[itzul] baino / baina (lehen "Pantallazo")

LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER larrinaga_asier a bildua eitb.eus
Or, Api 17, 11:07:26, CEST 2020



Eskerrik asko, Juan Luis, zure hitzengatik.



Erantzuten zaila da zure galdera. Nik pintzelkada lodi batzuk emango ditut, koadroari antzematen lagunduko digutelakoan.



-Aspaldiko borroka da baino/baina nahastea.



-Hainbat bider ohartarazi ditugu esatariak horretaz.



-Ematen du horrek kontrako efektua izan duela, zeren, bai, orain nahastea alderantzizkoa dela konturatu gara, konparazioetan "baina ...-ago" erabiltzen hasi baitira zenbaitzuk. Telebistako esatari batzuei ere entzun diegu.



-Oro har, ez dugu aurkitu hizkuntza-akatsak behin betiko konpontzeko errezetarik. Hizketa espontaneoari buruz ari naiz.



-Hizketa espontaneoan, esatari batek edo esatari-multzo batek akats bat sistematikoki egiten duela igarriz gero (demagun "baina" aurkaritzakoaren lekuan "baino" erabiltzen duela), berarekin hitz egin, eta dagozkion azalpenak eman dakizkioke. Orri batean, azalpen xeheagoa eman dakioke, adibide eta guzti. Hurrengoetan, akatsa errepikatzen duela entzunez gero, berriro ere egin daiteke berba berarekin, emailez gogorarazi azalpena... Ziurrenik, bizpahiru asteko kanpainak arrakasta izango du. Baina, o!, mila deabru!, orduan «zein pertsonek egon behar dute konfinatuta?» esango du, eta mugagabea txarto erabiltzen duela agertuko da, eta beste bizpahiru asteko kanpaina abiatuko da hori konpontzeko, eta orduan «mila berrehun euroko dirulaguntza» esango du, eta beste kanpaina bati ekin beharko zaio, eta ... handik urtebetera, urte bira... berriro botako du «handia da, baino oso txarra».



-Eta hori hiztun arduratsuei gertatzen zaie. Ematen zaizkien azalpenak eta egiten zaizkien oharrak benetan aintzat hartzen dituzten hiztunei. Eredurako hartzen diren hiztunak direla jabetuta daudenei. Psikolinguistek aztertu beharko dute zergatik.





Asier Larrinaga Larrazabal





        [http://www.eitb.eus/multimedia/banner_emails/banner_emails_ezkerra.jpg] <http://www.eitb.eus/link-banner-email-ezkerra/>       [http://www.eitb.eus/multimedia/banner_emails/banner_emails_eskuma.jpg] <http://www.eitb.eus/link-banner-email-eskuma/>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20200417/c1021f34/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago