[itzul] birus gramatikal bat zabaltzen

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Lar, Mar 28, 16:58:27, CET 2020


Ez dut oso ondo ulertzen. Kontua zer litzateke, dena libre uztea ala
bakoitzari iruditzen zaizkionak arautzea?

Kontu zehatzera itzulita, Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordeak berak ere
askotan erabili du aginterazko adizki erdi-sintetikoen auzia (premia eta
kaosa), eta nik dakidala, ez du inoiz gaitzetsi halakorik, eta gustura
bedeinkatuko luke, nik uste, sistematizazio apur bat, inor hartarainoko
trebe bada.

Besterik da, Euskaltzaindiak zein Amasantisimak esan, aditzen erregimena
aldatzea, ezjakintasunez nahiz harrokeriaz nahiz biez. "Niri
heldu/eutsi/oratu" da euskaraz, "niri begiratu" bezala, eta ez "ni". Eta
hori, bide batez, ez da herri xehe ez-hizkuntzalariaren akatsa, baizik eta
sasimaisu zabar batzuena, halako sujetuek pentsatzen baitute zuzendu egiten
dutela hala, beren jakituria (diglosiko) bereziz, euskarak eta euskaldunek
mendeen mendeetan oker zerabiltena. Gero, jakina, sasimaisuek izaten dute
fede oneko jarraitzaile errugaberik ez gutxi. Eta dotore irizten gero
berrikeriari askok. Eta halaxe gabiltza. Azkenean, honelakoak ere goggleka
daitezke, hara, ausart sartuagotuz hanka: "eskua hel iezadazu".

Tira, uztazue (niri) horrenbestez esana berresaten. Eta, ahal dela, saia
gaitezen bereizten noiz ari garen euskara estandar zaindu arruntaz, eta
noiz bestez. Kontu soziologikoak ez ditu konponduko ez hizkuntzalariak eta
ez, egingo nuke, inork ere hemen.

Gainerakoak, aitzakiak edo zuribideak dira, nik uste. Euskara, hizkuntza
guztiak bezala, ikasi eta landu egin behar da. Ez zen inola ere aukera
bakarra "iezadazu" erabiltzea, baina ez dakit hain munstro ere ote den, eta
neurri-neurrian dator estandarren hori: (5 silaba, diptongoa onartuz gero)
"hel ie-za-da-zu ". Beste muturretik, "hel-dui-da-zu" laburragoa da (4
silaba), eta berdintsu "hel(du) niri". Hartara, ez dut uste txarragoa
litzatekeenik abestitza adizkia jokatu gabe ere: "heldu, laztana
[maitea/laguntxo/aixkire/burkide/tovaritx], eskutik"...

Etxeberri Sarakoari mailegauriko apur bat moldaturik: euskaldun euskararen
nahasgarriak berak dira... errukarriak.



Hau idatzi du Mikel Gartzia (mikelsgartzia a bildua gmail.com) erabiltzaileak (2020
mar. 28, lr. (02:12)):

> Ba ni ez naiz hizkuntzalaria, baina eskertuko nuke "helduidazu" bezalakoak
> arauz onartzea. Testu informaletan horrela idazten dut aspalditik. Ez dut
> inoiz iezadazu esango ez idatziko, saihestu badezaket behintzat. Eta kanta
> horretan ahoz "heldu'idazu eskutik" esan zezaketen (edo esan ahal zuten),
> baina agian idatzita ere eman nahi dute, eta akatsa baldin bada... Ni
> gauzak erraztearen alde, gero hizkera jasoa nahi duenak, beti izango du
> aukera. Kontaidazue anekdota gehiago, gustatu zait eta! (gorriz jarri dit
> kontaidazue)
>
> Hau idatzi du Iñaki Arrieta - BiTEZ , ItzuL-en bidez (itzul a bildua postaria.com)
> erabiltzaileak (2020 mar. 27, or. (20:21)):
>
>> Izan ere!
>> Hain erraza izanda; eta metrika behartu gabe, gainera: (ahoskera:
>> heldu'idazu eskutik)
>>
>> Azkenean, Juan, laket egingo zaiguk "basamortuko sermoiak" luzatzea.
>>
>> Gogora dakarkit RAEk (uste dut 1994an izan zela) hartutako erabakia.
>> Jende gehienak ikasi "ezin" zituen arauak aldatu, eta okerrari arau-maila
>> eman zioten.
>> Besteak beste, 'u'z amaitzen diren hitz oxitonoen plurala egiteko,
>> arauzko '-es' zatia erabiltzen ez zenez, 's' bakarraz egiteko baimena eman
>> zuten.
>> *Verbi gratia*: ia inork ez zuen esaten *menúes, tabúes, ñúes* eta arau
>> bihurtu ziren *menús, tabús, ñus...*
>> Bilera inportante batean eta oso jende jantziaren artean (aplikazio
>> informatiko baten inguruko gaia zen, eta beraz "menu" hitza oso sarri
>> errepikatzen zen) hasieratik esaten aritu nintzen "*menuses*".
>> Esan beharrik ez dago haien aurpegien itxura nolakoa zen.
>>
>> Adierazi egin behar izan nien ez nagoela ados RAEk hartutako erabaki
>> harekin, eta nik ere badudala neure "inkorrekzioa" erabiltzeko eskubidea,
>> demokratikoena horixe delakoan.
>>
>> "Basamortuko sermoia" hura ere. Eta laket egin zitzaidala aitortu behar.
>>
>> Segi indarrean!
>>
>> _______________________________________
>> Iñaki Bitezekoa
>>
>> El 27/03/2020 a las 19:25, Juan Garzia Garmendia escribió:
>>
>> Ikusi berri dut EITBko irratiek eta bestek itxialdia amenizatzeko
>> ekitaldi bat antolatua dutela, eta, horretarako, "Hel nazazu eskutik" (sic)
>> kanta aukeratu dutela. Ederra mesedea, kutsatu gabe zeuden apurrak ere
>> kolokan jarriz.
>>
>> Etsita nago alferrik izango direla neurri guztiak, baina hona
>> antidotoaren formula:
>>
>> HELDU
>> *10* *dio* ad. (*nor* osagarririk gabe). Norbait edo zerbait eskuarekin
>> tinkatu, ihes egin ez dezan edo higi ez dadin. Ik. *oratu
>> <https://www.euskaltzaindia.eus/component/hiztegianbilatu/?view=frontpage&Itemid=410&layout=aurreratua&antzekoak=ez&sarrera=oratu>1**;
>> * *eutsi
>> <https://www.euskaltzaindia.eus/component/hiztegianbilatu/?view=frontpage&Itemid=410&layout=aurreratua&antzekoak=ez&sarrera=eutsi>1*.
>> *Heldu zion lepotik eta lurrera bota zuen. Eta emazteari besotik helduta,
>> bagoaz etxe aldera. Sugeari heldu dio, beldurrik gabe. Elkarri helduta*.
>> || * Irud.* *Edozein lani heltzen diotenak. Gerrari utzi eta bakeari
>> heldu*.
>>
>>
>>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20200328/9e2c54bc/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago