[itzul] nation state
Antton Gurrutxaga
agurrutxaga a bildua elhuyar.com
Al, Urr 25, 16:22:52, CEST 2004
RE: [itzul] nation stateHorrelako elkarteak 'Atributu- eta
koordinazio-elkarteak' izeneko atalean landu ziren Euskaltzaindiaren 'Hitz
elkartuen osaera eta idazkera' liburuan (12. atala). Bietan ere, osagaiak
izenak dira. Atributu-elkarteetan, izenetako bat da, nolabait esatearren,
elkartearen burua edo gunea; beste, berriz, 'modifikatzaile' edo horrelako
zerbait dela esan daiteke. Bi mota daude:
a) B izena A (edo A modukoa) da: emakume deabru, harri zilindro...
b) A izena B (edo B modukoa, edo Bduna) da: baserri-etxe, ezpata-belar,
dorre-etxe...
Euskaltzaindiak dioenez, tradizioa ere bitarikoa izan da batzuetan: 'alkate
jaun' / 'jaun baru'.
Bestetik, koordinazio-elkarteak. Honela dio aipatu lanak:
c) norbait (zerbait) B da eta A da: makina-erreminta, konde-duke...
Idazkera dela eta, Euskaltzaindiaren azken erabakian ez da arautu, baina,
aipatu liburuan, idazkera hau proposatu zen (86. or.)
a) harri zilindro, bertsolari poeta...
b) bonba-auto,jauregi-etxe, gizon arrano...
c) makina-erreminta, nafar-euskaldun, errege-profeta...
Mota honetako elkarteen euskarazko forma erabakitzerakoan, lehenik eta
behin, osagaien arteko erlazioa atribuziozkoa ala koordinaziozkoa den
aztertu beharra dago. Hori ez da hain erraza, batzuetan behintzat, eta
horren adierazgarri argia da ikuspuntu batetik eta bestetik eratutako
terminoak erabiltzen direla. Gainera, atributu-elkartea dela argi dagoenean
ere, a) eta b) erabidearen artean erabaki behar da, eta hori arbitrario
samarra izaten da. Esaterako, guk esango genuke 'zelula' eta 'ama'-ren
elkartean, 'zelula' dela burua, eta 'ama' hitzak atribuzio-funtzioa betetzen
duela. Hala ere, bi aukera ditugu: 'zelula ama' (a erabidea) eta
'ama-zelula' (b erabidea). Zein hautatu? Guk 'zelula ama' hautatu genuen,
baina ikusteko dago nagusituko den. Usadioak aginduko du horretan noski, eta
gaur egun lasai esan daiteke, esaterako, 'bonba-auto' nagusitu dela, eta ez
'auto bonba' (demagun atributu-elkartea dela onartzen dugula).
'nation state'-ren kasuan, bistan da zaila dela zein motatako elkartea den
erabakitzea. Kontzeptuaren beraren definizioa da gakoa (eta, dirudienez,
ikuspegi bat baino gehiago dago). Gure iritziz, burua 'estatu' da, 'benetan'
hori da, eta 'nazio', berriz, atribuzioa (batzuek nahi luketena, esleitzen
diotena edo horrelakotzat jotzen dute; hau da, estatu horrek nazio bakarra
du, estatuaren menpekoak, 'herritarrak' nazio jakin bateko kideak dira). Bi
hitzetan, ez dugu koordinazio-elkartzetzat jo. Baina hori interpretazioa
izan daiteke, ideologiak hartaratua seguru aski. Nolanahi ere, horregatik
eman genuen guk 'nazio-estatu' (beste aukera 'estatu nazio' zen).
Koordinaziotzat joz gero, uste dugu bi idazkerak baliokideak direla
(gaztelaniari begiratuz gero, 'estatu-nazio'; ingelesari begiratuz gero,
'nazio-estatu'; beraz, bi bidetatik hel daiteke 'nazio-estatu' idazkera
defendatzera). Euskalterm-en, koordinaziotzat jo da ('estatu-nazio').
Greziako 'ciudad estado' dela eta, 'hiri-estatu' eman genuen, gure ustez
'hiri' eta 'estatu' direlako aldi berean (koordinazioa); dena den,
atribuziozkotzat joz gero ere, eta gunea 'estatu' dela onartuz gero, grafia
bera erabil liteke (gainera, en: 'city-state').
Antton Gurrutxaga
ELHUYAR Hizkuntz Zerbitzuak
Asteasuain, 14 / 20170 Usurbil
(+34) 943 36 30 40
agurrutxaga a bildua elhuyar.com / www.elhuyar.org
-----------------------------------
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20041025/a33febfe/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago