[itzul] "Aginduzko": kontuz
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Al, Maiatza 13, 15:46:47, CEST 2024
Euskaltzaindiaren Hiztegian "aginduzko" begiratuta, hauxe dio:
*aginduzko*
1 adj. Nahitaez bete beharrekoa. *Aginduzko araua*. *Aginduzko proba*.
2 adj. Hitzemandakoa.
Ematen duen lehen adierari heldu nahi nioke, nire ustez ez baita adiera
"bat", bi baizik. Eta, horregatik, komeni litzateke euskaraz bi hitz
desberdin erabiltzea, eta ez hitz bera, nahaste-borrasteak ekiditeko.
Gauza bat da kasuko dena delakoaren *edukia *aginduzkoa izatea; hots,
nahitaez bete beharrekoa izatea. Adibideak berak dioen bezala, "aginduzko
araua", esate baterako. Nahitaez bete behar da; ezin da bestelakorik egin.
Gaztelaniaz, "norma de obligado cumplimiento", edo "derecho imperativo"
(horretaz bestelakoa da "derecho dispositivo" gisa ezagutzen dena; hots,
kontratu bateko alderdiek berariaz bestelakorik ituntzen ez duten
okasioetan bakarrik aplikatzen dena, baina alderdiek bestelako erabakia
hartuz hori ekiditea zilegi izanda).
Beste gauza bat da, ordea, kasuko dena delakoaren existentzia nahitaezkoa
izatea (horren edukian sartu ere egin gabe). Hori litzateke
Euskaltzaindiaren Hiztegiak aipatzen duen "aginduzko proba" hori: nahitaez
egin behar dena, edukia zein ere den. Gaztelaniaz "preceptivo" erabiltzen
da horretarako, nahiz eta DRAEk ere nahasi egiten dituen bi adierak
"preceptivo" adjektiboaren azalpenean:
1.- Que incluye o encierra en sí preceptos.
2- Ordenado por un precepto.
Sin.:
- obligatorio1, normativo, reglamentario, legal, regulado.
Ant.:
- potestativo, facultativo, opcional.
-
(...)
Bi adiera horiek euskaraz ez baditugu bi hitz desberdinen bitartez
bereizten, espresio lauso batzuekin topa gaitezke. Izan ere, zer da
"aginduzko txosten" bat? Edukia nahitaez bete beharrekoa duena? Ala
–errealitatean den bezala– nahitaez egin behar den txosten bat (=hots,
prozedura batean ezin duzu aurrera segi, baldin ez badiozu kasuko organoari
eskatu txosten bat egin dezan, espedientean nahitaez jasota utzi behar
delako zein den organo horren iritzia), nahiz eta horren edukia aholku
hutsezkoa izan daitekeen?
Nire iritzia:
1. Nahitaez bete beharreko edukia duena: *aginduzkoa *( nahiz eta, egia
esateko, hitz hori oso gustukoa ez dudan, "aginduz eginikoa" zentzuaren
kutsua duelako, eta ez da hori adierazi nahi dena, baizik eta "aginduduna",
"agindutsua" edo "agindutasunezkoa" dela; hots, "agindu izaerakoa").
2- Nahitaez egin/egon behar dena (edukiaren nolakotasuna zein ere den):
*nahitaezkoa*. Horrela, nahitaezko txostena, nahitaezko kontsulta,
nahitaezko proba.
Ez dakit zer deritzozuen.
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20240513/67c56090/attachment-0001.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago