RE: [itzul] ejecución dineraria
z-nikolas a bildua ej-gv.es
z-nikolas a bildua ej-gv.es
Or, Ira 3, 11:27:40, CEST 2004
Barkatu, Asier eta Karlos, baina oraingoan ez nago zuekin ados
Egia da <<ejecución dineraria>> prozeduraren barruan epaileak
erabaki dezakeela zordunaren ondasunak bahitzea, baina ez du zergatik
gertatu behar, izan ere, prozedura horren lehenengo izapideetariko bat da
zordunari zorra eskatzea, <<requerimiento>> esaten dioguna eta une horretan
ordainduz gero, ez zaio zordunari ezer bahituko, ezta inongo ondasunik
dirutuko ere ez. Beste era batera esanda, ondasunak bahitzea eta dirutzea
epaileak bere esku dituen tresnak dira zorra ordainduko dela ziurtatzeko.
DRAEren adiera horretan nik garrantzia emango nioke <<procedimiento
para pago>> horri, eta ez <<embargo>> (bahitu), ezta <<venta de bienes>>
(ondasunak dirutu) horri ere ez, esan bezala, bahitzea eta ondasunak
dirutzea tresnak baino ez dira diru kopuru jakin bat ordaintzeko agindua
betearazteko. (Ikusi dezakezuenez, ondo funtzionatzen dutela uste dut
'agindu' eta 'betearazi' arlo honetako azalpenak egiteko)
Ez nago ados ere Asierren azken iritziekin: nik uste dut
terminologia modu ulergarrian erabili eta aukeratu behar dela, eta ez,
ordea, adituek bakarrik ulertzeko moduan. Ez dakit konturatzen garen, baina
gure esku dago etorkizunari begira euskararen terminologia arloz arlo
finkatzen joatea: gure ardura da etorkizuneko euskaldunek zuzenbide arloan,
esaterako, hizkuntza ulergarria eta edozein herritar ulertzeko modukoa
erabiltzea, edo adituek baino ulertzen ez duten hizkuntza sortzea.
Ez naiz transzendentala ipiniko, baina ondo deritzot aitzat hartzea
IVAPek aspaldi aukeratua duela gai honetan jarraitu beharreko bidea, Britain
Handiko Administrazioaren esperientziatik abiatuta: Euskara Argiaren bidea.
Bukatzeko, zuzenbide arloan, gainera garrantzi berezia du kontuak,
izan ere, zuzenbideko bi printzipioen aurka joko luke, nire ustez,
terminologia adituei begira baino ez aukeratu eta erabiltzea, alegia:
Segurtasun juridikoaren printzipioaren aurka: zuzenbideak esaten dio
herritarrari zer nolako eskubideak eta betebeharrak dituen, eta nola beteko
ditu herritarrak zuzenbideak agintzen duena ulertzeko gai ez bada
agindutakoa? (Badakit gaztelaniak beste bide bat jarraitu duela, baina guk
ez dugu oker berdina egin behar)
Printzipio demokratikoa: herritarrok aukeratzen ditugu gure
ordezkariak gure bizitzako eremu asko arautzeko eta gidatzeko, hala ere,
ordezkari horiek arautzen dutena herritarrok ulertzeko modukoa izan behar
du.(Beste azalpen luzeagoak ere egin daitezke, baina ez dut uste hau denik
tokia)
Eta orain bai, benetan bukatzeko: hizkuntza normalizatuen kasuan
terminologia arlo jakinean jarduten profesionalek sortzen dute, baina
euskara ez dagoenez normalizatua eta zuzenbidea euskaraz oso gutxi sortzen
denez, itzultzaileak zarete terminologia sortzeko orduan ardura handia
duzuenak. Kontuz gero filosofiarekin.
Barkatu horrenbeste luzatzea. Ondo izan. Zelai
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20040903/23cbeea8/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago