[itzul] Lurzoruaren Legea

Garmendia, Mikel mikel.garmendia a bildua parlam.euskadi.net
Al, Aza 15, 15:53:13, CET 2004


Galdera bat edo beste Eneko Oregiri: 
Itzulpen horren arduradun IZO da, bai ala ez?
Hala baldin bada eta itzulpena txarra baldin bada (hala aitortzen duzu zuk
zeuk ere) zuzendu ala berregin beharko da, ala ez?
Itzultzaileok lan egiten dugun baldintzak baldin badira arazoa horiek
konpontzen ere hasi beharko da noizbait, ezta?
Itzulpen hori jaso eta itzulpen horrekin euskaraz lan egiten saiatzen den
talde bakarrari egotziko ote diogu orain ardura? 
Proiektu baten tramitazioa atzeratzeko aitzakia baldin bada, zer hoberik
aitzakiarik gabe uztea baino?
Mikel Garmendia.
 

-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En nombre
de e-oregi a bildua ej-gv.es
Enviado el: 2004ko azaroaren 15 14:12
Para: itzul a bildua postaria.com
Asunto: RE: [itzul] Lurzoruaren Legea 



Guri tokatu zaigu oraingoan!

 

Legebiltzarreko talde batek, Lege -proiektu baten tramitazioa atzeratu nahi
duela eta- itzulpena atera du aitzakia. Itzulpen horren arduradun, gu,
Itzultzaile Zerbitzu Ofíziala.

Zer kontatuko dizuet zuek ez dakizuenik: hartu gaztelania negargarrian
idatzitako testu bat, trinko-trinkoa edukiz eta terminologia bihurriaz;
gehitu horri epe labur-laburra eta itzultzailearekiko presioa... eta horra
hor egunkarietan itzulpena hizpide!

 

Bakoitzak daki bere etxeko berri. Itzulpen hori txarra da, enpresa batek
IZOrentzat egina eta inork, ez enpresak, ez IZOk eta ez Legebiltzarrak,
antza, zuzendua. Betikoa, "atzorako behar dut"

 

Gehiago ere bai, noski. Huts eta akats batzuk ez dira ulertzen profesional
batengan. Baina ardura, beti, beste norbaitena da. Eusebiok dion bezala
"badaude horren ardura duten erakundeak". Ardura, beti, inorena.

 

Itzulpena txarra da. Itzultzaileek ez dute/dugu baldintza egokietan lan
egiten. Eta ondorioa: itzulpen-lana farregarri agertzen da egunkarietan.
Noren mesede?

 

Eneko Oregi

IZOko arduraduna

 

 

-----Mensaje original-----
De: eugorosp a bildua ej-gv.es [mailto:eugorosp a bildua ej-gv.es] 
Enviado el: lunes, 15 de noviembre de 2004 9:18
Para: itzul a bildua postaria.com
Asunto: [itzul] Lurzoruaren Legea 

 

 

 

ZORIONAK JESUS MARI AGIRRERI, ZORIONAK SA LEGEBILTZAR TALDEARI.

 

 

Eta zorionak ez asteburuan Anoetan egin duten agerraldiagatik, ez. Mundu
horretako iritzi politikoak ez dira, oraindino, nire harikoak. Zorionak eman
nahi dizkiet euskararen aurrean agertu duten jarregatik; zehatzago esanda,
Lurzoruaren Legearen testu itzuliaren aurrean agertu duten jarreragatik.

 

Seguru nagoenez agertoki honetan (Itzulist) azaltzen zaretenok Berria
behintzat erosi eta irakurtzen duzuela asteburuetan, konturatuko zineten,
orduan, larunbatean berri bat atera zela, non idazpuruan honako hau esaten
baitzuen: "Madrazoren Legearen itzulpen negargarria"; are gehiago
"Euskarazko testuak ez du gutxieneko kalitaterik".

 

Kasua ez da itzulpen txar bat egin dela, txarrak, nolabaitekoak edo
ulertezinak ehundaka egin baititugu azken hogeita bost urteotan, bai
Administrazioan, bai gainerako alorretan. Kontua ez da hori, ez. Kontua da,
txalogarria gainera, legebiltzar talde batek bere lana euskarazko testuan
oinarrituz garatu nahi duela. Eta gu, itzultzaileok -edo itzulpena- ez gaude
prestatuta gure testu itzulien gainean inork lan egin dezan. Areago:
administrazioko testu itzuliak aintzat hartuz ezin da ekintza
juridiko-administratibo seriorik jorratu.

 

Administrazioko itzulpenak, eta gainerakoetatik gehienak, liburutegi
apaletako liburu potoloetan gordetzeko dira. Ehunetik laurogeita hemezortzia
esango nuke nik. Eta jakina: norbaitek noizbait testu horiek erabili nahi
baditu jardun normalerako, oh, ezinezkoa!. Eta ondoren: kalapitak,
haserreak, (:...).

 

Aspaldi komentatu dugu hainbat itzultzaileren artean, gure mundua
(zuzenketarena barne) une larrian dagoela, badela garaia egindakoari so
egin, eskuartean daukagunari begiratu eta aurrera begira behar diren
aldeketak egiteko. Aldaketa sakonak eta estrukuturalak, seguro asko. Ez
dakit hori nori dagokion. Legez, dekretuz, aginduz eta paperez badaude
horren ardura duten erakundeak: IZO, UZEI, EIZIE(...). Baina ahalmenez
(....) ez dakit, zalantzak ditut. VIP asko dago jardunaldietan, beti
betikoak. Oso berrikuntza gutxi antzematen dut mundu "horretan", egoerak
lehengoan jarraitzen baitu. Gurean ere zaharrak berri.

 

Amaitzeko: akaso hau bezalako foroak balio beharko luke gai hau "populua"ren
esku uzteko, aztertu dezan. Ondo da, bai, "esku libreak" "deslocalización"
edo" poner el cascabel" nola itzultzen diren eztabaidatzea, baina uste dut
ditugun arazoak hori baino askoz larriagoak direla. 

 

 

Eusebio Gorospe

 

 

 

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20041115/bcde9dbe/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago