[itzul] "Honako legea"
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Ost, Eka 19, 17:32:37, CEST 2024
IVAPek argitaratu berri duen "Itzulpen- eta berrikusketa-irizpideak.
Erabakiak eta gomendioak" dokumentuan, ezin bipilago esaten da ezen, zentzu
kataforikoa adierazteko, "erabat okerra" dela *honako (+ izena) +
mugatzailea *egitura. Eskaintzen dituen adibide hauetakoa, alegia:
****(...) Errege Dekretua, (...), honako errege-dekretua aldatzen duena*
**Gorte Nagusiek honako legea onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.*
Halaber esaten da ezen, "honako" erabiliz gero, izenaren ondoren
"hau/hauek" erakuslea behar dela nahitaez erabili. Alegia, goiko
adibideetan "honako errege-dekretu hau" eta "honako lege hau" erabili
beharko zirela.
Gaitzespen horrek txundituta utzi nau.
Batetik, ez dudalako ikusten gramatikako zer arrazoik debekatzen duen
"honako" den izenlagun horrek zeri lagun egitea eta jarraian
mugatzailearekin doan izen bati. Beraz, ez dirudi gaitzespenaren arrazoia
gramatikala denik.
Bestetik, *honako+izena+mugatzailea *egituraren erabilera
*honako+izena+erakuslea *egiturarena bezain ugaria ez izateak ez diolako
ezer kentzen egituraren zuzentasunari. Bidenabar esanda: nahi duenak
Googlen bilaketa egin dezake, esate baterako "honakoa"ri
esan/erantzun/entzun/ikusi... aditzak gehituta (*honakoa esan*, *honakoa
entzun*, eta abar) eta emaitza polit askoak aurki ditzake.
Eta Euskaltzaindiak? Zer dio "honako esaldia"ren tankerakoez?
Euskaltzaindiaren Hiztegian "honako" begiratuta, ikus zer dioen bigarren
adieran:
2 adj. Hau, hemengo hau. (Dagokion izen sintagmaren ezkerrean ezartzen da,
artikuluak edo erakusle batek, gehienetan *hau*-k, mugatzen duela sintagma
).
Irakurri duzue, ezta? "*ARTIKULU *edo erakusle batek, *gehienetan hau*-k
[azken zertzelada hori ez du inork zalantzan jartzen], mugatzen duela
sintagma"
Halaber, bururatu zait Euskaltzaindiaren "Euskararen Gramatika"n "honakoa"
edo "honako + izena + mugatzailea" zenbat aldiz agertzen den bilatzea.
Erantzuna: bederatzi aldiz. Nork eta Euskaltzaindiak zertaz eta Euskararen
Gramatikaz idatzitako obra goren horretan.
Hori guztia horrela, IVAPeko lan horren arduradunei jendaurrean egiten
diedan galdera da: zertan oinarritu zarete aipatu egitura "erabat okerra"
dela esateko?
Esker mila.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20240619/c547cdbf/attachment.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago