[itzul] BIZIA vs. BIZITZA

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Ast, Ira 10, 11:42:21, CEST 2026


Eskerrik asko, benetan, erantzuteko lana hartu duzuen guztioi.

Alde batetik, argi geratzen da ezen, ikuspegi "ofizial" batetik, ezin
zaiola eragozpenik jarri bi hitz horiek, *bizia *eta *bizitza*, esanahi
batekin (biologikoa) nahiz bestearekin (kronologikoa, nahiz eta nik nahiago
nukeen "biografikoa" esan) erabiltzeari.

Bestetik, baina, halaber argi geratzen da badagoela sentsibilitate mardul
bat bereizketa biologiko/biografiko horren arabera bata ala bestea
aukeratzeko, eta ni bereizketa horren aldekoa naiz, pentsatzen dudalako
horrek ekarpena egiten diola testuen zehaztasunari.

Kontuan hartu behar da, baita ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiak *bizialdi* hitza
ere jasotzen duela, eta ez bagara berba hori erabide erredundante baten
emaitzatzat jotzekoak, ondorioztatu beharrean gaudela *-aldi* hori esanahi
biologikoko substantibo bati eransten zaiola.

Eskerrik asko, berriro ere, guztioi.

Xabier Aristegieta

Hau idatzi du Agirre Sarasola, Pello (Euskarabidea) (
pello.agirre.sarasola a bildua navarra.es) erabiltzaileak (2026 ira. 10(a), og.
(09:28)):

> Egun on, Mikel:
>
>
>
> Ai ene! “Beranduago” eta “geroago” genituen hizpide. “Berandu” hitzak
> tradizioan ez du inoiz ‘gero’ adiera izan (OEH); hizketan ere ez du, noski,
> esanahi hori hartzen.
>
>
>
> Ondo-ondo izan,
>
> Pello Agirre Sarasola
>
>
>
> *De:* Mikel <musdeh a bildua gmail.com>
> *Enviado el:* miércoles, 9 de septiembre de 2026 21:02
> *Para:* itzul a bildua postaria.com
> *Asunto:* Re: [itzul] BIZIA vs. BIZITZA
>
>
>
> Gabon, jende ona:
>
> Zein urtetan dokumentatu diren bata eta bestea (hizketan zenbatetan
> erabili behar izaten ditugun bata eta bestea) alde batera utzirik, neronek
> duda eginen nuke Axularrek bere Gero liburuari inoiz ere Berandu izenburua
> paratuko ote zion... (nahiz eta liburuan berandu ibiltzearen gaitzaz ari
> den).
>
> Bizia eta bizitza; ez al da gorpu eta gorputza, sasi eta sasitza, herio
> eta heriotza bikoteen parekoa, esate baterako? Nire pertzepzioan, -tza
> gabekoak kontzeptualagoak dira, eta -tzadunak, kontzeptua gauzatuta.
> Horrela, azal daiteke zergatik etxebizitza (eta ez etxebizia), eta bizitza
> solairuz solairuko bizitoki gisa.
>
> Barka atrebentzia!
>
> Ongi izan
>
> Mikel
>
> 26/9/9 13:22(e)an, Agirre Sarasola, Pello (Euskarabidea) igorleak idatzi
> zuen:
>
>
>
> Egun on guztioi!
>
>
>
> Fernandok proposatu duen haritik tira egin nahi nuke. Ukaezina da
> “beranduago” morfologikoki “berandu”ren indargarria dela, baina semantikoki
> askotan ez da hala. Orotariko Euskal Hiztegian begiratuta, ikusi dut
> ‘beranduago/berantago = geroago’ erabat nagusi dela tradizioan. Egiategiren
> testu batean (1785) dokumentatu dute lehen aldiz, eta gero euskalki eta
> hizkera ia guztietako adibideak agertzen dira testuetan; hango eta hemengo
> hiztegietan ere jaso dute (Duvoisin, Larrasquet, Azkue). Gainera, erabat
> errotuta dago: “goizago edo beranduago”, “lehenago edo beranduago”, “20
> segundo beranduago iritsi zen”, “egun batzuk beranduago, berak ezin antz
> eman zion nolatan hil ez zan”… (OEHko adibideak).
>
>
>
> “(Todavía) más tarde”, aldiz, oso-oso gutxitan dokumentatu dute OEHkoek:
> bakarrik lau adibide aurkitu dituzte corpusean; eta hiztegigileek ez dute
> jaso. Elkanoko Lizarragaren testu batean aurkitu dute estreinakoz
> (1797-1813). Beraz, bi adierak garai berean atzeman dituzte lehen aldiz.
>
>
>
> Esango nuke nik gehien ezagutzen dudan euskaran (Goierrikoan) (ia)
> erabatekoa dela “beranduago = geroago” parekotasuna. Adibidez, “Joxe
> hamabitan etorri (d)a, eta Mikel be(r)andugo”. Horrekin ez dugu esan nahi
> Joxe berandu etorri denik; Mikel geroago etorri dela, besterik ez.
>
>
>
> Fernandoren azalpenak balio izan dit hausnartzeko, eta konturatzeko hitzen
> morfologia (jatorria) eta semantika ez direla beti elkarren eskutik
> ibiltzen. Eskerrik asko, beraz.
>
>
>
> Ondo izan!
>
> Pello Agirre Sarasola
>
>
>
>
>
> *De:* FERNANDO REY ESCALERA <freyesca a bildua gmail.com> <freyesca a bildua gmail.com>
> *Enviado el:* miércoles, 9 de septiembre de 2026 11:18
> *Para:* ItzuL <itzul a bildua postaria.com> <itzul a bildua postaria.com>
> *Asunto:* Re: [itzul] BIZIA vs. BIZITZA
>
>
>
> Egun on, Xabier.
>
> Ni ere zure uste berekoa nintzen, baina badira urte batzuk erreparatu
> niola zuk diozun horri, alegia, bi esanahiak onartzen zaizkiela bi hitzei.
>
> Hori hala izanik ere, nik bereizketa hori egiten jarraitzen dut, iruditzen
> baitzait nire hurbileko hizkeretan aski modu naturalean egiten dela
> bereizketa hori. Hiztegigintzan, jakina, dena jaso beharra dago. Ez du
> horrek esan nahi, ordea, joerak eta tradizioak ez dutenik beren garrantzia.
>
> Beste adibide bat jarriko dizut. Nire hurbileko euskaretan, oso ongi
> bereizten genituen "beranduago" eta "geroago". "Anaia 7etan hasten da
> lanean, eta ni geroago" (eta ez beranduago, anaia ez baita berandu
> sartzen). Segur aski, kalko hori (yo más tarde, más después) sartuz joan da
> toki askotan, eta gaur egun Euskaltzaindiaren Hiztegiak onartu egiten du
> "beranduago" geroago esateko. Hiztegia aintzat hartuta, ez da "orain" kalko
> desegokitzat hartzen. Laburbilduz, zuzenketa-lanean segur aski ez naiz
> ausartuko "beranduago" zuzentzera, baina nahiago diot eutsi beste formari,
> eta bultzatu eginen nuke, bultzatzen dut, iradokizun gisara behinik behin.
>
> Ongi izan.
>
> Fernando
>
>
>
>
>
> El mié, 9 sept 2026 a las 10:58, Xabier Aristegieta (<allurritza a bildua gmail.com>)
> escribió:
>
> Betidanik pentsatu izan dut bazegoela aldea bi hitz horien artean: *bizia* egitate
> biologikoa litzateke (*ba al dago bizirik beste planeta batzuetan? *galderaren
> zentzuan, alegia), eta *bizitza*, ordea, norbaiten edo zerbaiten
> bizialdia; hots, biografia batek berezkoa duen edukia.
>
> Alabaina, gaur bulegoan horri buruzko desadostasuna piztu zaigularik,
> Euskaltzaindiaren Hiztegira jo eta ikusi berri dut bi esanahi horiek onartu
> egiten dizkiela bai *bizi*ri bai *bizitza*ri.
>
> Eta aitortzen dizuet harridura handia eragin didala horrek, hain
> nengoen-eta nire ustean ziur.
>
> Horregatik, eta nire okerraren oinarria argitu nahian, galdetu nahi
> nizueke ea zuek ere ez al zeneukaten bereizketa semantiko horren
> nolabaiteko kontzientziarik.
>
> Eskerrik asko, eta egun ona pasa.
>
>
> Xabier Aristegieta
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20260910/f986e8ab/attachment-0001.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago