[itzul] INCUMPLIR
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Ost, Urt 21, 01:16:18, CET 2026
1.- Etimologiari heldurik, ederki asko esan daiteke *incumplir = no
cumplir* dela,
DRAEk dioen bezala. Baina iruditzen zait batzuetan etimologia ez dela oso
ondo konpontzen ontologiarekin. Izan ere, errealitatean ba al dago inolako
modurik, bete beharrekoa den zerbait *ez beterik*, zerbait hori *urratu
gabe uzteko? *Ontologikoki, gauzen errealitatean, nik uste dut erantzuna
ezezkoa dela. Berdin gertatzen da *incorrecto *eta *incorrección*ekin:
*incorrecto
*nola ematen dugu euskaraz? *Ez-zuzen? *Ez: *oker* edo *okerreko* ematen
dugu. Zerbait ez bada zuzena, okerrekoa da. Ontologikoki, ez dago modurik
(nik behintzat ez dut ikusten) zerbait zuzena izan ez eta, halere,
okertasunaren eremutik kanpo geratzeko. Zerbait ez bada zuzena, okerra da.
Nahiz eta, etimologiari heldurik, *incorrecto "*ez-zuzen" izan.
Horrek ez du esan nahi beti horrela gertatzen denik: beste kontzeptu
batzuekin badago, jakina, tartebiderik. Adibidez, *legala (*legea betetzen
duena) - *ilegala *(legez kontrakoa dena) - *alegala *(legerik ez dagoenez,
ez da ez legala ez ilegala). Antzera, *morala - immorala - amorala. *Baina
*incumplir*entzat ez dut hirugarren espazio hori ikusten.
Besterik da tartean konbentzio terminologiko bat sartzea. Adibidez, mundu
arruntean *no admitir = rechazar. *Ba al dago tartebiderik? Ez dut
uste:* z*erbait
ez baduzu onartzen, zer egiten ari zaitezke, errefusatzeaz bestela?
Zuzenbidean, baina, konbentzionalki, *inadmitir* da eskaera bat aztertua
izatera ez onartzea, formari dagozkion arrazoiengatik.
2.- Etimologia eta ontologia ez dakartzat gutizia huts batengatik
hizpidera. *Ez-betetze* erabiltzea (ezezko aditz batean oinarritua)
katramilatsuagoa da *urraketa* edo *arau-hauste (baiezkoak) *erabiltzea
baino, aurreko mezuan azaldu dudanarengatik.
Xabier Aristegieta
Hau idatzi du Alfontso Mujika Etxeberria (mujikaetxeberriaa a bildua gmail.com)
erabiltzaileak (2026 urt. 20(a), ar. (18:49)):
> Ni ez naiz zuzenbidean aditua, eta iritzia ematean irrist egiteko arriskua
> hartzen ari naiz. Arrisku hori hartuta, esango nuke *incumplir* eta
> *vulnerar* ez direla erabat sinonimo, testuinguru batzuetan hala jokatzen
> badute ere, eta legelariek arduraz zaindu ohi dituzten ñabardura juridiko
> desberdinak dituztela.
>
> Egin beharrekoa ez egitea adierazten du *incumplir* aditzak, hau da,
> betebeharrari ez ekiteak edo behar den bezala ez egiteak du hor garrantzia.
> Ohikoa da administrazio-zuzenbidean, merkataritza-zuzenbidean eta zuzenbide
> zibilean, batez ere kontratuei, eginbeharrei eta obligazioei dagokienez: *kontratua
> ez betetzea, epea ez betetzea, zerga-betebehar bat ez betetzea*.
>
> Eskubideak, printzipioak, bermeak edo goi-mailako arauak urratzea edo
> haustea adierazten du *vulnerar* aditzak (baita *violar* aditzak ere),
> eta oso ohikoa da oinarrizko eskubideen arloan, konstituzio-zuzenbidean,
> nazioarteko zuzenbidean eta zigor-zuzenbidean, batez ere eskubideren bati
> edo babestuta dagoen balioren bati kalte egiteari dagokionez.
> Horrelakoetan, *eskubideak haustea, berdintasunaren printzipioa urratzea,
> Konstituzioa urratzea* gisakoak baliatu ohi dira.
>
> Horregatik, idazkera juridikoan, *kontratua ez betetzea* erabili ohi da
> (eta ez *kontratua haustea/urratzea*); eta, bestalde, *oinarrizko
> eskubideren bat urratzea*, eta ez *oinarrizko eskubideren bat ez betetzea*
> .
>
> Zenbait testuingurutan, biak batera gerta litezke. Adibidez, esan liteke
> gardentasun-betebeharra *ez betetzeak* ekar lezakeela informaziorako
> irispide-eskubidea *urratzea*.
>
>
> El mar, 20 ene 2026 a las 10:56, Xabier Aristegieta (<allurritza a bildua gmail.com>)
> escribió:
>
>> Begien aurretik pasatzen zaizkidan testuetan, edonon eta edonoiz ari naiz
>> ikusten *incumplimiento *"ez-betetze" euskaratzen dutela, eta *se
>> incumple la norma, *"araua ez da betetzen".
>>
>> Ez dakit inertzia hutsez eginiko itzulpenak ote diren (tira, neurri
>> handiago edo txikiagoan denok izaten gara inertzien morroi) ala nolabait
>> jotzen den ezen arau bat *betetzearen *eta *haustearen *artean
>> balegokeela "halako tarteko puntu" bat, zeinean arau ez-betetze bat egiten
>> den baina arau hori urratzera edo haustera iritsi gabe.
>>
>> Nik uste dut argi dagoela kasuen % 99,9an (badaezpada ere ez dut "% 100"
>> jarriko) ez dela halako tartebiderik existitzen, eta *incumplir* esaten
>> denean *vulnerar* esan nahi dela, bete-betean.
>>
>> DRAEn begiratuta, *incumplir = no cumplir *(eskerrik asko, DRAE!) dela
>> argitzen digu, baina jarraian sinonimotzat jartzen ditu, besteak beste, *quebrantar,
>> infringir, vulnerar, contravenir *eta abar.
>>
>> Beraz, *incumplir *ez da *cumplir *eta *vulnerar*-en arteko inolako
>> tartebiderik, euskal itzultzaileak *ez bete* hori erabiliz euskarazko
>> testuan literalki eutsi beharrekorik: esan nahi du *araua hautsi edo
>> urratzea. *
>>
>> Eta gainera, askoz ere hobeto moldatuko ginateke baiezkoan dagoen aditz
>> bat (*araua hautsi, urratu, arau-hauste, urraketa*) erabiliz, ezezko
>> horrekin (*ez bete) *tematuz baino:
>>
>> a) Batetik, "usted ha incumplido una norma" esanez norbaiti egintza bat
>> aurpegiratzen zaiolako, eta ez "ez-egintza" bat.
>> b) Bestetik, eta batez ere, baiezko aditzak konbinaerraztasun handiagoa
>> ahalbidetzen duelako: *sistematikoki ez betetze* askoz ere lanbrotsuagoa
>> da *incumplir sistemáticamente *baino. Lanbrotsuagoa edo,
>> zuzen-zuzenean, esanahiz desberdina: *sistematikoki ez betetzeak* esan
>> nahi du bete egiten dela, baina ez modu sistematikoan. *Egunero ez
>> etortzea* esaten dugunean bezalaxe: *egunero ez etortzea* ez da *eguneroko
>> ez-etortze* bat, baizik eta etorri egitea, bai, baina ez egunero.
>>
>> Xabier Aristegieta
>>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260121/9b69f7aa/attachment-0001.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago