[itzul] INCUMPLIR
Iraia Amundarain Agirre
iraianaiz a bildua hotmail.com
Ost, Urt 21, 10:19:14, CET 2026
Niri ere Alfontsori bezala gertatzen zait; kostatzen zait gai honi buruz iritzia ematea, lege-arloari buruz dudan ezagutza eskasa delako. Halere, ados nago zurekin, Alfontso.
Nire ustez badago desberdintasun bat urraketa baten eta ez-betetze baten artean. Esango nuke ez-betetzea egon bada, dena delako araua urratu dela, bai, baina urraketa guztiak ez direla ez-betetzeak. Ez-betetze bat egon dela diogunean, adierazten ari gara egin beharrekoa zen zerbait ez egiteagatik urratu dela araua.
Ez dut horri buruzko adibide egokirik aurkitu, baina delituetara joanda bai, hau aurkitu dut, eta uste dut balio dezakeela adierazten ari naizena hobe azaltzeko:
https://prime.tirant.com/es/dosiers/derecho-penal/los-delitos-de-omision/
[cid:72e43416-dad9-4130-94cd-774fe4aec126]
Nire ustez, ez-betetzeak urraketak dira, baina "de omisión" horren parekoak ("de acción" horien kontrako aldean).
Dena den, eta ikusita, Xabier, zuk aipatzen dituzun adibide batzuk, iruditzen zait ongi aztertu beharko genukeela "inclumplir" erabiltzen den bakoitzean, eta ez erabili ez-betetze edo ez betetzea inertzia hutsez, batzuetan egokiagoa izan daitekeelako urratu erabiltzea. Baina, esan bezala, ondo aztertuta, batzuetan incumplir eta vulnerar nahita bereizitakoak baitira.
Iraia Amundarain Agirre
________________________________
Nork: Xabier Aristegieta <allurritza a bildua gmail.com>
Bidaltze-data: 2026(e)ko urtarrilaren 21(a), asteazkena 01:16
Nori: ItzuL <itzul a bildua postaria.com>
Gaia: Re: [itzul] INCUMPLIR
1.- Etimologiari heldurik, ederki asko esan daiteke incumplir = no cumplir dela, DRAEk dioen bezala. Baina iruditzen zait batzuetan etimologia ez dela oso ondo konpontzen ontologiarekin. Izan ere, errealitatean ba al dago inolako modurik, bete beharrekoa den zerbait ez beterik, zerbait hori urratu gabe uzteko? Ontologikoki, gauzen errealitatean, nik uste dut erantzuna ezezkoa dela. Berdin gertatzen da incorrecto eta incorrecciónekin: incorrecto nola ematen dugu euskaraz? Ez-zuzen? Ez: oker edo okerreko ematen dugu. Zerbait ez bada zuzena, okerrekoa da. Ontologikoki, ez dago modurik (nik behintzat ez dut ikusten) zerbait zuzena izan ez eta, halere, okertasunaren eremutik kanpo geratzeko. Zerbait ez bada zuzena, okerra da. Nahiz eta, etimologiari heldurik, incorrecto "ez-zuzen" izan.
Horrek ez du esan nahi beti horrela gertatzen denik: beste kontzeptu batzuekin badago, jakina, tartebiderik. Adibidez, legala (legea betetzen duena) - ilegala (legez kontrakoa dena) - alegala (legerik ez dagoenez, ez da ez legala ez ilegala). Antzera, morala - immorala - amorala. Baina incumplirentzat ez dut hirugarren espazio hori ikusten.
Besterik da tartean konbentzio terminologiko bat sartzea. Adibidez, mundu arruntean no admitir = rechazar. Ba al dago tartebiderik? Ez dut uste: zerbait ez baduzu onartzen, zer egiten ari zaitezke, errefusatzeaz bestela? Zuzenbidean, baina, konbentzionalki, inadmitir da eskaera bat aztertua izatera ez onartzea, formari dagozkion arrazoiengatik.
2.- Etimologia eta ontologia ez dakartzat gutizia huts batengatik hizpidera. Ez-betetze erabiltzea (ezezko aditz batean oinarritua) katramilatsuagoa da urraketa edo arau-hauste (baiezkoak) erabiltzea baino, aurreko mezuan azaldu dudanarengatik.
Xabier Aristegieta
Hau idatzi du Alfontso Mujika Etxeberria (mujikaetxeberriaa a bildua gmail.com<mailto:mujikaetxeberriaa a bildua gmail.com>) erabiltzaileak (2026 urt. 20(a), ar. (18:49)):
Ni ez naiz zuzenbidean aditua, eta iritzia ematean irrist egiteko arriskua hartzen ari naiz. Arrisku hori hartuta, esango nuke incumplir eta vulnerar ez direla erabat sinonimo, testuinguru batzuetan hala jokatzen badute ere, eta legelariek arduraz zaindu ohi dituzten ñabardura juridiko desberdinak dituztela.
Egin beharrekoa ez egitea adierazten du incumplir aditzak, hau da, betebeharrari ez ekiteak edo behar den bezala ez egiteak du hor garrantzia. Ohikoa da administrazio-zuzenbidean, merkataritza-zuzenbidean eta zuzenbide zibilean, batez ere kontratuei, eginbeharrei eta obligazioei dagokienez: kontratua ez betetzea, epea ez betetzea, zerga-betebehar bat ez betetzea.
Eskubideak, printzipioak, bermeak edo goi-mailako arauak urratzea edo haustea adierazten du vulnerar aditzak (baita violar aditzak ere), eta oso ohikoa da oinarrizko eskubideen arloan, konstituzio-zuzenbidean, nazioarteko zuzenbidean eta zigor-zuzenbidean, batez ere eskubideren bati edo babestuta dagoen balioren bati kalte egiteari dagokionez. Horrelakoetan, eskubideak haustea, berdintasunaren printzipioa urratzea, Konstituzioa urratzea gisakoak baliatu ohi dira.
Horregatik, idazkera juridikoan, kontratua ez betetzea erabili ohi da (eta ez kontratua haustea/urratzea); eta, bestalde, oinarrizko eskubideren bat urratzea, eta ez oinarrizko eskubideren bat ez betetzea.
Zenbait testuingurutan, biak batera gerta litezke. Adibidez, esan liteke gardentasun-betebeharra ez betetzeak ekar lezakeela informaziorako irispide-eskubidea urratzea.
El mar, 20 ene 2026 a las 10:56, Xabier Aristegieta (<allurritza a bildua gmail.com<mailto:allurritza a bildua gmail.com>>) escribió:
Begien aurretik pasatzen zaizkidan testuetan, edonon eta edonoiz ari naiz ikusten incumplimiento "ez-betetze" euskaratzen dutela, eta se incumple la norma, "araua ez da betetzen".
Ez dakit inertzia hutsez eginiko itzulpenak ote diren (tira, neurri handiago edo txikiagoan denok izaten gara inertzien morroi) ala nolabait jotzen den ezen arau bat betetzearen eta haustearen artean balegokeela "halako tarteko puntu" bat, zeinean arau ez-betetze bat egiten den baina arau hori urratzera edo haustera iritsi gabe.
Nik uste dut argi dagoela kasuen % 99,9an (badaezpada ere ez dut "% 100" jarriko) ez dela halako tartebiderik existitzen, eta incumplir esaten denean vulnerar esan nahi dela, bete-betean.
DRAEn begiratuta, incumplir = no cumplir (eskerrik asko, DRAE!) dela argitzen digu, baina jarraian sinonimotzat jartzen ditu, besteak beste, quebrantar, infringir, vulnerar, contravenir eta abar.
Beraz, incumplir ez da cumplir eta vulnerar-en arteko inolako tartebiderik, euskal itzultzaileak ez bete hori erabiliz euskarazko testuan literalki eutsi beharrekorik: esan nahi du araua hautsi edo urratzea.
Eta gainera, askoz ere hobeto moldatuko ginateke baiezkoan dagoen aditz bat (araua hautsi, urratu, arau-hauste, urraketa) erabiliz, ezezko horrekin (ez bete) tematuz baino:
a) Batetik, "usted ha incumplido una norma" esanez norbaiti egintza bat aurpegiratzen zaiolako, eta ez "ez-egintza" bat.
b) Bestetik, eta batez ere, baiezko aditzak konbinaerraztasun handiagoa ahalbidetzen duelako: sistematikoki ez betetze askoz ere lanbrotsuagoa da incumplir sistemáticamente baino. Lanbrotsuagoa edo, zuzen-zuzenean, esanahiz desberdina: sistematikoki ez betetzeak esan nahi du bete egiten dela, baina ez modu sistematikoan. Egunero ez etortzea esaten dugunean bezalaxe: egunero ez etortzea ez da eguneroko ez-etortze bat, baizik eta etorri egitea, bai, baina ez egunero.
Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260121/43c5bbe5/attachment-0001.htm>
-------------- hurrengo zatia --------------
Testu hutsa ez zen mezu bat ezabatu egin da...
Izena: image.png
Mota: image/png
Tamaina: 76467 bytes
Azalpena: image.png
URL : <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260121/43c5bbe5/attachment-0001.png>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago