[itzul] BIZIA vs. BIZITZA

Alfontso Mujika Etxeberria mujikaetxeberriaa a bildua gmail.com
Ost, Ira 9, 11:13:32, CEST 2026


*Euskara Batuaren Eskuliburua*k hau dakar:

https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ebe&view=bilaketa&Itemid=1161&task=bilaketa&lang=eu&id=351
----------------------------------------------------------------------
*bizi/bizitza/bizimodu*

Hiru izen hauen adieraren muga-ertzak zedarritzea ez da erraza eta
erabatekoa askotan.

*Bizia* kontzeptu biologikoa da gehienbat: *bizia galdu, bizia kendu, bizia
eman, bizia barkatu*... *Noiz agertu zen bizia Lurrean?* Baina ez da
biologiko hutsa*,* ‘bizitza’ (‘bizialdia’) adiera ere badu-eta
tradizioan: *Bere
bizi guztian. Ehun urteko bizi zoriontsua*.

*Bizitza *kontzeptu kronologikoa da batez ere (‘bizialdia’): *Bizitzan
igarotako nekeak. Napoleonen bizitza. Jaiotzatik heriotzara, bizitzako egun
guztietan, zintzo jokatu zuen.*..; baina baditu beste adiera hauek ere: a)
‘bizia’: *Bizitza jokoan jarri*; b) ‘bizimodua’: *Bizitza gaiztoa utzirik*;
c) ‘etxebizitza’: *Lehen, etxeetan, solairu bakoitzean bizitza bana zegoen*.

*Bizimodu* hitzak bizitzeko modu edo bizibidea adierazten du: *Eguneroko
bizimodua iluna eta tristea iruditzen zaio. Bizimodua irabazteko, lan egin
behar izan zuen*.
----------------------------------------------------------------------

El mié, 9 sept 2026 a las 10:58, Xabier Aristegieta (<allurritza a bildua gmail.com>)
escribió:

> Betidanik pentsatu izan dut bazegoela aldea bi hitz horien artean: *bizia* egitate
> biologikoa litzateke (*ba al dago bizirik beste planeta batzuetan? *galderaren
> zentzuan, alegia), eta *bizitza*, ordea, norbaiten edo zerbaiten
> bizialdia; hots, biografia batek berezkoa duen edukia.
>
> Alabaina, gaur bulegoan horri buruzko desadostasuna piztu zaigularik,
> Euskaltzaindiaren Hiztegira jo eta ikusi berri dut bi esanahi horiek onartu
> egiten dizkiela bai *bizi*ri bai *bizitza*ri.
>
> Eta aitortzen dizuet harridura handia eragin didala horrek, hain
> nengoen-eta nire ustean ziur.
>
> Horregatik, eta nire okerraren oinarria argitu nahian, galdetu nahi
> nizueke ea zuek ere ez al zeneukaten bereizketa semantiko horren
> nolabaiteko kontzientziarik.
>
> Eskerrik asko, eta egun ona pasa.
>
>
> Xabier Aristegieta
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260909/f7b0d93c/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago