[itzul] baino / baina (lehen "Pantallazo")

Juan Luis Zabala jaulis62 a bildua gmail.com
Or, Api 17, 11:34:05, CEST 2020


Oso ondo ulertzen dut diozuna, Asier. Batetik, oso ondo azaldu duzulako;
bestetik, antzeko egoerak ikusi eta bizi izan ditudalako, konponketaren
zailtasunaz aski jabetzeko lain.

Baina nire aztoramendua pixka bat arintzeko, esan egin behar nizun
esandakoa.

Amaitzeko, nire aldetik behintzat, galdera bat egin nahiko nuke: ez al
lieke lagunduko irratiko esatariei, eta euskaldunei oro har, ahozko
euskararen erabilera oker horiek zuzentzen, fikziozko lanak, euskaraz
sortuak zein bikoztuak, normaltasun handiagoz ikusteak?

Beste era batera esanda: ez al die laguntzen erdarazko esatariei, eta
erdaldunei oro har, erdararen erabilera zuzena indartzen, fikziozko lanak,
erdaraz sortuak zein erdarara bikoiztuak, normaltasun handiagoz ikusteak?

Bikoizketak bi abantaila baititu zuzeneko irratiaren aldean ahozko
euskarazko eredu egokia zabaltzeko: batetik, akats pertsonalak aise saiehts
daitezke, bikoizketarako testuak eta bikoiztaileen lana arduraz eta
planifikazioz lantzen eta ikuskatzen baldin badira behinik behin; bestetik,
errepikapenerako aukera handiagoa ematen dute, batez ere maila oneko lanek.

Bakoitza bere zoroak bizi duela esaten da, eta nirea hau da, antza denez:
akaso oker nago, baina, begiratzen diodan lekutik begiratzen diodala,
euskararen gaur egungo gabeziarik handiena ikus-entzunezko bikoizketan
ikusten dut.

Eskerrik asko, Asier, eta segi fuerte.



El vie., 17 de abr. de 2020 a la(s) 11:07, LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER
(larrinaga_asier a bildua eitb.eus) escribió:

>
>
> Eskerrik asko, Juan Luis, zure hitzengatik.
>
>
>
> Erantzuten zaila da zure galdera. Nik pintzelkada lodi batzuk emango
> ditut, koadroari antzematen lagunduko digutelakoan.
>
>
>
> -Aspaldiko borroka da baino/baina nahastea.
>
>
>
> -Hainbat bider ohartarazi ditugu esatariak horretaz.
>
>
>
> -Ematen du horrek kontrako efektua izan duela, zeren, bai, orain nahastea
> alderantzizkoa dela konturatu gara, konparazioetan "baina ...-ago"
> erabiltzen hasi baitira zenbaitzuk. Telebistako esatari batzuei ere entzun
> diegu.
>
>
>
> -Oro har, ez dugu aurkitu hizkuntza-akatsak behin betiko konpontzeko
> errezetarik. Hizketa espontaneoari buruz ari naiz.
>
>
>
> -Hizketa espontaneoan, esatari batek edo esatari-multzo batek akats bat
> sistematikoki egiten duela igarriz gero (demagun "baina" aurkaritzakoaren
> lekuan "baino" erabiltzen duela), berarekin hitz egin, eta dagozkion
> azalpenak eman dakizkioke. Orri batean, azalpen xeheagoa eman dakioke,
> adibide eta guzti. Hurrengoetan, akatsa errepikatzen duela entzunez gero,
> berriro ere egin daiteke berba berarekin, emailez gogorarazi azalpena...
> Ziurrenik, bizpahiru asteko kanpainak arrakasta izango du. Baina, o!, mila
> deabru!, orduan «zein pertsonek egon behar dute konfinatuta?» esango du,
> eta mugagabea txarto erabiltzen duela agertuko da, eta beste bizpahiru
> asteko kanpaina abiatuko da hori konpontzeko, eta orduan «mila berrehun
> euroko dirulaguntza» esango du, eta beste kanpaina bati ekin beharko zaio,
> eta ... handik urtebetera, urte bira... berriro botako du «handia da, baino
> oso txarra».
>
>
>
> -Eta hori hiztun arduratsuei gertatzen zaie. Ematen zaizkien azalpenak eta
> egiten zaizkien oharrak benetan aintzat hartzen dituzten hiztunei.
> Eredurako hartzen diren hiztunak direla jabetuta daudenei. Psikolinguistek
> aztertu beharko dute zergatik.
>
>
>
>
>
> Asier Larrinaga Larrazabal
>
>
>
>
>   <http://www.eitb.eus/link-banner-email-ezkerra/>
> <http://www.eitb.eus/link-banner-email-eskuma/>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20200417/c15a04dc/attachment-0001.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago