[itzul] BIZIA vs. BIZITZA
Agirre Sarasola, Pello (Euskarabidea)
pello.agirre.sarasola a bildua navarra.es
Ast, Ira 10, 09:28:42, CEST 2026
Egun on, Mikel:
Ai ene! “Beranduago” eta “geroago” genituen hizpide. “Berandu” hitzak tradizioan ez du inoiz ‘gero’ adiera izan (OEH); hizketan ere ez du, noski, esanahi hori hartzen.
Ondo-ondo izan,
Pello Agirre Sarasola
De: Mikel <musdeh a bildua gmail.com>
Enviado el: miércoles, 9 de septiembre de 2026 21:02
Para: itzul a bildua postaria.com
Asunto: Re: [itzul] BIZIA vs. BIZITZA
Gabon, jende ona:
Zein urtetan dokumentatu diren bata eta bestea (hizketan zenbatetan erabili behar izaten ditugun bata eta bestea) alde batera utzirik, neronek duda eginen nuke Axularrek bere Gero liburuari inoiz ere Berandu izenburua paratuko ote zion... (nahiz eta liburuan berandu ibiltzearen gaitzaz ari den).
Bizia eta bizitza; ez al da gorpu eta gorputza, sasi eta sasitza, herio eta heriotza bikoteen parekoa, esate baterako? Nire pertzepzioan, -tza gabekoak kontzeptualagoak dira, eta -tzadunak, kontzeptua gauzatuta. Horrela, azal daiteke zergatik etxebizitza (eta ez etxebizia), eta bizitza solairuz solairuko bizitoki gisa.
Barka atrebentzia!
Ongi izan
Mikel
26/9/9 13:22(e)an, Agirre Sarasola, Pello (Euskarabidea) igorleak idatzi zuen:
Egun on guztioi!
Fernandok proposatu duen haritik tira egin nahi nuke. Ukaezina da “beranduago” morfologikoki “berandu”ren indargarria dela, baina semantikoki askotan ez da hala. Orotariko Euskal Hiztegian begiratuta, ikusi dut ‘beranduago/berantago = geroago’ erabat nagusi dela tradizioan. Egiategiren testu batean (1785) dokumentatu dute lehen aldiz, eta gero euskalki eta hizkera ia guztietako adibideak agertzen dira testuetan; hango eta hemengo hiztegietan ere jaso dute (Duvoisin, Larrasquet, Azkue). Gainera, erabat errotuta dago: “goizago edo beranduago”, “lehenago edo beranduago”, “20 segundo beranduago iritsi zen”, “egun batzuk beranduago, berak ezin antz eman zion nolatan hil ez zan”… (OEHko adibideak).
“(Todavía) más tarde”, aldiz, oso-oso gutxitan dokumentatu dute OEHkoek: bakarrik lau adibide aurkitu dituzte corpusean; eta hiztegigileek ez dute jaso. Elkanoko Lizarragaren testu batean aurkitu dute estreinakoz (1797-1813). Beraz, bi adierak garai berean atzeman dituzte lehen aldiz.
Esango nuke nik gehien ezagutzen dudan euskaran (Goierrikoan) (ia) erabatekoa dela “beranduago = geroago” parekotasuna. Adibidez, “Joxe hamabitan etorri (d)a, eta Mikel be(r)andugo”. Horrekin ez dugu esan nahi Joxe berandu etorri denik; Mikel geroago etorri dela, besterik ez.
Fernandoren azalpenak balio izan dit hausnartzeko, eta konturatzeko hitzen morfologia (jatorria) eta semantika ez direla beti elkarren eskutik ibiltzen. Eskerrik asko, beraz.
Ondo izan!
Pello Agirre Sarasola
De: FERNANDO REY ESCALERA <freyesca a bildua gmail.com><mailto:freyesca a bildua gmail.com>
Enviado el: miércoles, 9 de septiembre de 2026 11:18
Para: ItzuL <itzul a bildua postaria.com><mailto:itzul a bildua postaria.com>
Asunto: Re: [itzul] BIZIA vs. BIZITZA
Egun on, Xabier.
Ni ere zure uste berekoa nintzen, baina badira urte batzuk erreparatu niola zuk diozun horri, alegia, bi esanahiak onartzen zaizkiela bi hitzei.
Hori hala izanik ere, nik bereizketa hori egiten jarraitzen dut, iruditzen baitzait nire hurbileko hizkeretan aski modu naturalean egiten dela bereizketa hori. Hiztegigintzan, jakina, dena jaso beharra dago. Ez du horrek esan nahi, ordea, joerak eta tradizioak ez dutenik beren garrantzia.
Beste adibide bat jarriko dizut. Nire hurbileko euskaretan, oso ongi bereizten genituen "beranduago" eta "geroago". "Anaia 7etan hasten da lanean, eta ni geroago" (eta ez beranduago, anaia ez baita berandu sartzen). Segur aski, kalko hori (yo más tarde, más después) sartuz joan da toki askotan, eta gaur egun Euskaltzaindiaren Hiztegiak onartu egiten du "beranduago" geroago esateko. Hiztegia aintzat hartuta, ez da "orain" kalko desegokitzat hartzen. Laburbilduz, zuzenketa-lanean segur aski ez naiz ausartuko "beranduago" zuzentzera, baina nahiago diot eutsi beste formari, eta bultzatu eginen nuke, bultzatzen dut, iradokizun gisara behinik behin.
Ongi izan.
Fernando
El mié, 9 sept 2026 a las 10:58, Xabier Aristegieta (<allurritza a bildua gmail.com<mailto:allurritza a bildua gmail.com>>) escribió:
Betidanik pentsatu izan dut bazegoela aldea bi hitz horien artean: bizia egitate biologikoa litzateke (ba al dago bizirik beste planeta batzuetan? galderaren zentzuan, alegia), eta bizitza, ordea, norbaiten edo zerbaiten bizialdia; hots, biografia batek berezkoa duen edukia.
Alabaina, gaur bulegoan horri buruzko desadostasuna piztu zaigularik, Euskaltzaindiaren Hiztegira jo eta ikusi berri dut bi esanahi horiek onartu egiten dizkiela bai biziri bai bizitzari.
Eta aitortzen dizuet harridura handia eragin didala horrek, hain nengoen-eta nire ustean ziur.
Horregatik, eta nire okerraren oinarria argitu nahian, galdetu nahi nizueke ea zuek ere ez al zeneukaten bereizketa semantiko horren nolabaiteko kontzientziarik.
Eskerrik asko, eta egun ona pasa.
Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260910/1d2e5764/attachment.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago