[itzul] parentesi barrukoa nola deklinatu

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
Ost, Urt 12, 12:08:13, CET 2005


Parentesi barrukoa edo marra luzeen barrukoa ez dago, nik uste, nahitaez
deklinatu beharrik, zerbait autonomoa baita. Gainera, batzuetan, parentesi
barnean perpaus oso bat, edo bat baino gehiago, jarri ohi da, eta, nahita
ere, ez dago parentesiaren aurreko sintagma bezala deklinatzerik.

Pentsa, adibidez, zer gertatuko den zuk jarri duzun adibidean aldaketa txiki
bat eginez gero:


<<Kausa antropikoek (inguruko instalazioetan izandako istripuak/ek,
sabotajeak/ek, etab.) eragindakoak>>

izan beharrean,

<<Kausa antropikoek (inguruko instalazioetan izandako istripuak direla,
sabotajeak direla...) eragindakoak>>

idatziz gero, akabo zalantza (hor zalantza, dena den, beste bat izan liteke:
ea parentesia 'antropikoek' eta 'eragindakoak' artean jarri behar den edo
amaieran, 'eragindakoak' hitzaren ondoren, jartzea komeni den).



Baina, kontrara, parentesitik atera eta koma artean jarriz gero, gauzak
aldatu egiten dira:



<<Kausa antropikoek, hala nola inguruko instalazioetan izandako istripuek,
sabotajeek eta bestek, eragindakoak>>



Bestalde, Euskaltzaindiaren 109. arauan hauxe ageri da:

(...) Zenbaitetan badirudi bigarren sintagma aposizioa ez baina perpausaren
egituratik aparte erantsitako tartekia edo parentesi moduko zerbait dela.

Horrela, esate baterako, perpausaren hondarrean doanean, haren azalpen aske
bezala edo:

(11) [...] bere sehi zahar batentzat, aspaldian ezindua, bainan Nagusiak
maite zuena bere haurride bat bezain osoki (Arb Igand 89).

Perpausaren barnean ere gerta daiteke hori, parentesi izaera agerian dela.
Lagungarri izan daiteke horrelakoetan marratxoak erabiltzea.

(12) a. Gure herriko alkateak –musikazale amorratua bera– begi onez ikusi du
kontzertu gela berria egiteko proiektua.

b. Haren etxean –aski zabala, ene ustez– erraz kabituko gara denok.

c. Datorren larunbatean –hilak zortzi– hasiko da ehiza garaia.



Alfontso

Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak

  -----Mensaje original-----
  De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de maria
  Enviado el: miércoles, 12 de enero de 2005 11:41
  Para: itzul
  Asunto: [itzul] parentesi barrukoa nola deklinatu


  kaixo,
  parentesi barrukoa deklinatu beharra dago ala nominatiboan eman daiteke.
  adibidez,
  Kausa antropikoek (inguruko instalazioetan izandako istripuak/ek,
sabotajeak/ek, etab.) eragindakoak.

  eskerrik asko,
  maria
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20050112/07d668bf/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago