[itzul] FW: "Honako legea"
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Ost, Eka 26, 14:01:41, CEST 2024
Benetako inkoherentzia bat nahi baduzue, aurreko mezuan eskapatu zaidana:
"eginen" eta "esango".
Xabier Aristegieta
Hau idatzi du Xabier Aristegieta (allurritza a bildua gmail.com) erabiltzaileak
(2024 eka. 26(a), az. (13:52)):
> Eskerrik asko zure hitzengatik, Ana; baita Iraiari eta Bittorri ere.
> Benetan, asko poztu nau iritzian bat datorren jende gehiago badagoela
> ikusteak.
>
> Betidanik pentsatu izan dut euskararentzako problema nagusiak ez direla
> sortzen sinonimo diren hitzak edo espresioak eskueran egotetik inola ere
> (terminogintzatik kanpo, noski), baizik eta zerbait esateko hitzen faltan
> egotetik. Azken hori dugu erronkarik behinena.
>
> Besterik gabeko sinonimo diren hitzak edo espresioak testu batean agertzen
> direnean, horri "inkoherentzia" iriztea arras bitxia iruditzen zait. Edo
> bati besteari baino zuzenagotzat iriztea, biak baimenduta daudenean.
>
> Izan ere, jokaldi BAIMENDU bat egin duen futbol-jokalariari lasai egoteko,
> txartel gorria ezetz, baina... zera... txartel horia bai, hori atera eginen
> diotela esango baliote, zer pentsatuko genuke? Lasaigarri makala, ez?
>
> Xabier Aristegieta
>
>
> Hau idatzi du Ana Morales , ItzuL-en bidez (itzul a bildua postaria.com)
> erabiltzaileak (2024 eka. 26(a), az. (12:18)):
>
>>
>> Xabier Aristegieta, guztiz bat nator zurekin. Bikain azaldu duzu, adibide
>> eta argumentu ezin egokiagoekin. Askotan etorri zait burura gaztelaniazko
>> "hiciera/hiciese" ren adibide hori, eta barre egin dut neure artean
>> pentsatzean *variatio* estilistiko horrek ez lukeela pasatuko euskaldun
>> zenbaiten zuzentasun galbahea.
>>
>> Mila esker.
>>
>> Ana Morales
>>
>> En viernes, 21 de junio de 2024, 12:31:34 CEST, Xabier Aristegieta <
>> allurritza a bildua gmail.com> escribió:
>>
>>
>> Eskerrik asko erantzuteagatik.
>>
>> Baldin "honako (+izena) + a" egitura gramatikala bada, eta kataforetarako
>> erabili ere erabili egiten bada, nik ez dut ulertzen zerk behartzen duen
>> kataforetarako aukera zilegitzat bakar bat aurkeztera. "Honako hau" gehiago
>> erabiltzen dela? Primeran. Eta zer? Horrek inola ere behartzen al du
>> "honakoa da" baztertzera?
>>
>> Horren antzera, zeren egin baitu / zeren egin duen egituren artean bat
>> bakarra aukeratzen ibili beharko genuke, edo "-gatik" atzizkiaren eta "-en
>> kariaz" espresioaren artean, edo gaztelaniaz "hiciera/hiciese" bikotetik
>> bakarra hartu beharko litzateke ontzat... eta abar eta abar.
>>
>> Laburbilduz: ez dudala ikusten zer duen txarretik gauzak esateko modu
>> desberdinak egoteak, "inausketa" bat egitera behartuko lukeenik.
>>
>> Euskaltzaindiaren Hiztegiak berariaz esanda uzten du "honako"rekin batera
>> "artikulua edo erakusle bat" agertzen dela. Egia da jarraian ematen dituen
>> adibide guztiak erakusledunak direla. Baina zenbat aldiz ez ote zaigu esan
>> hizlari bikainen hizkerari behar zaiola erreparatu, eta ez
>> halamoduzkoenari? Utz ditzagun alde batera Googleko bilaketa batek
>> eskaintzen dizkigun askotariko emaitzak, eta jo dezagun zuzen-zuzenean
>> euskaltzainen hizkerara.
>>
>> Har dezagun "Euskararen Gramatika". Euskaltzainek idatzia. Onartzen
>> badugu bitxi askoa litzatekeela nork eta euskaltzainek zeri eta gramatikari
>> buruz idatzitako lan oparo batean zer eta "ez erabiltzeko" moduko
>> espresioak erabiltzea, nire ustez ezinezkoa da honakoak bezalako espresioei
>> (ez ditut adibide guztiak ekarri, batzuk baizik) oztoporik txikiena jartzea
>> (dela gaitzetsiz, dela ez erabiltzeko gomendatuz):
>>
>> *Hizkuntzalariek honako bereizketak azpimarratu dituzte flexio morfemen
>> eta eratorpen morfemen artean: (M. Azkarate) *
>>
>> *Zehazki, honako azpisailak bereiziko ditugu: (M. Azkarate)*
>>
>> *Mota honetakotzat hartu zituen Euskaltzaindiak honakoak: (M. Azkarate)*
>>
>> *Berrelkarketaren adibide dira honako izen elkartuak: (M. Azkarate)*
>>
>> *Aposizio ez-murrizgarriak dira honakoak: (M. Azkarate)*
>>
>> *Horregatik, honako sailkapena dakargu: (J. Garzia) *
>>
>> * Azpian ditugun perpausak honakook dira: (P. Salaburu)*
>>
>> * Orobat, honako perpaus pareetan ere paralelotasuna ongi ikusten ahal
>> dugu: (P.Salaburu)*
>>
>> * Perpaus hauetako lehenak, izatekotan ere, honako esanahia izango luke,
>> gutxi gorabehera: (P. Salaburu)*
>>
>> * Eta horrela, honako adibideetan erakusten den bezala, ezkerreko
>> egituratik eskuinekora pasa gaitezke arazorik gabe: (P. Salaburu)*
>>
>> * Bigarren graduko erakuslea honako esapideetan ere erabil daiteke, bai
>> horixe! edo horixe baietz! noski-ren baliokide direnak: (P. Salaburu)*
>>
>> * Har ditzagun honako perpaus bikoteak: B. Oyharçabal, J. Garzia eta M.
>> Azkarate)*
>>
>> * Honakoa izango litzateke ba- aurrizkia erabiliz osatzen diren
>> baldintzazko perpausen laburpen taula aldiaren eta aspektu markaren
>> arabera: (I. Amundarain)*
>>
>> * Ikus, hala ere, honako testuak: (J. A. Mujika)*
>>
>> *Mendeko perpausei begiratuz honakoak ulertuko genituzke: (I. Amundarain)*
>>
>>
>> Ondo izan.
>>
>> Xabier Aristegieta
>>
>>
>> Hau idatzi du IVAP, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (izo a bildua ivap.eus)
>> erabiltzaileak (2024 eka. 21(a), or. (10:03)):
>>
>>
>>
>> Eskerrik asko zure oharrengatik, Xabier. Gure irizpide-bildumaren testua
>> eguneratzeko 2023an egindako bileretako aktetan jasoa dugu, hitzez hitz,
>> “leundu idazkera” zuk aipatzen duzun puntu horretan; alegia, geuk ere
>> gogortxo jo genuela “erabat okerra” hori, eta “ez erabiltzeko gomendioa”
>> edo horrelako zerbait egokiagoa iruditzen zitzaigula. Baina leuntzea ahaztu.
>>
>> Egia da, bestalde, kanpoan ikusgai jarri dugun dokumentu hori, berez,
>> barruko batasuna bermatzeko tresna dela, izan ere, funtsean.
>>
>> Gure eguneroko lanean, Euskaltzaindiak dioenetik harago joan behar dugu,
>> gure joko-eremua diferentea delako, alde askotatik. Eta zer dio
>> Euskaltzaindiaren Hiztegiak?
>>
>> *honako*
>>
>> *1* *hona*-ri dagokion izenlaguna. *Bilbotik honakoa, hamar euro*. *Noizik
>> honakoa da eliza hau?*
>>
>> *2* *adj.* Hau, hemengo hau. (Dagokion izen sintagmaren ezkerrean
>> ezartzen da, artikuluak edo erakusle batek, gehienetan *hau*-k, mugatzen
>> duela sintagma).*Honako adibide hau jarri zuen*. *Jaiotzez nafarra
>> zelako hizkuntzaz, honako idazle hau bezalaxe*. *Ez dira giputzak
>> jendetasunik gabeko pertsonak; zerbait badira, malguagoak eta diplomaziara
>> emanagoak dira, honako hau bezala*. *Ez uste musu truk nabilenik honako
>> honetan*. *Hor aurkitzen da honako idazlan hau, beste zenbaiten artean:
>> Herbert Pilch, "Le bilinguisme au Pays de Galles"*. *X jaunak, adibidez,
>> honako hitz harrigarri hauek ezarri ditu bere azken liburuan*. *Euskalki
>> horretan, honako Leizarragaren esaldi honek ez du itzulpen zuzenik*.
>>
>>
>>
>> Zazpi adibide, eta zazpietan erakuslea, bat ere ez artikuluarekin. Eta
>> badakigu adibideak tentu handiz aukeratuta daudela, eta erabilera
>> estandarrerako erakusbide direla.
>>
>> Bide beretik Jagonet zerbitzua:
>>
>>
>> https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_jagonet&task=galdera&Itemid=1716&lang=eu&id=182
>>
>> Erreferentziazko lan honi begira jarri ginen: “Katafora-esapideak
>> bateratzeko bidean”, Juan Garzia Garmendia, Euskara Zerbitzua. Baliagarria
>> iruditu zitzaigun, eta, egilearen berme sendoak akuilatuta, proposamena
>> egitea erabaki genuen.
>>
>>
>>
>> Kontuan hartuko dugu zure ekarpena.
>>
>>
>>
>> IZOko Itzulpen eta Berrikusketa Irizpideen Lantaldea.
>>
>>
>>
>>
>>
>> *From:* Xabier Aristegieta <allurritza a bildua gmail.com>
>> *Sent:* Wednesday, June 19, 2024 5:33 PM
>> *To:* ItzuL <itzul a bildua postaria.com>
>> *Subject:* [itzul] "Honako legea"
>>
>>
>>
>> IVAPek argitaratu berri duen "Itzulpen- eta berrikusketa-irizpideak.
>> Erabakiak eta gomendioak" dokumentuan, ezin bipilago esaten da ezen, zentzu
>> kataforikoa adierazteko, "erabat okerra" dela *honako (+ izena) +
>> mugatzailea *egitura. Eskaintzen dituen adibide hauetakoa, alegia:
>>
>>
>>
>> **(...) Errege Dekretua, (...), honako errege-dekretua aldatzen duena*
>>
>> **Gorte Nagusiek honako legea onetsi dutela eta nik berretsi egiten
>> dudala.*
>>
>>
>>
>> Halaber esaten da ezen, "honako" erabiliz gero, izenaren ondoren
>> "hau/hauek" erakuslea behar dela nahitaez erabili. Alegia, goiko
>> adibideetan "honako errege-dekretu hau" eta "honako lege hau" erabili
>> beharko zirela.
>>
>>
>>
>> Gaitzespen horrek txundituta utzi nau.
>>
>>
>>
>> Batetik, ez dudalako ikusten gramatikako zer arrazoik debekatzen duen
>> "honako" den izenlagun horrek zeri lagun egitea eta jarraian
>> mugatzailearekin doan izen bati. Beraz, ez dirudi gaitzespenaren arrazoia
>> gramatikala denik.
>>
>>
>>
>> Bestetik, *honako+izena+mugatzailea *egituraren erabilera
>> *honako+izena+erakuslea *egiturarena bezain ugaria ez izateak ez diolako
>> ezer kentzen egituraren zuzentasunari. Bidenabar esanda: nahi duenak
>> Googlen bilaketa egin dezake, esate baterako "honakoa"ri
>> esan/erantzun/entzun/ikusi... aditzak gehituta (*honakoa esan*, *honakoa
>> entzun*, eta abar) eta emaitza polit askoak aurki ditzake.
>>
>>
>>
>> Eta Euskaltzaindiak? Zer dio "honako esaldia"ren tankerakoez?
>>
>>
>>
>> Euskaltzaindiaren Hiztegian "honako" begiratuta, ikus zer dioen bigarren
>> adieran:
>>
>>
>>
>> 2 adj. Hau, hemengo hau. (Dagokion izen sintagmaren ezkerrean ezartzen
>> da, artikuluak edo erakusle batek, gehienetan *hau*-k, mugatzen duela
>> sintagma).
>>
>>
>>
>> Irakurri duzue, ezta? "*ARTIKULU *edo erakusle batek, *gehienetan hau*-k
>> [azken zertzelada hori ez du inork zalantzan jartzen], mugatzen duela
>> sintagma"
>>
>>
>>
>> Halaber, bururatu zait Euskaltzaindiaren "Euskararen Gramatika"n
>> "honakoa" edo "honako + izena + mugatzailea" zenbat aldiz agertzen den
>> bilatzea. Erantzuna: bederatzi aldiz. Nork eta Euskaltzaindiak zertaz eta
>> Euskararen Gramatikaz idatzitako obra goren horretan.
>>
>>
>>
>> Hori guztia horrela, IVAPeko lan horren arduradunei jendaurrean egiten
>> diedan galdera da: zertan oinarritu zarete aipatu egitura "erabat okerra"
>> dela esateko?
>>
>>
>>
>> Esker mila.
>>
>>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20240626/ca9ac241/attachment-0001.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago