RE: [itzul] Ciudades -región

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
Ast, Eka 10, 12:40:25, CEST 2004


Mailegatu dugu 'probintzia' eta 'departamendu', mailegatu dugu 'nazio' eta
'estatu', erabiltzen dugu 'area' eta 'zona', baina 'erregio/errejio'
mailegateko, tradizioan agertzen bada ere (begira 'errejione' Orotariko
Euskal Hiztegian), uzkur gabiltza, egia da (eremu bereziren batean ez bada,
hala nola anatomian), nahiz eta ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez,
alemanez, portugesez, suedieraz... erabiltzen den. Hor gabiltza 'eskualde',
'lurralde' eta 'herrialde' hitzekin bueltaka ('bailara' ez aipatzearren),
nahiz eta 'países con el territorio estructurado en regiones y comarcas'
gisakoetan buruhaustetxoak izaten ditugun.

Euskaltzaindiak, behintzat, 'Frantziako Errepublikako eskualde izenak' dio
erabakian, hau da, Frantziako 'région' delakoa (adiera
administratibo-politikoa) 'eskualde' euskaratu du.

Bestalde, Karlosek dioen <hiri-erregio ala erregio-hiri behar duen>
horretan, nago hiria dela hor muina. Eztabaida izan liteke ea (1) 'erregio'
('eskualde' edo dena delakoa) izenondo gisa jarri, 'hiri satelite', 'zelula
ama' eta 'neska sorgina' egiten dugun bezala (marratxorik gabe, beraz,
'izena + izenondoa' baita: 'hiri erregioa'),  (2) hitz-elkartea sortu,
'bonba-autoa' eta 'zisterna-kamioia' egiten den bezala (marratxoz, marratxoa
erabiltzen dugunontzat: 'erregio-hiri') edo (3) koordinazio-elkarte moduan
hartu, 'makina-erreminta' eta 'hiri-estatu' egiten dugun moduan (marratxoz,
'hiri-erregio'), hau da, 'hiria da eta erregioa da'.

Baldin eta jatorrian hiria badago, haztearen poderioz eskualde bilakatu
dena, lehenengo aukera (hiri erregio) ez litzateke txarra, baina, nolanahi
ere, ez dut uste hor legerik dagoenik, eta oso ñabardura finetan galtzeko
arriskua dago.

Alfontso
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago