[itzul] ukatu + -(E)LA
Patxi Petrirena
petrirena a bildua gmail.com
Ost, Eka 16, 10:57:36, CEST 2021
Gai interesgarria.
Euskara Batuaren Eskuliburuak dioena Gramatika Batzordeak 1994an esandako
honetan oinarritzen da: «Gure literaturan oso gutxitan ageri da *ukatu*
aditza baiezka konpletibo batekin. Baina kasu gehienetan, *ukatu*-rekin
*-ela* agertzen da eta ez *-enik*, bai baiezkoetan bai ezezkoetan. (…)
Beraz, *ukatu*-k, ezezka zein baiezka doanean, bere konpletiboari *-enik*
ezarri beharrean *-ela* ezartzea eskatzen duela dirudi».
Gramatika Batzordea, “Okerrak zuzentzen” (Euskaltzaindiaren Leioako
Biltzarreko txostenak). *Euskera* aldizkaria, 39. liburukia (1994, 3),
960-961 or.
Geroago, EGLU-Vek (1999), perpaus osagarriak aztertu zituenean, jaso zuen
*ukatu* aditzarena, baina ez zuen askoz gehiago esan. “*-ela* menderagailua
duten adierazpen-perpaus osagarriak” atalean, honela dio:* «*Hauen artean
sar daitezke, beharbada, *aitortu* eta *ukatu* bezalakoak ere: (83) a.
Aitortu behar da lehen okerrago bizi ginela. b. Ezin da ukatu orain hobeto
bizi garela».
EGLU-V, Mendeko perpausak-1 (1999), 46-47 or.
Zure galderei lotzeko, Xabier:
· "Niega la existencia de cualquier problema" izanez gero, egokia
irudituko litzaizueke "ukatu egiten du EDOZEIN PROBLEMA DAGOELA" esaldia?
Ez, niri ez zait egokia iruditzen esaldi hori. Nola esango nukeen? “Esan du
ez dagoela inolako problemarik” (besteak beste, ‘edozein’en lekuan
‘inolako’ jarri dut). Ihes egiten ari ote naiz? Bai eta ez. Gehiago bustiko
naiz: hor jarri duzun hori baino onargarriagoa gertatzen zait niri, senez
(berriz ere aipatutako aldaketa eginda), aldarrikatzen duzuna: “ukatu egin
du inolako problemarik dagoenik”. Baina neure buruari galga jarriko nioke,
Gramatika Batzordearen esana gogoan, datu berririk ez bada.
Egiten duzun beste galderan, antzera jokatuko nuke (eta, zinez, ausartzen
naiz esatera aukera egokienaren bila jo dudala bide honetatik, aurreko
puntuan aipatutako bide beretik):
· Zuzendaritza Nagusiak ukatu egiten du jokoarekin zerikusia duen
osasun publikoko inolako problemarik dagoela Espainian (???)
· Zuzendaritza Nagusiak esan du Espainian ez dagoela jokoarekin
zerikusia duen osasun publikoko inolako problemarik.
· Zuzendaritza Nagusiak esan du Espainian ez dagoela osasun
publikoko inolako problemarik jokoarekin zerikusia duenik.
Honetaz ari garela, zentzu *negatibo*ko beste aditzen batena etorri zait
gogora (orain beste osin batean sartuko naiz, kar-kar): *ekidin* dontsua,
eta kasuaren arabera naturalago gertatzen diren *eragotzi* eta *saihestu*
(eta hala ere, hala ere, uste dut hainbatetan beste bide batetik jo beharra
dagoela):
· Sare metaliko bat jarri dute, harriak erortzea
ekiditeko/eragozteko/saihesteko.
· Sare metaliko bat jarri dute, harririk ez erortzeko.
· Evítese la exposición al sol.
· Ekidin/eragotzi/saihestu eguzkitan egotea.
· Ez utzi eguzkitan.
Ongi izan!
Patxi
Hau idatzi du Xabier Aristegieta (allurritza a bildua gmail.com) erabiltzaileak
(2021 eka. 14, al. (19:25)):
> Euskara Batuaren Eskuliburuan honako hau esaten da "ukatu" aditzaren
> erabileraz (416. orrialdean):
>
> "Baiezko perpausetan ez da egokia -(e)nik menderagailua erabiltzea
> ukaturekin, eta, beraz, -(e)la arruntari eustea da gomendatzekoa"
>
> Halatan, *Ukatu egin du baztertzen duenik* ez, baizik eta *Ukatu egin du
> baztertzen duela.*
>
> Niri, egia esan, iruditzen zait ezezko esanahia hainbeste gailentzen dela
> esaldian, non belarriak *Ukatu egin du baztertzen duenik* eskatzen didan.
>
> Orain esaldi hau itzuli beharra egokitu zait: "La Dirección General de
> Ordenación del Juego niega la existencia de un problema de salud pública
> relacionado con el juego en España." Euskaltzaindiari jarraituz, "Jokoaren
> Antolamendurako Zuzendaritza Nagusiak ukatu egiten du jokoarekin zerikusia
> duen osasun publikoko problema bat dagoela Espainian" eman dut. Esaldia
> irakurrita, berdin zait zenbat aldiz irakurri ere, ezinbestean iruditzen
> zait horrela idatzitako esaldi bati salaketa-kutsua dariola: zuzendaritza
> nagusi horrek ukatu egiten duela EGON BADAGOEN joko-problema bat. Ez dakit
> zer iruditzen zaizuen zuei.
>
> Ildo horretan gogoeta eginez, bururatu zait ea nola jokatzekoak ote
> ginatekeen, betiere Euskaltzaindiak adierazitako bidetik joanez, baldin
> itzuli beharreko esaldia pittin bat bipilagoa izango balitz. Alegia,
> honelakoa:
>
> "La Dirección General... niega la existencia de ningún problema de salud
> pública relacionado con el juego en España".
>
> "Zuzendaritza Nagusiak ukatu egiten du jokoarekin zerikusia duen osasun
> publikoko INOLAKO PROBLEMARIK DAGOELA Espainian"? INOLAKO + dagoELA?
>
> "Niega la existencia de cualquier problema" izanez gero, egokia irudituko
> litzaizueke "ukatu egiten du EDOZEIN PROBLEMA DAGOELA" esaldia?
>
> Ez dakit, baina iruditzen zait -ELA menderagailuaren erabilera
> problematiko samarra dela.
>
> Zuetako inork ekarpenik edo iruzkinik egin nahi izan balu, gustura
> irakurriko nuke.
>
> Eskerrik asko aldez aurretik.
>
>
> Xabier Aristegieta
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20210616/a3e75ecf/attachment-0001.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago