[itzul] Mugagabea/mugatua

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Ost, Urt 29, 17:56:17, CET 2025


Kaixo, Eneko.

Lehenbizi, nire proposamen zehatzak; eta gero, gogoeta nire ustez
garrantzitsu batzuk.

Máster Universitario en Machine Learning: Machine Learning alorreko
Unibertsitate Masterra
Máster Universitario en International Business: International Business
alorreko Unibertsitate Masterra

a) Zuk plazaratutakoak bezalako adibideetan, non beste hizkuntzetako hitzak
erabiltzen diren, "alorreko" hori gehitzeak erraztu egiten du beste
hizkuntzako hitza bere horretantxe identifikatzea (ingeleseko hitzen kasuan
beharbada ez dago gaur egun hainbesteko problemarik, baina beste hizkuntza
batzuetako hitzekin, ordea, gerta liteke).

b) Orain heldu nahi nioke nire ustez munta ikaragarrizkoa den eta orain
arte oharkabeegian dirauen gai bati:

Gaztelaniaz, "Máster en X" espresioa izen-sintagma bat da, zeinean nukleoa
"máster" izena baita, eta "en X" sintagma preposizionala, nukleo horren
izenondoa (*complemento del nombre*). Halako izen-sintagmatzat (*sintagma
nominal*), problema berezirik gabe erabil daiteke edozein testuinguru
sintaktikotan. Adibidez:


   1. El Máster en Machine Learning es muy caro.
      2. Su hijo está cursando un Máster en Machine Learning.
      3. Esta subvención es para el Máster en Machine Learning.
      4. El decano está en contra del Máster en Machine Learning.

Euskaraz, ordea, "Masterra Xn" ez da izen-sintagma bat: "Xn" hori
adizlaguna denez –eta ezin da besterik izan–, ez dauka "master" izenarekin
lotura sintaktikorik. Duen "lotura" bakarra da izen bat eta adizlagun bat
bata bestearen ondoan idatziak egoteak irakurlearen begietara jaurtitzen
duen ikusizko inpresioa. Elkarren ondoan idatzita egote hutsa, alegia.

Gaztelaniaz sintagma trinkoa den hori euskaraz halakoa ez dela oso argi
geratzen da perpaus baten jarioan txertatzen dugunean. Horrela, "Masterra
Machine Learningean" erabiliz itzultzen baditugu gaztelaniazko goiko lau
adibide horiek:


   1.  *Masterra Machine Learningean oso garestia da.
      2. * Haren semea Masterra Machine Learningean ikasten ari da.
      3.  *Dirulaguntza hau Masterra Machine Learningean-arentzat da.
      4.  *Dekanoa Machine Learningean-en aurka dago.

Hasteko, hirugarrena eta laugarrena agramatikalak dira (ez badira,
behintzat, komatxo artean jartzen, izen berezi bezala tratatuta: *Dirulaguntza
hau "Masterra Machine Learningean"arentzat da*, halaxe esaten ditugunez,
konparazio baterako, *"Kilometroak"en elkar ikusi genuen* edo *"Berria"ko
estilo-liburua*).

Baina, batez ere, emaitza agramatikalik eskuratzen ez denean ere, esanahia
gaztelaniazkoaz zeharo bestelakoa da: adizlaguna, horixe izateagatik hain
zuzen, automatikoki ulertzen da aditzaren osagarri gisa. Horrela, lehen
esaldian, esaldiak erantzuten dio *Masterra non da garestia?*
galderari, *Machine
Learningean [da garestia]* erantzunda. Eta, bigarrenean, *Haren sema non
ari da Masterra ikasten?* galderari, *Machine Learningean [ikasten]*
erantzunda.


Antzera gertatzen da makina bat adibiderekin:


*Inversiones en infraestructuras = inbertsioak azpiegituretan*. Baina hori
ez denez izen-sintagma bat, ezin da, bere horretan, perpausean txertatu
honako hau emateko: *tenemos problemas con las inversiones en
infraestructuras = *inbertsioak azpiegituretan-ekin arazoak dauzkagu???*

*Doctor en etnolingüística vasca = Doktorea euskal etnolinguistikan. *Baina* le
han dado un premio al doctor en etnolingüística vasca = *sari bat eman
diote doktoreari euskal etnolinguistikan? *(esaldi hau zuzena da, jakina,
baina beste esanahi batekin: el famoso doctor ha recibido un premio en
etnolingüística vasca).


Horrenbestez, nire ustez "Masterra Xn" espresio hori ezin da besterik izan,
azaleko egituran elidituta daukan baina sakoneko egituran hortxe badagoen
adizdun espresio bat baizik.


Labur esanda: nire ustez, printzipioz ideia txarra da, eta makina bat
katramilaren iturri, gaztelaniazko sintagma preposizionala euskarazko
adizlagun batekin ematea. Onargarritzat joko nuke, bakar-bakarrik,
isolatuta doanean, hala nola izenburu, argazki-oin edo artelan baten
izenean (adibidez, *Kristoren agerkundea Maria Magdalenari*).

Baina, noski, nekez egon gaitezke zeharo ziur ez zaigula premiarik
suertatuko espresio hori testuinguru zabalago batean txertatzeko.



Xabier Aristegieta

Hau idatzi du Eneko Aizpurua (eneko.aizpurua a bildua unavarra.es) erabiltzaileak
(2025 urt. 29(a), az. (15:17)):

> Kaixo itzulkideok,
>
>
> Bulegoan ez gara ados jartzen nola deklinatu unibertsitateko master
> batzuen izenak euskaraz, hots, mugagabea edo mugatua behar duten:
>
> 1. Máster Universitario en Machine Learning: Unibertsitate Masterra
> Machine Learningen ala Unibertsitate Masterra Machine Learningean
>
> 2. Máster Universitario en International Business: Unibertsitate
> Masterra International Businessen ala Unibertsitate Masterra
> International Businessean
>
>
> Zer deritzozue horri?
>
>
> Eskerrik asko
>
> Eneko
>
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20250129/15d9b6da/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago