[itzul] EUROPAKO MUGIKORTASUN ASTEAREN LELOA
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Ost, Abu 6, 02:15:36, CEST 2025
Oldozpen batzuk, zuk galdetzen duzunaz eta ez duzunaz.
1.- Uste dut bataila galdua dela, baina ez dut etsiko: nire ustez,
“mugikortasun” hitzak aditzera ematen du mugitzeko JOERA duenaren
nolakotasuna. Balioko luke, adibidez, “En Estados Unidos existe una gran
movilidad laboral/territorial/residencial” esaldiko “movilidad” hori
euskaraz emateko; hain zuzen, mugitzeko joera edo, nahi bada, prestasuna
hizpide hartzen den heinean.
2.- Baina “movilidad” horrek esan nahi badu herritarrek garraiobideetarako
duten irisgarritasuna edo haietaz egiten duten erabilera, horretarako
(alegia, finean “mugitzeko ahalmena” adierazteko) euskaraz badaukagu -MEN
atzizki ezin aproposagoa, berariaz horrelako kasuetan erabilia izateko
eskueran duguna: zentzumenak adierazteko ez ezik (“zentzumen” hitzetik
beretik hasita: ikusmen, entzumen, ukimen, dastamen, usaimen), baita
bestelako ahalmenak izendatzeko ere (“ahalmen”etik bertatik abiatuta,
badauzkagu ulermen, erabakimen, mintzamen eta abar).
Bigarren kasu honetarako “mugikortasun” erabiltzea, zozokeria bat eta
euskararen baliabide ezin aproposago batekiko oharkabekeria bat iruditzen
zait. Baliabide ezin aproposagoa eta bizi-bizia, kontuz: ez naiz hemen ari
ezein arkaikotasun biziberritzeaz, baizik eta eguneroko erabilerakoa den
zerbaitetaz.
Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere ez dio “mugikortasun”i bigarren adiera hau
ematen, jasotzen duen adibidean, joerarena baizik, nire ustez:
*Informazioen, irudien eta kapitalen mugikortasunak zaharkituta utzi ditu
mugaren edo lurraldearen ideiak*.
Egia da, bai, “mugikor”en jaso egiten duela “mugi daitekeena” adiera
(“aulki mugikor” eta, jakina, “telefonia mugikor” ere jasotzen ditu). Baina
ni gehiago lerratzen naiz pentsatzera erabilera oker bati gogo txarrezko
ate-irekitzea egiten diola, ezen ez -KOR atzizkiari bigarren adiera bat
urrezko letretan zilegitzera. Ikusi besterik ez dago Euskararen Gramatikan
-KOR atzizkiari eskaintzen dion atalean (lehen liburukiko 161. orrialdean)
nolakoak diren jasotzen dituen adibide guztiak: joera esanahikoak, ez
ahalmen esanahikoak.
3.- “Unibertsal” ala “guztiontzako/guztiontzat”?
Ez dut hemen zalantzaren arrazoia ikusten: itzulkizunak “universal” esaten
badu, ba “unibertsal”. “Para todos/as” baldin badio, “guztiontzako”. Zer
arrazoi egon liteke jokabide horretatik aldentzeko?
4.- “Movilidad para todos” esaten badu, apustu egingo nuke “guztiontzaKO
mugimen”en alde, eta ez “mugimena guztiontzat”en alde. Iruditzen zait ezen,
adibide honetan, “para todos” sintagma preposizionalak “movilidad” izenaren
osagarri diharduela funtzioz, eta izena+osagarria multzo osoak
izen-sintagma bat osatzen duela. Tira, baliteke, halaber, zeharkako
osagarri gisa funtzionatzen aritzea, hala nola “[reivindicamos] movilidad
para todos” adibidean (“¿para quién reivindicamos la movilidad? Para
todos”).
Euskaraz, ordea, “mugimena guztiontzat” ez da izen-sintagma bat,
“guztiontzat” hori adizlaguna delako: ez da ez izenlagun, ez izenondo. Eta
adizlaguna ez dago sintaktikoki izenarekin lotuta, aditzarekin baizik,
“adizlagun” izendapenak berak ere arazki eta gardenki erakusten duenez.
Horrela, ba, euskaraz “mugimena guztiontzat” bloke bateratu gisa
hautematearen arrazoi xinple askoa testuan ikusten dugun hurbiltasun
grafikoa besterik ez da. Baina saiatu “bloke” hori testuaren jarioan
txertatzen , eta berehala ikusten da euskaraz ez duela funtzionatzen; bai,
baina, gaztelaniaz: “han destinado un millón de euros a la movilidad para
todos”… *”mugikortasuna guztientzatera (!!!) milioi bat euro bideratu dute”.
Adizlagun den heinean, “guztiontzat” hori elidituta lihoakeen aditz bati
lotuta dago ezinbestean. Zein aditz, zehazki? Aieru hutseko kontua dugu,
gaztelaniazko “reivindicamos” aditzaren hipotesi horretan egin bezala:
Mugimena guztientzat DA, mugimena guztientzat AINTZAT HARTUA, mugimena
guztientzat ESKAINIA…auskalo.
Xabier Aristegieta
El El mar, 5 ago 2025 a las 21:02, Pello Goikoetxea , ItzuL-en bidez <
itzul a bildua postaria.com> escribió:
> Aurtengo leloari buruz, ingelesez Mobility for Everyone, europatik
> Movilidad para todas las personas proposatzen dute beraien factsheet
> horrietan.
>
> Lehen Udalsareak koordinatzen zuen eta euskeraz proposatu leloa. Oraingoz
> ez dute ezer jarri, ez daukat argi lan hori egingo ote duten. Espainiako
> ministerioak ez du oraindik informaziorik jarri 2025eko edizioari buruz.
>
> Bilbon berri bat egin dute jada, eta Nafarroan ere. Hauek dira erabili
> dituzten leloak:
>
> Bilbo: Movilidad universal / Guztiontzako mugikortasuna
>
> Nafarroako udalen federazioa: Movilidad para todas las personas /
> Mugikortasuna guztiontzat
>
> Euskaltermek ingleseko "universal" euskeraz "unibertsal" jartzen du
> "pertsona guztientzat" adieran (universal accessibility, Universal
> Declaration of Human Rights, ...).
>
> Zer iruditzen? Zein erabili beharko genuke?
>
> Mila esker
>
>
> *Pello Goikoetxea*
> Itzulpen Atalaren burua
>
> 943483472
> pello_goikoetxea a bildua donostia.eus - www.donostia.eus
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20250806/281bb440/attachment-0001.htm>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: noname
Mota: image/jpeg
Tamaina: 13701 bytes
Azalpena: ez dago erabilgarri
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20250806/281bb440/attachment-0002.jpe>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: noname
Mota: image/jpeg
Tamaina: 6393 bytes
Azalpena: ez dago erabilgarri
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20250806/281bb440/attachment-0003.jpe>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago