[itzul] ahal izan
jon-agirre a bildua ej-gv.es
jon-agirre a bildua ej-gv.es
Ost, Ots 15, 10:47:48, CET 2006
"Egin dezaket", "egiten ahal dut", "egitea badaukat"... baina "egin ahal
dut"? Beti izan dut zalantza "joan ahal naiz", "joan naiteke"ren ordez
erabiltzearekin. Euskaldun-euskaldunei ez diet inoiz entzun, berriei,
ikasiei eta batez ere ikastoletakoei bai, eta ez denei. Zuzentzat irakasten
da, irakatsi ere, toki batzuetan behintzat. Harri eta zur geratu nintzen
behin alfabetatze munduko pertsona ezagun batek (ez dut esango nork)
alfabetatu gabeko euskaldun ezagun bati (ez dut esango nori) 'ahal' + 'naiz'
edo 'dut' erabiltzeko gomendatu zionean alfabetatzea errazte aldera
(alfabetatu gabekoak ahoz ez zuen forma hori erabiltzen, 'neike' baizik).
Galdera da ea forma zuzenak diren, eta, zuzenak badira, barra-barra
erabiltzekoak diren ala behe-mailakoak (Beh.) edo horrelako markaren bat
duten. Entzunda daukat "zineman sar naiteke txartela erosi ondoren" eta
"zineman sartu ahal naiz atezainari bultza eginda" esaldietako aditzen
diferentzia, euskaltzain oso batek (ez dut esango nork) izan aurretik
idatzita ere utzi zuena. Baina ni "ahalnaiz-eszeptikoa" naiz. Norbaitek
baiesterik badauka, "ahal naiz" eta "ahal dut" horien egokitasuna? Edozein
kasutan? Niri normala egiten zait geroaldian: "joan ahal izango zara", "egin
ahalko duzu"; eta baldintzan ere onargarria, batez ere aditz nagusia ageri
ez bada: "ahal baduzu" (sekula ere ez "ahal bazara"), baina "egin
badezakezu" edo "egin bazenezake" ("egin bazeinke") eta "joan bazaitezke"
edo "joan bazintezke" ("joan bazeintekez").
Gramatikalari prestuen zain,
Jon Agirre
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago