[itzul] gutxiak
Musde H
musdeh a bildua gmail.com
Ost, Maiatza 7, 13:19:47, CEST 2025
Nik bi zehaztapen:
"Gutxiak" eta "zaharrak" ez dira parekoak; zaharrak direnak, asko ala
gutxi, denak eta bakoitza dira zaharrak. Gutxi, ordea, ez da bakoitza denak
baizik, bste hainbaten aretan. Aditzondo kolektiboa da. (Zaharrak etorri
dira / gutxi etorri d(ir)a)
Alfontso eman sortan, ikus daiteke batzuetan "gutxi horiek" moldea
erabiltzen dela, goiko arrazoiarengatik, hots, kolektiboa delako, alegia,
"gutxi diren horiek" adierazteko?
Hau idatzi du Alfontso Mujika Etxeberria (mujikaetxeberriaa a bildua gmail.com)
erabiltzaileak (2025 mai. 6(a), ar. (10:52)):
> Ez diot eragozpenik ikusten *gutxiak *erabiltzeari testuinguru horretan.
> Corpusak arakatuta, ikusten da idazle onek ere erabiltzen dutela.
>
> --------------------------------------------
>
> Gainera, hitz egiten zuten *gutxiek* ez zuten beren buruaz jarduten:
> kontatzen zituzten istorioak besterenak ziren beti, oso bakanetan
> norberarenak. (Anjel Lertxundi)
>
> Goizean, lo egitea lortu zuten *gutxiek* bizkarreko-ipurdiko-lepoko minak
> esnatu zituen. (Fernando Morillo)
>
> Bereizi zirenean alde guztietara begiratu zuen, eta inor ez zegoela
> konprobatu: mirariz, haien ondoren erretzera atera ziren *gutxiak*
> itzuliak ziren tabernaren babesera. (Iban Zaldua)
>
> Gutxik burutu zuten ikastaro hura, baina *gutxi haiek* gazte irmoak
> ziren, zernahitarako jende kementsua. (Jose Morales)
>
> Bilete handiak, 500, 200 eta 100 eurokoak, erabiltzeko ohitura handirik ez
> dago eta erabiltzen duten *gutxiek* dendariengan sortzen duten
> mesfidantza sumatu dute. (Saioa Mujika, *Berria*)
>
> Orduan, jauna, gelditu direnetatik oraindik bizirik dauden gurutzatu *gutxi
> horiekin* hartuko du hiria berorrek, (Jon Alonso)
>
> Gizarte bizitzako, lege handi bat, da jaunak eta jaunpekoak egotea eta
> behean askoek *gutxiak* gora altxatzeko lan egitea. (Joxe Azurmendi)
>
> Ez al da hobe *gutxi horiendako* idaztea eta gainerakoak, balizko
> erdaldunak, atzentzea? / Zeren *gutxi horiek* bai esan dezakete euskara
> ere dutela "bere" hizkuntza, nola dugun guk, euskaltzale guztiok, erdara
> ere "gurea". (Pello Salaburu)
>
> Baina monarkietan eta aristokrazietan, oso gutxiri dagokie bertan egon eta
> monarkaren zein nobleen aginduak zuzenean entzutea, eta *gutxi horiei*
> eman behar zitzaien besteei aldarrikatu ahal izateko boterea. (Esteban
> Antxustegi)
>
> Emakume kirolariak ikusezinak dira, agertzen diren *gutxiak* informazio
> edo zutabe laburretan agertzendira (Ainhoa Gómez Pintado, UEU)
>
> Baina merkatura iritsi diren *gutxiak* maisu-lanak dira; lokaztietan
> islatzen diren kolorez eta distiraz beteta daude. (Paul Gallico, Booktegi)
>
> Bertan bildu ohi ziren, ezkutuan, arrisku osoan, Hitlerren kontra jarduten
> zuten *gutxi horiek*. (Begoña del Teso, *Berria*)
>
> Dayouben nagusia bihotz oneko gizona zen, eta merkatuan egin beharrekoak
> ahaztuta, berehala hasi zen gorpu odolduen artean bizirik egon zitezkeen
> *gutxiak* lagundu nahian (Josu Waliño)
>
> Maila ertaineko lanpostu gutxi ditu: negozioen jabe diren *gutxi horiek*
> dirutu egiten dira eta gainerako guztiek gutxieneko soldata baino ez dute
> kobratzen. (*Argia*)
>
> Gaineratu du ez binario lodirik ez dagoela: «Normalean, gutxi agertzen
> dira, eta agertzen diren *gutxi horiek* argalak eta edertasun kanonen
> araberakoak dira». (*Berria*)
>
> Saregileak ez dira portu guztietan egoten, eta maiz joaten dira ontziak
> dauden tokietara. Adibidez, Donostiako kaian ikus daitezken *gutxiak*
> kanpokoak dira; gehienetan Hondarribitik edo Oriotik joandakoak. (Mikel
> Goñi, *HABE*)
> (...)
>
> -----------------------------------------------------------------------------
>
> El mar, 6 may 2025 a las 9:57, Kepa Diegez (<kepa.diegez a bildua gmail.com>)
> escribió:
>
>> "Etorri diren bakanak" ere esaten dugu.
>>
>> Urtzi Urrutikoetxea <urtziurrutikoetxea a bildua hotmail.com> igorleak hau idatzi
>> zuen (2025 mai. 6(a), ar. (07:57)):
>>
>>> Eskerrik asko, Fernando, horixe azaldu nahi nuen nik ere: susmoa dut ez
>>> duela erabili natural handirik izan oraintsu arte. Baina espainolaren kalko
>>> gehiagorekin gertatu ohi denez, "etorri diren apurrak" (bakanak?) edo
>>> antzekoak baztertu, eta "gutxiak" orokortuko ote den.
>>>
>>> Antzera gertatzen zait "zerbait + adjektiboa"rekin (zerbait handia / ona
>>> / berezia). Sasoi batean behintzat "gauza berezi(ren) bat" esango nuke.
>>> Ingelesezko "something"-ek ere "thing" hori darama azkenean. Baina
>>> aspaldiko erabilera izan edo berriki orokortua, egun hortxe daukagu.
>>>
>>> Xabier, nik zure azken maila filosofiko horri helduko nioke: ia beti
>>> Ebrotik iparrera datoz, bazeuden adierazpideak zanpatzera ez badatoz
>>> zokoratzera behintzat bai. Halako batean, Bidasoaz iparrera ere irakurtzen
>>> diezu "bai ala bai" espainolez erabat moldatzen ez diren apurrei/bakanei
>>> ere.
>>>
>>> Mila esker biei,
>>>
>>> Urtzi
>>>
>>> ------------------------------
>>> *From:* FERNANDO REY ESCALERA <freyesca a bildua gmail.com>
>>> *Sent:* Monday, May 5, 2025 15:45
>>> *To:* ItzuL <itzul a bildua postaria.com>
>>> *Subject:* Re: [itzul] gutxiak
>>>
>>> Nik, Xabier, zalantza pixka bat dut.
>>> Euskaltzaindiaren Hiztegiak dakarren 4. adiera horretan, "gutxia"
>>> izenondoa da, hau da, urriaren edo eskasaren sinonimoa, eta ez dut uste
>>> "etorri diren gutxiak" esaldiaren parekoa denik.
>>>
>>> Orotariko Euskal Hiztegian, berriz, badator zuk esaten duzun adieran
>>> (gaizki ulertzen ez badut):
>>> (Pl.). Pocos.
>>> *Anhitz direla deituak, baiña gutiak hautatuak*. Ax 134 (V 88). *Hortik
>>> heldu da haiñ gutiak baitdire perfekzioneko gradu gorara igaten direnak.*
>>> He *Gudu* 79. *Ea, ez, asko edo geienak bezala, ezbada gutxiak eta
>>> kontatuak bezala bizi bear det.* Cb *Eg* III 133. *Ni guti haukien
>>> nonbreko izan othe naiz?* Brtc 167. *Sartzerat menturatu ziren
>>> Portugesetarik gutiak ziren gibelerat itzuli. *Ardoy *SFran* 249.
>>> v. tbn. *Guti: *ES 179. Ch IV 8, 2. Mih 129. Etcham 45. JE *Bur* 207.
>>>
>>> Ez dakit neurtzen horrek atea irekitzen ote dion erabilera horri.
>>> Ez dakit asko zabaltzen ari den edo erabilera naturala ote den inon, edo
>>> inoiz onartu beharko den. Niri, dela dela, bitxia egiten zait. Nire
>>> inguruan eta nire inguruko askoren euskaran ez dago halakorik.
>>> Horretarako, euskarak baditu bestelako bideak. "Etorri diren apurrak"
>>> esaten dut nik horretarako.
>>>
>>> Nolanahi ere, ez naiz ausartzen esatera gaizki ote dagoen edo adiera
>>> hori onartu edo bultzatu behar ote den.
>>> Ongi izan.
>>> Fernando Rey
>>>
>>>
>>> El lun, 5 may 2025 a las 20:57, Xabier Aristegieta (<
>>> allurritza a bildua gmail.com>) escribió:
>>>
>>> Kaixo, Urtzi.
>>>
>>> Euskaltzaindiaren Hiztegiak gutxi-ri ematen dion laugarren adiera honako
>>> hau da:
>>>
>>> 4 adj. Urria. *Jateko laburra eta lo gutxia*. *Zuen sineste gutxiagatik*
>>> .
>>>
>>> Horren argitan, nire ustez ez dago inolako oztoporik "etorri diren
>>> gutxiak" esateko. Hain zuzen ere, "etorri diren zaharrak" esatea bezain
>>> zilegi baita, hizkuntz zuzentasunaren ikuspegitik.
>>>
>>> Maila "filosofiko"ago batean, nik esango nizuke oro har oso poz txikia
>>> ematen didala adierazpide bati euskararen ateak ixteak, non eta adierazpide
>>> horrek ez duen adierazpide baliokide jator bat zanpatzen.
>>>
>>> Xabier Aristegieta
>>>
>>> Hau idatzi du Urtzi Urrutikoetxea (urtziurrutikoetxea a bildua hotmail.com)
>>> erabiltzaileak (2025 mai. 5(a), al. (15:55)):
>>>
>>> Kaixo,
>>>
>>> Geroz eta gehiago entzuten dut "gutxiak", "los pocos"en kalko. Niri
>>> belarrian krak egiten dit, baina ez dakit azaltzen. Testu batean ere topatu
>>> dut. "Gehienak etxean geratu dira. Etorri diren gutxiak...".
>>>
>>> Inork azaltzerik, a) zuzena den? eta b) nik uste bezala, ez bada zuzena,
>>> azalpena?
>>>
>>> Mila esker,
>>>
>>> Urtzi
>>>
>>>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20250507/ca3eb1d7/attachment.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago