Re: [itzul] Ciudades -región
txema
txeyarza a bildua telefonica.net
Ast, Eka 10, 12:35:03, CEST 2004
RE: [itzul] Ciudades -regiónBarkatu lehenago ez erantzun izana, Xabier, baina ezin denean, ezin da. Gai zabala da hitz-elkartearena, eta agian eransten dudan Senez aldizkariko zatitxoa lagungarria izan liteke. Kontuak kontu, bi buruko sintagma bizigabeak direnez, niri egokiagoa iruditzen zait hiri-erregioa, baina pasartea irakurrita ere ez du hartara behartzen. Baliagarria bazaizu...
b.2) Koordinazio-elkartea
makina-erreminta modukoak: bidazti-olerkari, errege-profeta, erretor-bikario, konde-duke, hargin-meatzari, alkate-idazkari, armario-biblioteka, irrati-iratzargailu... Buru biko sintagmak dira.
Euskaltzaindiak berak aitortzen duenez, askotan zaila izaten da zein elkarte-mota erabili behar dugun erabakitzea edo, alderantziz, hainbat sintagmaren esanahi zehatza zein den jakitea. Barkatuko didazue aipu honen luzea, baina uste dut interesgarria dela "el profeta rey" nola euskaratu behar dugun argitzeko:
"Ez da askotan erraza izen elkartu jakin bat, Atributu elkarte edo Koordinaziozko elkarte den erabakitzea. Alkate-idazkaria, esaterako, Koordinazio elkartea dela esan dezakegu, pertsona berak bi eginkizunak, alkatearena eta idazkariarena, betetzen dituelako. Era berean, Atributu elkarteen artean sartu dugun artzipreste-pintore hemen (koordinazio elkarteen sailean) koka zitekeen, pertsona beraren bi alderdi adierazten dituela esanez. Baina 'artzipreste'az gainera 'pintore' ere badenaz ari garela ulertzen badugu, Atributu elkarteen artean utziko genuke. Halaber, armario-biblioteka zer da: 'armarioa, biblioteka ere badena' ala 'bi eginkizunak aldi berean betetzen dituen haltzaria'? Eta kapitain pilotu ez ote 'norbait' aldi berean kapitain eta pilotu, bi lanbideak bereganatzen dituena, eta horrenbestez, Koordinaziozko elkarte?
Eta, alderantziz, sack-bar, ezin ote daiteke pentsa 'bar' denik, 'snack' ere badena, Atributu elkartea beraz? Beste horrenbeste esan daiteke napar euskaldun, napar erdaldun edo prantses euskaldun izenez.
Guzti honen ondorioa honakoa izan daiteke: Atributu elkarteak eta Koordinaziozkoak, teorian, definizio mailan, bereiztea ez da zaila. Adibide jakinak sailkatzerakoan, bi osagaien arteko erlazioa nolakoa den (biak maila bereko, ala bata nagusi) erabakitzean egon daitezke (eta egon ohi dira) ikuspuntu desberdinak. Eta hortik sortzen dira zalantzak". (Hitz-elkarketa/3. 84. or.).
Eta, zalantzak zalantza, itzul gaitezen harira: nola esan euskaraz "el profeta rey"? Villasantek dio errege profeta behar duela. Hori al da modurik egokiena eta, batez ere, argiena? Ahantz dezagun, une batez, Villasantek dioena eta saia gaitezen beste bi izen arrunt bizidunekin. Har ditzagun, esaterako, errege eta idazle hitzak, eta elkar ditzagun: errege idazlea. Hori irakurrita, zer datorkizue burura? Niri, "liburuak idazten dituen errege bat" edo "errege izateaz gain idazle ere baden errege bat". Hala ere, errege profeta "el profeta rey" bada (aposizioa), errege idazlea "el escritor rey" da. Baina inor gutxik interpretatuko luke horrela. Aposizioaren bidetik baztertu eta hitz-elkartearena harturik, hiru aukera ditugu "el rey escritor" itzultzeko:
- idazle-erregea (baserri-etxe moduko atributu-elkartea, alegia). Baina badirudi elkarketa hori izen bizigabeekin erabiltzen dela batez ere. Bazter dezagun, beraz.
- errege idazlea (harri zilindro moduko atributu-elkartea). Horixe da ohikoena izen bizidunekin.
- errege-idazlea (makina-erreminta moduko koordinazio-elkartea).
Ñabardura kontua da azken bi horien arteko aldea. Errege idazlea esaten badugu, nagusitasuna ematen diogu errege izateari. Errege-idazlea esaten badugu, aldiz, maila berean jartzen ditugu biak.
Halatan, bide horri jarraiki, idazle erregea "el escritor rey" da. (Aposizioaren bidetik joz gero, ordea, "el rey escritor" litzateke).
Horrenbestez, gaztelaniazko aposizio horiek itzultzeko orduan, gehienetan (batez ere bi izenak bizidunak badira) hobe da aposizioen bidetik baztertzea eta hitz-elkarketara jotzea. Eta, Villasantek dioenaz bestera, "el profeta rey" profeta erregea esan beharko genuke, edo, aukeran, profeta-erregea (edo errege-profeta, biek pisu berbera izanik ez baitu garrantzirik aurrean bata edo bestea jartzeak).
----- Original Message -----
From: xabier-pascual a bildua ej-gv.es
To: itzul a bildua postaria.com
Sent: Thursday, June 10, 2004 11:32 AM
Subject: RE: [itzul] Ciudades -región
Bigarrenaz ari nintzen ni. Berez, kontua da "eskualde mailako hiriak" edo eremu metropolitar oso bat direla. Txemaren proposamena izan da burura etorri zaidan lehenengoa, baina zergatik ez alderantziz? Hain zuzen ere, Euskal Hiria liburuan "eskualde-hiria" erabiltzen da.
Beste iritzirik?
Xabier Pascual Jimenez
Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza
Eusko Jaurlaritza
Tel: 945 01 90 56
Fax: 945 01 90 62
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20040610/721381d6/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago