[itzul] I+Gn eginiko inbertsioa / I+Gan eginiko inbertsioa
Alfontso Mujika
alfon a bildua elhuyar.com
Ast, Abu 18, 13:16:26, CEST 2005
Oso galdera ona. Izan ere, siglen deklinabideak badu zoko-mokorik eta
ilungunerik!
Gotzon Egiak honela dio:
<oro har, siglak hitz autonomo gisa deklinatzen dira, ez ordezten duten
sintagmaren arabera.>
Hori egia da, baina horrek ez du arazo hau argitzen, siglak hitz arrunt
moduan edo hitz berezi moduan deklina baitaitezke.
Argitu beharreko puntu batzuk badaude:
1- Sigla hori zer da, izen berezia (NBE -Nazio batuen Erakundea- den bezala)
ala izen arrunta (BEZ -balio erantsiaren gaineko zerga-)? Erakunde baten
saila edo atalaren izena bada, letra larriz idatziko litzateke eta izen
berezitzat har liteke. Nolanahi ere, ohiko erabileran, 'ikerketa eta
garapena' terminoa ordezkatzen du. Alde horretatik, esan daiteke BEZ sigla
bezalakoa dela.
2- Sigla hori nola irakurtzen da? Edo ez da irakurtzen eta haren jatorrizko
terminoa esaten da? Oro har, siglak irakurri egiten dira, ahal bada izen
arrunt moduan (BEZ sigla 'bez' irakurtzen da), eta, ezin bada, letraka (CD
sigla 'zede' irakurtzen da). Esango nuke sigla hori honela irakurtzen
dela/dugula: I+G 'i-gehi-ge'. Alde horretatik, aski berezia da sigla, haren
jatorria den sintagman ez baitago 'gehi' hori ('ikerketa eta garapena).
Beste hainbeste gertatzen da 'ikerketa, garapena eta berrikuntza' terminoan,
I+G+B siglaz ordeztu baita.
3- Azkenik, beste puntu bat izan ohi da zalantza siglen deklinabidean. Sigla
izen arrunta bada ere, absolutiboan deklinabide-atzizkia jarri behar da ala
ez? 'BEZ barne dela' edo 'BEZa barne dela'? Duela urte batzuk izan zen
halako joera bat absolutiboan deklinabide-atzizkia ez jartzeko, baina esango
nuke gaur egun absolutiboan ere sistematikoki eransten dela
deklinabide-atzizkia: 'BEZa barne dela'.
Badirudi bi ikuspegi onar litezkeela:
A)Izen berezia da. Ondorioa: I+Gn
- enpresetan I+G bultzatu beharra azpimarratu du ministroak
- I+Gren egoera lastimagarria da Espainian
- I+Gn egindako ahalegina
B)Izen arrunta da. Ondorioa: I+Gan
- enpresetan I+Ga bultzatu beharra azpimarratu du mnistroak
- I+Garen egoera lastimagarria da Espainian
- I+Gan egindako ahalegina
Nik esango nuke izen arrunta dela, ez baitu erakunde baten izena
ordezkatzen. Alde horretatik, BEZ edo NA (nortasun-agiria) siglen parekoa
da. Hori onartuz gero, badirudi 'I+Gan' idatzi beharko litzatekeela.
Nolanahi ere, Elhuyarren liburuki horietan 'I+Gan' erabili badugu ere
(Txemak dioenez), erabilera hori ez da sistematikoa Elhuyarren, irizpidea
garbi ez dugun seinale. Eta Elhuyarren 'I+Gn' forma ere erabili dugu.
Siglen deklinabidearen arloan badira oraindik argitu eta zehaztu beharreko
puntuak. Hezkuntza Sailaren Ortotipografia lanak badu siglei buruzko atal
bat, baina orain esku artean dugun arazoari buruz ez du ezer argitzen.
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak
-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de txema
Enviado el: jueves, 18 de agosto de 2005 12:02
Para: Itzulist
Asunto: [itzul] I+Gn eginiko inbertsioa / I+Gan eginiko inbertsioa
Kaixo; bitara irakurtzen da hainbat eta hainbat tokitan egitura hori. Zein
da zuzena(goa) eta zergatik?
Eskerrik asko.
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago