[itzul] Picassoarekin/picassoarekin

Mikel musdeh a bildua gmail.com
Ost, Eka 24, 21:27:58, CEST 2020


Hara, nire kezka, galdera, jakin mina, ez zen ea "herritar-izenak" 
zertaz idazten diren letra xehez, baizik eta izena osorik agertzen den 
eta deklinatzen den kasuetan, nolatan iritsi garen letra xehez idaztera, 
bestelako gogoetarik gabe. Hargatik? hargatik ez da izanen noski... 
Gaztelaniaz hala erabiltzen direlako jentilizioaak? Agian, eta ziuraski...

Alabaina, nire galdera (gogoeta, erretorikoa, nahi baduzu) zuk eman 
erantzunaren zati bati dagokio, ez gehiagori. Adibideok, basque, 
français, vasca, vasco, ez dira horretan sartzen ez baitira toki izen 
horiek osorik agertzen.
Jentilizio kategoria edo dena delakoa, nondik heldu zaigun ez dakit, 
baina Euskaraz ari garela, eta berriro nire kezkari helduz, ea 
'deklinabide' kasu baten aurrean gauden, ala beste zerbait den, hots, 
gure 'jentilizioa'. Zergatik Tolosako, baina tolosar. Edo zergatik 
Australiako, baina australiar.

Bada hor barna zuzendu beharreko "europear" forma (ezta?) Europa baita 
jatorria, eta ez Europe*. Izan ere, kontinentearen izenaz ari gara, eta 
ez deribatu batez.
Guk Espainiako gentilicioak ikasten genituen: vallisoletano, -a har 
dezagun. Euskaraz valladolidtar, non izena osorik ageri den, ahoskatzeko 
kirola egin behar bada ere. Zergatik ez Valladolidtar? Hori zen nire 
kezka. Ez dut arazorik letra xehez idazteko, baina hor dago kontua.

Jentilizio berezi bat, gure-gurea: irunxeme, iruñxeme, irunsheme, era 
batzutara idatzi izan baita tradizio(et)an. Zergatik ez Irunxeme?

Baina ez dut ez polemikarik sortarazi nahi, ez eta zuri lan gehiagorik 
eman edo eginarazi nahi ere...
Erantzuna eskertzen dizut.



20/6/24 10:47(e)an, Alfontso Mujika Etxeberria igorleak idatzi zuen:
>
> Zergatik idazten dira letra xehez hasita herritar-izenak?
>
> Lehenengo erantzuna “hargatik” izan liteke. Alegia, ortografia 
> hitzarmenezko zerbait da, egiunezkoa, eta ez dago beti arrazoi 
> eztabaidaezin eta kategoriko bat atzean. Euskararen kasurako egin den 
> galdera berdin egin genezake beste hizkuntza batzuetarako.
>
> - Zergatik idazten da frantsesez herritar-izena letra larriz baina 
> adjektiboa letra etzanez? (/une *Basque*, une *Espagnole*, un 
> *Français*/ baina /une /entreprise *basque*/, un Basque *français*/?
>
> - Zergatik idazten da ingelesez beti letra larriz hasita, izena izan 
> zein adjektiboa izan? (/one *Basque*//company, the *Basques* living in 
> New York.../).
>
> - Zergatik idazten da gaztelaniaz beti letra xehez hasita, izena izan 
> zein adjektiboa izan? (/una empresa *vasca*, los *vascos* en Argentina/).
>
> Edo hau ere galde liteke: zergatik /Darwin/, /Marx/ eta /Aristoteles/ 
> pertsona-izenak izanik haien izenetatik eratorritako /darwinismo/, 
> /marxismo/ eta /aristotelismo/ letra xehez hasita idatzi gaztelaniaz, 
> frantsesez, ingelesez eta euskaraz?
>
> Nolanahi ere, beste erantzun batzuen bila hasita, esan liteke 
> tradizioak pixkanaka eratuz doazela eta, gure kasuan, duela 50 urte 
> euskara batuaren oinarriak jarri zirenean gai horri ez zitzaiola 
> erreparatu, partez euskaldun gehienek letra xehez hasita idazten 
> zituztelako (gaztelaniaz bezala) eta, bestalde, euskara idatziaren 
> historian ez zeudelako bi tradizio garbi (Iparraldean era batera eta 
> Hegoaldean beste batera); OEHn /frantses, erromatar, lapurtar/... 
> sarreretako adibideak begiratuta ikusten da Iparraldeko idazleen 
> artean ez dagoela letra larriaren aldeko hautu monolitikorik. Eta, 
> gerora, Euskaltzaindiak euskara batuaren hiztegia egin duenean, 
> tradizio zaharrari eta azken urteetako erabilerari begiratu die, eta 
> datuek zalantza-izpirik gabe erakusten dute herritar-izenak letra 
> xehez hasita idaztea ondo errotuta dagoela euskaldun komunitatean.
>
> Eta beste erantzun batzuen bila joanda, esan liteke /Picassoa/ eta 
> /tolosarra/, morfologikoki, ez direla antzekoak, ez dutela zerikusirik 
> batak bestearekin.
>
> /Picassoa/ izena da, izen berezi bat da kasu oso berezi batzuetan izen 
> arrunt moduan jokatzen duena, baina lexiko arrunteko hiztegietan 
> sarrera ez dena, erabat lexikalizatuta ez dagoen seinale.
>
> Bestalde, /tolosarra/ eratorpenez sortutako hitz bat da: izen bati 
> (kasu honetan, izen berezi bati) /-ar/ eratorpen-atzizkia erantsita 
> sortzen da, eta /-a/r atzizkiaren bidez sortutako hitzak lexiko 
> arrunteko hitzak dira, izenak zein adjektiboak. Eta era horretara 
> sortutako hitzak, sistematikoki, lexiko arrunteko hiztegiko sarrerak dira.
>
> Nolanahi ere, baliteke hasierako erantzuna, “hargatik”, izatea 
> zehatzena, laburrena izateaz gainera.
>

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20200624/80e39033/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago