[itzul] ukatu + -(E)LA
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Al, Eka 14, 17:33:07, CEST 2021
Euskara Batuaren Eskuliburuan honako hau esaten da "ukatu" aditzaren
erabileraz (416. orrialdean):
"Baiezko perpausetan ez da egokia -(e)nik menderagailua erabiltzea
ukaturekin, eta, beraz, -(e)la arruntari eustea da gomendatzekoa"
Halatan, *Ukatu egin du baztertzen duenik* ez, baizik eta *Ukatu egin du
baztertzen duela.*
Niri, egia esan, iruditzen zait ezezko esanahia hainbeste gailentzen dela
esaldian, non belarriak *Ukatu egin du baztertzen duenik* eskatzen didan.
Orain esaldi hau itzuli beharra egokitu zait: "La Dirección General de
Ordenación del Juego niega la existencia de un problema de salud pública
relacionado con el juego en España." Euskaltzaindiari jarraituz, "Jokoaren
Antolamendurako Zuzendaritza Nagusiak ukatu egiten du jokoarekin zerikusia
duen osasun publikoko problema bat dagoela Espainian" eman dut. Esaldia
irakurrita, berdin zait zenbat aldiz irakurri ere, ezinbestean iruditzen
zait horrela idatzitako esaldi bati salaketa-kutsua dariola: zuzendaritza
nagusi horrek ukatu egiten duela EGON BADAGOEN joko-problema bat. Ez dakit
zer iruditzen zaizuen zuei.
Ildo horretan gogoeta eginez, bururatu zait ea nola jokatzekoak ote
ginatekeen, betiere Euskaltzaindiak adierazitako bidetik joanez, baldin
itzuli beharreko esaldia pittin bat bipilagoa izango balitz. Alegia,
honelakoa:
"La Dirección General... niega la existencia de ningún problema de salud
pública relacionado con el juego en España".
"Zuzendaritza Nagusiak ukatu egiten du jokoarekin zerikusia duen osasun
publikoko INOLAKO PROBLEMARIK DAGOELA Espainian"? INOLAKO + dagoELA?
"Niega la existencia de cualquier problema" izanez gero, egokia irudituko
litzaizueke "ukatu egiten du EDOZEIN PROBLEMA DAGOELA" esaldia?
Ez dakit, baina iruditzen zait -ELA menderagailuaren erabilera problematiko
samarra dela.
Zuetako inork ekarpenik edo iruzkinik egin nahi izan balu, gustura
irakurriko nuke.
Eskerrik asko aldez aurretik.
Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20210614/058efee3/attachment.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago