[itzul] Erakundearen Izena (SIGLA) -deklinabidea-

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
As, Urt 4, 15:03:28, CET 2005


Ados nago Josebak agertu duen iritziarekin (komeni zaigula arazo
espezifikoetarako soluzio espezifikoak finkatzeko adina malgutasun izatea).
Puntuazioa eta ortotipografia, azken batean, hitzarmen hutsak dira, ahozko
hizkuntza paperean nolabait (ahalik eta hobekien) jasotzeko ahaleginak. Alde
horretatik, euskararen joskera berezkoa ahalik eta gutxien behartzen duen
moldea hobetsi beharko genuke. Horretara iritsita, Josebak hau proposatu du:

"Hogei urte bete ditu, EIZIE-Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta
Interpreteen Elkartearen Senez aldizkariak."

Hurrenkerarekin ados nago, baina pentsatzen dut marratxorik gabe (koma ere
sobran, ezta?) ere lasai jar litekeela:

"Hogei urte bete ditu EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen
Elkartearen Senez aldizkariak."

baita siglaren garapena letra xehez idaztekoa denean ere:

"Aurten, BEZ balio erantsiaren gaineko zergak aldaketak izango ditu"

Izan ere, aposiziotzat har litezke horrelakoak, nik uste: batetik sigla
ematen da, eta, ondoren, sigla horren azalpena. Antzeko zerbait egiten dugu
ezker-hedapeneko aposizioekin:

"George Bush Estatu Batuetako lehendakariaren esanetan..."

hau da, aurrena izena eta, ondoren, azalpena (berdin "Urumea ibaia", "Axular
kalea", "Arriaga antzokia", "-tzaile atzizkia"...). Ez da gauza bera,
jakina, baina ez dago oso urruti. Marratxoa erabiltzea, ordea, arazo-iturri
izan liteke zenbaitetan.

Horrelako moldeek ez lituzkete beste baliabideak (parentesiak, marra luzeak
eta komak) erabat ordezkatu beharko, jakina, beharrizanak agindu beharko
luke noiz erabili.

Victor Arbizuk eta Txemak aipatu duten <<SIGLA aurretik eta ondoren
parentesi artean esanahia>> segida egokia da bestelako arazorik ez dagoenean
(izenburu batean, izen-zerrenda batean, taula batean edo, testu baten
barnean bada, absolutiboan dagoenean):
"EIZIE (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) "

Baina Victorrek aipatzen dituen bi adibide hauetan:

"Hogei urte bete ditu, EIZIEren (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta
Interpreteen Elkartea) Senez aldizkariak."

"Hogei urte bete ditu, EIZIEren -Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta
Interpreteen Elkartea- Senez aldizkariak."

badaude arazoak. 'IZENLAGUNA + IZENA' segida eten egiten da, tarteki luze
bat sartuta bien artean ('EIZIE' eta 'Senez' artean), eta hori ez da
naturala, hau da, segida horrek ez du balio ozen irakurtzeko, eta,
horrenbestez, behartzen ari gara ahozko hizkuntzaren adierazmolde naturala.
Hori dela eta, uste dut horretako testuinguruetan saihestu egin beharko
genituzkeela izen-sintagmaren barne-segida eteten duten idazmoldeak.

Alfontso
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20050104/edae977d/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago