[itzul] ahal izan
Iņigo Errasti Aranbarri
errasti.i a bildua AJU.ej-gv.es
Ost, Ots 15, 12:53:48, CET 2006
Niri etxeko euskaraz "nik hori ahal dot egin" edo "ahal dozu hori erosi?" ez zaizkit arrotzak iruditzen; errazago esango ditut, agian, "nik hori egin neike" eta "erosi zeinke", baina ez nuke esango lehengo biak sekula erabili ez ditudanik; ez eta gure etxeko alfabetatugabeek ere. Agian, ona litzateke Bizkaiko beste leku batzuetan ere horrela esaten duten jakitea.
Dena dela, EGLU IIan (455-461) ahaleraz ari dela, honako hau dio:
"(60) a. etorri ahal naiz / b. etortzen ahal naiz
Lehenbizikoa mendebaldean erabilia da gaur egun eta iduri du bigarrenak hedatuagoak dituela gure literatur tradizioan. Benturaz, batasunerako bidetik abiatuz, azken hau (-tzen+ahal) hobetsi behar genuke, bestea gaitzetsi gabe, jakina."
Beraz, ez du okertzat jotzen. Sistemak onartzen dituen bi bide direla esango nuke, eta aditz trinkoena zaharragoa eta "jatorragoa" dela ere, baina bestea hor daukagu, eta asko erabiltzen dute. Egia da, bestetik, tamalgarria dela euskara ikasten dutenek bide bakarra ezagutzea eta bestea baztertzea (are gehiago horrek bigarrena desagerztea ekarriko badu). Baina, hizkuntzak izaki bizidunak omen dira eta ezer gutxi egin dezakegu (ahal dugu) bide batetik jotzea erabakitzen badute.
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago