta "prozedurazko" horri ez zaion gertatzen "legezko"ri
gertatua). Beste aukera bat izan liteke "konpli da" espresioa
"erreskatatzea" (ikus Orotarikoan), nahiz eta *hala konpli* edo *hala da
konpli *espresioek ere badituzten beren komeriak, hiztegian bertan ikus
daitekeenez.

Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20191014/ff71ed6a/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago