[itzul] Artikulu interesgarria

Lore Azkarate lore.azkarate a bildua gmail.com
As, Urr 15, 09:34:14, CEST 2019


Argia-n ikus dezakezue osorik
https://www.argia.eus/albistea/hizkuntza-eskubideak-garesti-eusko-jaurlaritzan



Zuzeu-n ere bai
https://zuzeu.eus/euskara/euskaraz-jardutea-garesti-eusko-jaurlaritzan/



*Euskaraz jardutea garesti, Eusko Jaurlaritzan
<https://zuzeu.eus/euskara/euskaraz-jardutea-garesti-eusko-jaurlaritzan/#comment-350850>*

Martin Rezola, Gerardo Luzuriaga eta Jonjo Agirre
Eusko Jaurlaritzako langileak

*“Interpretazioa”* esaten diogu, normalean, aldibereko ahozko itzulpenari,
kabina eta kaskoen bidez itzulpena zuzenean helarazten duenari, oso gutxi
erabiltzen den baina euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna
bikaina izan daitekeenari. Nork ez du bizi izan, inoiz, eskolako batzar
batean, laneko bilera batean… “bueno, erdaraz egingo dut, denek uler
dezaten…” ustezko “edukazio onaren” mozorropean ezkutatzen den jokabide
suizida hori? Bada, horren alternatiba bikaina dugu interpretazioa. Probatu
duenak badaki. Eta zergatik ez da, beraz, bultzatzen? Zergatik ez da haren
aldeko pedagogia egiten? Zergatik ez da diruz laguntzen, saritzen, hedatzen?



*Demagun sindikatu abertzalea zarela eta euskararen aldeko jarrera duzula*.
Eta langileen batzar bat antolatu nahi duzula, adibidez, Eusko
Jaurlaritzan, Lakuan, langileen lan-baldintzen inguruan. Eta euskaraz egin
nahi zenukeela, baina badirela euskaraz ez dakiten langileak… Zera, Eusko
Jaurlaritzak baditu interprete (bikain) gutxi batzuk; azpiegitura eta
tresnak ere bai… tira, animatu zara eta Jaurlaritzari eskatu diozu
zerbitzua, pentsatuz, “kontsentsuaren aroan” sindikatu baten euskararen
(euskaldunen) aldeko urrats batek erraztasunak eta laguntza baino ez
dituela jasoko, eta zerbitzua (publikoa) erabiltzeagatik ez dizutela xoxik
eskatuko (horixe bakarrik behar genuen: hizkuntza eskubideak bermatzeko
ahalegina egiteagatik pagatu???).

Txalorik ez duzu espero ezta behar ere. Konformatzen zara trabarik jartzen
ez badizute edo “ordainsaririk” kobratzen ez badizute. Horrekin pozik.



*Baina usteak erdia ustel, eta beste erdia garesti xamar. *Zerga
“normalizatzailea” ezarri digute euskaldunoi, baita Eusko Jaurlaritzan ere!
Jaurlaritzak erantzun dizu bertako interpretazio zerbitzua erabiltzeko
ordaindu behar dela, nahi eta nahi ez. Majo ordaindu gainera.

Bestela esanda, batzarrean euskaldunek euskaraz
<https://zuzeu.eus/saila/euskara/> normaltasunez jarduteko aukera izatea
nahi baduzu, kutxatik pasa eta zerga “normalizatzailea” ordaindu beharra
duzula: 120¤ ordu beteko zerbitzuaren truk, eta bikoitza baino gehiago bi
ordukoarengatik, eta abar…



*Ez da fikzioa. Benetan gertatu da. *Eta sindikatu horrek ordaindu behar
izan dio Eusko Jaurlaritzari (“Normalizazioaren”, eta Euskaraldiaren, eta
Euskararen Aholku Batzordearen amari berari) Jaurlaritzako langile
euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzen saiatzeagatik! Jaurlaritza
barrutik ezagutzen ez dutenei, sinesgaitz gertatuko zaie hona ekarritakoa:
euskaraz jardun nahi duenari erraztasunik ez ematea… Hizkuntza-eskubideak
bermatzeko profesional bikainak eta tresnak eskueran ez jartzea…



*Interpretazioa (aldi bereko itzulpena) tresna bikaina da euskararen
normalizazioaren alde. *Agintea, dirua, makinak eta eskumena dituztenek
(erakunde publikoek) interpretazioa bultzatzeko plangintza serio bat landu
behar lukete (interpreteen prestakuntza, tresneria, zerbitzua erabiltzeko
aukera elkarte eta erakunde orori ematea gainkosturik gabe…).
Oraingo egoera absurdua da; mingarria ere bai. Inor ez gaude behartuta
batzar bat euskaraz egiteko arriskua geure gain hartzera. Erosoagoa da ele
bitan edo “como-decía-en-euskera” formatuan egitea, kasurik onenean, eta
euskaldunon kaltetan.
Baina, hara, norbaitek erabakitzen duenean teknologiaz baliatzea euskaraz
duin jarduteko, inoren hizkuntza-eskubideak zanpatu barik, zergatik
ordainarazi behar zaio apustu hori? Ez litzateke alderantziz izan behar?
Horrela saritzen da euskararen aldeko konpromisoa?

Eusko Jaurlaritzak kanpaina asko egiten ditu euskararen alde. Kanpaina
horien “irisgarritasuna” badaezpadakoa iruditzen zaigu askotan. Hementxe
dauka aukera bikain bat, egunez eguneko jardunean sektore askok erabil
dezaketena, ohitura linguistikoak aldatzeko makina indartsu bat, emaitzak
zuzenean, instantean erakusten dituena.

Borondaterik baldin badu…



Gasteizen, 2019ko urriaren 11n

-- 
Lore
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20191015/a79d0193/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago