[itzul] Mugagabea/mugatua

Alfontso Mujika Etxeberria mujikaetxeberriaa a bildua gmail.com
Ost, Urt 29, 20:28:26, CET 2025


Aspaldi detektatu eta deskribatutako gaia da (ikusi, adibidez, *Euskara
Batuaren Eskuliburua*n:
https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ebe&view=bilaketa&Itemid=1715&task=bilaketa&lang=eu&id=36&highlight=izen-sintagman),
eta Xabier Aristegietak oso ondo azaldu du zein den arazoa eta zein
irtenbidea.

Apunte bat besterik ez: ondo dago < Machine Learning alorreko Unibertsitate
Masterra >, baina "alorreko" gabe ere ("alor" hitza gabe) eman daiteke.
Master-izenen zerrenda luzeak eman behar badira edo maiz idatzi behar bada,
nekagarri gerta daiteke beti "alorreko" erabili beharra, eta arlo horretako
espezialistek, adibidez, erraz joko dute "alor" hitza kentzera eta *-ko*
zuzenean lotzera. Hona hemen, kasurako, nola erabili duen Nafarroako
Unibertsitate Publikoak:
Unibertsitate Masterra Machine Learningean - Aurkezpena
[image: image.png]
UPNA
https://www.unavarra.es › masteres
<https://www.unavarra.es/eu/sites/masteres/informatica-y-telecomunicacion/master-machine-learning.html>
Zergatik ikasi Machine Learningeko Unibertsitate Masterra? · Machine
Learningaren
eta Deep Learningaren oinarri teoriko eta praktikoak · Deep Learningeko
ereduen ...

El mié, 29 ene 2025 a las 19:22, Xabier Aristegieta (<allurritza a bildua gmail.com>)
escribió:

> Kaixo, Eneko.
>
> Lehenbizi, nire proposamen zehatzak; eta gero, gogoeta nire ustez
> garrantzitsu batzuk.
>
> Máster Universitario en Machine Learning: Machine Learning alorreko
> Unibertsitate Masterra
> Máster Universitario en International Business: International Business
> alorreko Unibertsitate Masterra
>
> a) Zuk plazaratutakoak bezalako adibideetan, non beste hizkuntzetako
> hitzak erabiltzen diren, "alorreko" hori gehitzeak erraztu egiten du beste
> hizkuntzako hitza bere horretantxe identifikatzea (ingeleseko hitzen kasuan
> beharbada ez dago gaur egun hainbesteko problemarik, baina beste hizkuntza
> batzuetako hitzekin, ordea, gerta liteke).
>
> b) Orain heldu nahi nioke nire ustez munta ikaragarrizkoa den eta orain
> arte oharkabeegian dirauen gai bati:
>
> Gaztelaniaz, "Máster en X" espresioa izen-sintagma bat da, zeinean
> nukleoa "máster" izena baita, eta "en X" sintagma preposizionala, nukleo
> horren izenondoa (*complemento del nombre*). Halako izen-sintagmatzat (*sintagma
> nominal*), problema berezirik gabe erabil daiteke edozein testuinguru
> sintaktikotan. Adibidez:
>
>
>    1. El Máster en Machine Learning es muy caro.
>       2. Su hijo está cursando un Máster en Machine Learning.
>       3. Esta subvención es para el Máster en Machine Learning.
>       4. El decano está en contra del Máster en Machine Learning.
>
> Euskaraz, ordea, "Masterra Xn" ez da izen-sintagma bat: "Xn" hori
> adizlaguna denez –eta ezin da besterik izan–, ez dauka "master" izenarekin
> lotura sintaktikorik. Duen "lotura" bakarra da izen bat eta adizlagun bat
> bata bestearen ondoan idatziak egoteak irakurlearen begietara jaurtitzen
> duen ikusizko inpresioa. Elkarren ondoan idatzita egote hutsa, alegia.
>
> Gaztelaniaz sintagma trinkoa den hori euskaraz halakoa ez dela oso argi
> geratzen da perpaus baten jarioan txertatzen dugunean. Horrela, "Masterra
> Machine Learningean" erabiliz itzultzen baditugu gaztelaniazko goiko lau
> adibide horiek:
>
>
>    1.  *Masterra Machine Learningean oso garestia da.
>       2. * Haren semea Masterra Machine Learningean ikasten ari da.
>       3.  *Dirulaguntza hau Masterra Machine Learningean-arentzat da.
>       4.  *Dekanoa Machine Learningean-en aurka dago.
>
> Hasteko, hirugarrena eta laugarrena agramatikalak dira (ez badira,
> behintzat, komatxo artean jartzen, izen berezi bezala tratatuta: *Dirulaguntza
> hau "Masterra Machine Learningean"arentzat da*, halaxe esaten ditugunez,
> konparazio baterako, *"Kilometroak"en elkar ikusi genuen* edo *"Berria"ko
> estilo-liburua*).
>
> Baina, batez ere, emaitza agramatikalik eskuratzen ez denean ere, esanahia
> gaztelaniazkoaz zeharo bestelakoa da: adizlaguna, horixe izateagatik hain
> zuzen, automatikoki ulertzen da aditzaren osagarri gisa. Horrela, lehen
> esaldian, esaldiak erantzuten dio *Masterra non da garestia?* galderari, *Machine
> Learningean [da garestia]* erantzunda. Eta, bigarrenean, *Haren sema non
> ari da Masterra ikasten?* galderari, *Machine Learningean [ikasten]*
> erantzunda.
>
>
> Antzera gertatzen da makina bat adibiderekin:
>
>
> *Inversiones en infraestructuras = inbertsioak azpiegituretan*. Baina
> hori ez denez izen-sintagma bat, ezin da, bere horretan, perpausean
> txertatu honako hau emateko: *tenemos problemas con las inversiones en
> infraestructuras = *inbertsioak azpiegituretan-ekin arazoak dauzkagu???*
>
> *Doctor en etnolingüística vasca = Doktorea euskal etnolinguistikan. *
> Baina* le han dado un premio al doctor en etnolingüística vasca = *sari
> bat eman diote doktoreari euskal etnolinguistikan? *(esaldi hau zuzena
> da, jakina, baina beste esanahi batekin: el famoso doctor ha recibido un
> premio en etnolingüística vasca).
>
>
> Horrenbestez, nire ustez "Masterra Xn" espresio hori ezin da besterik
> izan, azaleko egituran elidituta daukan baina sakoneko egituran hortxe
> badagoen adizdun espresio bat baizik.
>
>
> Labur esanda: nire ustez, printzipioz ideia txarra da, eta makina bat
> katramilaren iturri, gaztelaniazko sintagma preposizionala euskarazko
> adizlagun batekin ematea. Onargarritzat joko nuke, bakar-bakarrik,
> isolatuta doanean, hala nola izenburu, argazki-oin edo artelan baten
> izenean (adibidez, *Kristoren agerkundea Maria Magdalenari*).
>
> Baina, noski, nekez egon gaitezke zeharo ziur ez zaigula premiarik
> suertatuko espresio hori testuinguru zabalago batean txertatzeko.
>
>
>
> Xabier Aristegieta
>
> Hau idatzi du Eneko Aizpurua (eneko.aizpurua a bildua unavarra.es) erabiltzaileak
> (2025 urt. 29(a), az. (15:17)):
>
>> Kaixo itzulkideok,
>>
>>
>> Bulegoan ez gara ados jartzen nola deklinatu unibertsitateko master
>> batzuen izenak euskaraz, hots, mugagabea edo mugatua behar duten:
>>
>> 1. Máster Universitario en Machine Learning: Unibertsitate Masterra
>> Machine Learningen ala Unibertsitate Masterra Machine Learningean
>>
>> 2. Máster Universitario en International Business: Unibertsitate
>> Masterra International Businessen ala Unibertsitate Masterra
>> International Businessean
>>
>>
>> Zer deritzozue horri?
>>
>>
>> Eskerrik asko
>>
>> Eneko
>>
>>
>>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20250129/84c9d562/attachment-0001.htm>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: image.png
Mota: image/png
Tamaina: 271 bytes
Azalpena: ez dago erabilgarri
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20250129/84c9d562/attachment-0001.png>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago