[itzul] Errege-erregina Katolikoak?

Alfontso Mujika Etxeberria a.mujika a bildua elhuyar.eus
Ast, Maiatza 26, 18:39:21, CEST 2022


Ea lortzen dudan ondo azaltzea:
Joxemik EIMAko* Letra larriak* liburua aipatu du. Honela ageri da liburu
horretan:
-----------------------------------------------------------

*Letra larriak*, 30. or.

2.2.1.2. Izengoiti eta ezizenak

Letra larriz hasita idazten dira izengoiti eta ezizenak. Adibideak:

Alexandro *Handia*, Antso *Azkarra*, Joana *Eroa*, Pello *Errota*,
*Bizargorri* kortsario

ospetsua, Altzoko *Erraldoia*, Indalezio Bizkarrondo *Bilintx*...
-----------------------------------------------------------
Izengoitiak zein diren aditzera emateko erabilita dago hor letra etzana,
baina liburuak esaten du izengoitiak letra larriz hasita idatzi behar
direla, ez besterik. Alegia, letra etzana adibideak zein diren markatzeko
baliatu da hor. Eta hortik irakurleak ondorioztatzen badu letra etzanez
idaztekoak direla, aitortu behar dut nire errua dela hori garbi ez
uzteagatik, eta barkamena eskatu behar dut hori pentsatzeko bidea
emateagatik.
Guztiarekin ere, EIMAri buruz ari garenez, kontuan izan behar da liburu
hori letra larriei buruzkoa dela eta ez letrakerei buruzkoa.
EIMAko *Onomastika *liburuan begiratuz gero, adibidez:
--------------------------------------------------------------

*Onomastika*, 42. or.

Izengoitien euskarazko ordainak banan-banan erabaki dira (Joana Eroa,
Filipe I.a Ederra).
--------------------------------------------------------------
Hor ez dira ageri letra etzanez. Nolanahi ere, liburu hori onomastikari
buruzkoa da eta ez letrakerei buruzkoa.
EIMAko *Ortotipografia *liburuan begiratuz gero (eta liburu hori bada
letrakerei buruzkoa):
--------------------------------------------------------------

*Ortotipografia*, 13. or.

Letra arruntez (eta kakotxik gabe) idazten dira honelako izen bereziak:

• Izenordeak (goitizenak, ezizenak, izengaiztoak, izen artistikoak...)

Bilintx, Antso Jakituna, Orixe, Bernardo Atxaga, Sakabi, Urtain, Markinako
Lehoia, Argala, Idi Zuria, Oilaloka, Xelebre, Txapas, Cantinflas, Bob
Dylan...

Oharra:

Izenarekin batera datorrenean, kakotx artean idaztekoa da izenordea

(letrakera etzana ere erabiltzen da horretarako): Indalezio Bizkarrondo
«Bilintx», Nikolas Ormaetxea «Orixe», Jose Manuel Lujanbio «Txirrita»ren
bertsoak...
--------------------------------------------------------------
Alegia, letra arruntez idaztea gomendatzen du EIMAk (Alfontso Jakituna),
eta, esan dudan bezala, letra larriei buruzko liburukian ageri diren etzan
horiek izengoitia zein den markatzea dute helburu, ez besterik. Sentitzen
dut behar bezain argi adierazi ez izana.

Bide batez: lanean ari da batzorde bat Euskaltzaindian, iaz hasita, euskara
batuaren ortotipografiaren irizpideak finkatzeko, eta dagoeneko letra
etzanen atalaren lehen bertsioa egina dago (batzorde horretan
eztabaidatze-fasean dago orain, eta, ondo bidean, udazkenean eramango da
Osoko Bilkurara onartzera). Txostenak, puntu horretan, dio izengoitiak,
izenordeak, izen artistikoak eta fikziozko pertsonen izenak letra zuzenez
idaztekoak direla (Antso Jakituna, Elisabet Katolikoa...) eta, dena
dela, izengoitiak
izen-deiturekin batera erabiltzen direnean, jarraian, letra etzanez —edo
komatxo artean— idazten direla (Dolores Ibarruri *Pasionaria*, Jose Manuel
Lujanbio *Txirrita... *). Nolanahi ere, txostenaren behin-behineko bertsioa
baino ez da.

Hau idatzi du Joxemi Hernandez (joxemiher a bildua euskalnet.net) erabiltzaileak
(2022 mai. 26, og. (17:21)):

> Kaixo
> Historiako ikasliburu batean, EIMAk egindako zuzenketak sartzen ari naiz,
> eta honekin zalantza egin dut: Errege-erregina *Katolikoak* zuzentzeko
> eta Errege-erregina katolikoak jartzeko markatu digute, baita Alfontso
> *Jakituna* jartzen duen lekuan Alfontso Jakituna idazteko ere.
>
> Orain arte, EIMAren *Onomastika* liburuko izen-errendan bezala idatzi
> ditugu horiek (Errege-erregina *Katolikoak*, Alfontso *Jakituna*), eta
> EIMAren *Letra larriak erabiltzeko irizpideak* liburuan ere antzekoak
> aipatzen dira:
> "Letra larriz hasita idazten dira izengoiti eta ezizenak. Adibideak:
> Alexandro *Handia*, Antso *Azkarra*…"
>
> Laguntzerik bai?
>


-- 
<https://www.elhuyar.eus/>

*Alfontso Mujika Etxeberria*

*Hizkuntza eta Teknologia*


Zelai Haundi 3 - Osinalde industrialdea

20170 Usurbil (Gipuzkoa)

Tel.: (+34) 943 36 30 40 | Luzp.: 217

a.mujika a bildua elhuyar.eus |  <a.mujika a bildua elhuyar.eus>*www.elhuyar.eus*
<https://www.elhuyar.eus/>

-- 
* <https://www.elhuyar.eus/>*


**PRIBATUTASUN-POLITIKA* 
<https://www.elhuyar.eus/eu/pribatutasun-politika>*



-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20220526/cbed6c55/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago