[itzul] Desigualdad

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Al, Urt 12, 12:34:32, CET 2026


Espainiako Errege Akademiaren hiztegiak, bere ohiko idortasunaz eta
orientabide-eskastasunaz, esaten du *desigualdad* dela *cualidad de
desigual*. Eta *desigual*i buruz dio, huts-hutsean, *que no es igual*
(orain interesekoak ez zaizkidan beste adiera batzuk emateaz gain). Ez du
beste ñabardurarik ematen.

Irakurle bezala, nire esperientzia ez da inola ere hori. Nik *desigualdad*
topatu izan dudan guztietan, zentzu negatiboz blaitua aurkitu dut hitza.
Hain zuzen ere, ingelesez *inequality *hitzak daukan esanahi berberarekin.
Eta zer esan nahi du *inequality*k? LONGMAN hiztegiaren arabera:

[image: image.png]

Hori horrela bada, ez zait batere egokia iruditzen gaztelaniazko
*desigualdad* euskaraz zozoki *desberdintasun *ematea. *Combatir la
desigualdad *ez da *desberdintasuna borrokatzea. *Gaur egungo gizartean,
desberdintasuna sustatu eta babestu egiten da, positibotzat jotzen delako.
*Desigualdad*, ordea, esan dudan bezala, nik beti kutsu negatiboarekin,
ingelesezko *inequality * horrek duen berberarekin, aurkitu izan dut.

Orduan, nola eman *desigualdad* euskaraz, kutsu negatiboko desberdintasuna
den hori, alegia?

Irtenbide bat zuzen-zuzenean ematen digu euskararen eratorbideak:
-*tasun *atzizkia
gauza neutro edo positiboetarako erabiltzen den bezalaxe, horrek duen
korrelatoa, esanahi negatiboetarakoa, -*keria *atzizkia da. Beraz,
*desberdintasun* ez, baizik eta *desberdinkeria.*

*Desberdinkeria* horrek, dena den, -*keria *atzizkidun substantibo guztiek
edo gehien-gehienek bezalaxe, esango nuke bere esanahiaren oinarrian giza
jokabide bat duela: *diruzalekeria, berekoikeria, arrazakeria*.

*Desigualdad*, ordea, jokabide bat bainoago, egoera bat da. Horregatik,
kontuan hartzeko moduko hitza iruditzen zait *desparekotasun. *Hots,
*parekotasunik
eza. *Baina, betiere hobeto, hitz bakarrean, problemarik izan ez dezagun
hitz hori mintzaldiaren jarioan sartzeko eta, esate baterako, *desparekotasun
lotsagarria* modukoak esan ahal izan ditzagun, bi hitzezko aukerak
murgilduko gintuzkeen katramilari (*parekotasunik ez lotsagarri???)* ihes
eginik.

Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260112/5ecb90d6/attachment-0001.htm>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: image.png
Mota: image/png
Tamaina: 62246 bytes
Azalpena: ez dago erabilgarri
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260112/5ecb90d6/attachment-0001.png>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago