[itzul] "BIDEZKO"

Mikel Gartzia mikelsgartzia a bildua gmail.com
Al, Urr 14, 18:57:01, CEST 2019


Aipatzearren, bidezko merkataritza esaten da "comercio justo" edo "fair
trade" itzultzeko.

Xabier Aristegieta <allurritza a bildua gmail.com> igorleak hau idatzi zuen (2019
urr. 14, al. 18:42):

> Gaztelaniazko "procedente" edo "procede hacer"en tankerakoak euskaraz
> emateko, euskaraz gehienetan "bidezko"dun espresio bat erabiltzen dugu.
> Adibidez, "despido procedente" esateko, EUSKALTERMek "bidezko
> kaleratze/iraizpen" proposatzen du. Edo "procede publicar la convocatoria"
> esateko, ohikoa da "bidezkoa da deialdia argitaratzea" esanez itzultzea.
>
> Gogoeta bat egin nahiko nuke horretaz.
>
> Kontsiderazio honetan oinarritzen naiz: gauza bera al dira norbaitek
> zerbait egitea ZILEGI duelako, eta norbait horrek zerbait hori egitea
> horretara DERRIGORTUTA dagoelako? Ezezkoan egongo garelakoan nago.
>
> Bada, problema horixe sortzen zaigu "bidezkoa" eta bidezkoa da"
> espresioekin. Baina baita gaztelaniazko "procedente" eta "proceder"ekin ere.
>
> Funtsean, honela laburtuko nuke: gaztelaniazko "procedente" adjektiboak
> adierazten ditu zilegi diren gauzak. Halatan, "despido procedente" bat ez
> da nahitaez egin beharreko iraizpen bat; baina, kaleratze hori erabakiz
> gero, zilegia da.
>
> Baina gaztelaniazko "procede hacer" espresioak ez du
> zilegitasun/baimen/aukera huts bat ematen, baizik eta hori baino gehiago
> egiten du: DERRIGORTU egiten du. Halatan, "escuchadas las partes, procede
> dictar la correspondiente resolución" esaldian, ebazpena ematea ez da
> aukerako zerbait soilik, ("nahi baduzu, ebazpena ematen duzu, eta nahi ez
> baduzu, ez duzu ematen"en tankerakoa). Ez. Kasuko organoa *derrigortuta *dago
> ebazpena ematera.
>
> *Procede hacer/publicar/convocar/escuchar *(jar ezazue nahi duzuen
> infinitiboa) espresioan,  kasuko ekintza derrigorturikoa da, dena
> delakoaren bitartez (kasuko prozedura antolatzen duen araua, adibidez; edo,
> "Ya ha empezado la función y procede guardar silencio" esaldian, zeina
> DRAEn jasota agertzen baita, gizalegearen ondorioz).
>
> Egia da afera sinplifikatzen ari naizela. Ezen DRAEk "proceder" aditzari
> ematen dion 8. adieran, hauxe jasotzen du:
>
> 8. intr. Hacer <https://dle.rae.es/srv/search/fetch?id=> algo
> <https://dle.rae.es/srv/search/search?w=algo> conforme
> <https://dle.rae.es/srv/search/search?w=conforme> a
> <https://dle.rae.es/srv/search/fetch?id=> razón
> <https://dle.rae.es/srv/search/search?w=razón>, derecho
> <https://dle.rae.es/srv/search/search?w=derecho>, mandato
> <https://dle.rae.es/srv/search/search?w=mandato>, práctica
> <https://dle.rae.es/srv/search/search?w=práctica> o
> <https://dle.rae.es/srv/search/search?w=o> conveniencia
> <https://dle.rae.es/srv/search/search?w=conveniencia>.
>
> Alegia: ametitu egiten ditu aipatzen ari naizen bi esanahiak, zilegitasuna
> eta derrigorrezkotasuna (horretantxe gauzatzen baitira "conforme a...
> derecho, mandato" horiek, hurrenez hurren). Hala eta guztiz ere, egungo
> hizkeraz gogoeta eginez gero, uste dut onargarria dela ondorioztatzea
> derrigorrezkotasuna gailentzen dela, alde handiz gailendu ere, *proceder
> + inf.* egituraren erabileran.
>
> Euskarazko "bidezko"ri heltzen badiogu, eta gaur egun duen erabilera
> gogoan, esango nuke esanahi nagusia zilegitasuna ematearen ildotik doala.
> Hots, zerbait bidezkoa dela esaten dugunean, ez dugula esan nahi zerbait
> hori derrigorrezkoa denik, nahitaez egin beharrekoa denik, baizik eta
> zerbait hori egiten duenak *zilegi *duela hori egitea. Nahiz eta,
> euskaraz ere, gauzak ez diren zeharo horrela. Halatan, Euskaltzaindiaren
> Hiztegian "bidezko" begiratuta, honekin topo egiten dugu:
>
> bidezko2
>
> *1* adj. Zuzentasunaren araberakoa. *Bidezko eskakizunak. Bidezko ala
> bidegabeko gauza den jakiteko. Ez da bidezko indartsuak xumea oinperatzea.
> Egoki eta bidezko da. Kultura gaietan hartzaile garenez gero, bidezko da
> hiztegian ere hartzaile eta zordun agertzea. Asmo zuzen bidezkoak. Omenaldi
> bidezko eta are beharrezkoa. Bidezkoa, edo behinik behin egokia. Nik
> bidezkotzat joko nuke erdaratiko hitzetan v gordetzea. Guztien iritzia
> jasotzea litzateke bidezkoen. Bidezko al da Zesarri zerga ematea?*
>
> Goiko adibide horietatik, ohar bedi hauetaz: *Omenaldi bidezko eta are
> beharrezkoa *(antza, derrigorrezkotasunaren ikuspegitik esatariari eskas
> iruditu zaio "bidezko", eta horregatik gehitu du "eta are beharrezkoa").
> Honako adibidean, ordea, (aurrekoaren jarrai-jarraian doana, gainera),
> badirudi ikuspegia alderantzizkoa dela:  *Bidezkoa, edo behinik behin
> egokia *(dirudienez, esatariari hertsatzaileegia iruditu zaio "bidezko",
> eta horregatik eransten du berehala "edo behinik behin egokia").
>
> Erabileraren gaineko ikuspegi orokor bati eutsirik, baina, nik uste dut
> (agian nire inpresioa besterik ez da, noski) euskaraz "bidezko" diogunean
> "zilegi" nahi dugula esan.
>
> Eta, ildo beretik –gogoetari ekinez gero badauka zeozer bitxia,
> baina– "legezko" diogunean, irudikatzen duguna da legeak ematen duen
> eskubide edo jokabide-askatasun bat, nahiz eta, definizioari hertsiki
> atxikiz gero, legeak ezartzen duen betebehar bat ere lasai asko izan
> litekeen. Euskaltzaindiak honela definitzen baitu:
>
> legezko1
>
>  *(...)*
>
> *2* adj. Lege bidezkoa; legearen araberakoa. *Legezko erregea. Eskaria
> legezkotzat jotzen badute*.
>
> Zorrozki, "legearen araberakoa" eskubide bat nahiz betebehar bat izan
> daiteke-eta.
>
> Laburtuz: euskarazko testuen argitasunaren mesedetan, nire ustez komeni
> litzaiguke "bidezko" uztea zilegitasuna adierazten denerako. Eta kasuko
> esaldiaren funtsean egiazki dagoena betebehar bat baldin bada (adibidez,
> "procede someter a votación"), orduan nahitaezkotasun hori argi adierazi;
> ez "bidezkoa da bozketa egitea" esanez, baizik eta, gutxienez, "bozketa
> egin behar da" esanez (beste aukera bat izan liteke "prozedurazkoa da"
> esatea, non eta "prozedurazko" horri ez zaion gertatzen "legezko"ri
> gertatua). Beste aukera bat izan liteke "konpli da" espresioa
> "erreskatatzea" (ikus Orotarikoan), nahiz eta *hala konpli* edo *hala da
> konpli *espresioek ere badituzten beren komeriak, hiztegian bertan ikus
> daitekeenez.
>
> Xabier Aristegieta
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20191014/f385e6f8/attachment-0001.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago