[itzul] gutxiak
Urtzi Urrutikoetxea
urtziurrutikoetxea a bildua hotmail.com
As, Maiatza 6, 07:37:06, CEST 2025
Eskerrik asko, Fernando, horixe azaldu nahi nuen nik ere: susmoa dut ez duela erabili natural handirik izan oraintsu arte. Baina espainolaren kalko gehiagorekin gertatu ohi denez, "etorri diren apurrak" (bakanak?) edo antzekoak baztertu, eta "gutxiak" orokortuko ote den.
Antzera gertatzen zait "zerbait + adjektiboa"rekin (zerbait handia / ona / berezia). Sasoi batean behintzat "gauza berezi(ren) bat" esango nuke. Ingelesezko "something"-ek ere "thing" hori darama azkenean. Baina aspaldiko erabilera izan edo berriki orokortua, egun hortxe daukagu.
Xabier, nik zure azken maila filosofiko horri helduko nioke: ia beti Ebrotik iparrera datoz, bazeuden adierazpideak zanpatzera ez badatoz zokoratzera behintzat bai. Halako batean, Bidasoaz iparrera ere irakurtzen diezu "bai ala bai" espainolez erabat moldatzen ez diren apurrei/bakanei ere.
Mila esker biei,
Urtzi
________________________________
From: FERNANDO REY ESCALERA <freyesca a bildua gmail.com>
Sent: Monday, May 5, 2025 15:45
To: ItzuL <itzul a bildua postaria.com>
Subject: Re: [itzul] gutxiak
Nik, Xabier, zalantza pixka bat dut.
Euskaltzaindiaren Hiztegiak dakarren 4. adiera horretan, "gutxia" izenondoa da, hau da, urriaren edo eskasaren sinonimoa, eta ez dut uste "etorri diren gutxiak" esaldiaren parekoa denik.
Orotariko Euskal Hiztegian, berriz, badator zuk esaten duzun adieran (gaizki ulertzen ez badut):
(Pl.). Pocos.
Anhitz direla deituak, baiña gutiak hautatuak. Ax 134 (V 88). Hortik heldu da haiñ gutiak baitdire perfekzioneko gradu gorara igaten direnak. He Gudu 79. Ea, ez, asko edo geienak bezala, ezbada gutxiak eta kontatuak bezala bizi bear det. Cb Eg III 133. Ni guti haukien nonbreko izan othe naiz? Brtc 167. Sartzerat menturatu ziren Portugesetarik gutiak ziren gibelerat itzuli. Ardoy SFran 249.
v. tbn. Guti: ES 179. Ch IV 8, 2. Mih 129. Etcham 45. JE Bur 207.
Ez dakit neurtzen horrek atea irekitzen ote dion erabilera horri.
Ez dakit asko zabaltzen ari den edo erabilera naturala ote den inon, edo inoiz onartu beharko den. Niri, dela dela, bitxia egiten zait. Nire inguruan eta nire inguruko askoren euskaran ez dago halakorik.
Horretarako, euskarak baditu bestelako bideak. "Etorri diren apurrak" esaten dut nik horretarako.
Nolanahi ere, ez naiz ausartzen esatera gaizki ote dagoen edo adiera hori onartu edo bultzatu behar ote den.
Ongi izan.
Fernando Rey
El lun, 5 may 2025 a las 20:57, Xabier Aristegieta (<allurritza a bildua gmail.com<mailto:allurritza a bildua gmail.com>>) escribió:
Kaixo, Urtzi.
Euskaltzaindiaren Hiztegiak gutxi-ri ematen dion laugarren adiera honako hau da:
4 adj. Urria. Jateko laburra eta lo gutxia. Zuen sineste gutxiagatik.
Horren argitan, nire ustez ez dago inolako oztoporik "etorri diren gutxiak" esateko. Hain zuzen ere, "etorri diren zaharrak" esatea bezain zilegi baita, hizkuntz zuzentasunaren ikuspegitik.
Maila "filosofiko"ago batean, nik esango nizuke oro har oso poz txikia ematen didala adierazpide bati euskararen ateak ixteak, non eta adierazpide horrek ez duen adierazpide baliokide jator bat zanpatzen.
Xabier Aristegieta
Hau idatzi du Urtzi Urrutikoetxea (urtziurrutikoetxea a bildua hotmail.com<mailto:urtziurrutikoetxea a bildua hotmail.com>) erabiltzaileak (2025 mai. 5(a), al. (15:55)):
Kaixo,
Geroz eta gehiago entzuten dut "gutxiak", "los pocos"en kalko. Niri belarrian krak egiten dit, baina ez dakit azaltzen. Testu batean ere topatu dut. "Gehienak etxean geratu dira. Etorri diren gutxiak...".
Inork azaltzerik, a) zuzena den? eta b) nik uste bezala, ez bada zuzena, azalpena?
Mila esker,
Urtzi
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20250506/049f773d/attachment-0001.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago