[itzul] ahal izan

jon-agirre a bildua ej-gv.es jon-agirre a bildua ej-gv.es
Ast, Ots 16, 10:40:58, CET 2006


Erreferentzia bat aurkitu dut Bizkai Euskeraren Jarraibide Liburuan (256.
or.). Hara:

"'Etorri ahal da', 'erosi ahal dau' erako aditz puntukariak nekez erabilten
ditue hiztunek perpaus nagusian. Bai, ostera, menderakuntzan: 'etorri ahal
bada', 'erosi ahal dauena', 'etorri ahal
zanean', 'erosi ahal ebala'..."

Hau bat dator nik susmatzen nituen erabilera-mugekin eta EGLU-IIn (459. or.)
Iñigok aurkitutako aipamenaren ondoren datorren adibidearekin (4 daude: 3
ekialdeko '-ten ahal' formakoak eta 1 honelakoa):
d. "Gure etsai deabruak gure enganatzeko 'ediren ahal duen' biderik eta
arterik hoberena" (Axular, 'Gero', $ 28)

Euskaltzaindiak kontua bi lerro-erditan garbitzea marka da gero:
"...mendebalean erabilia da gaur egun (...) gaitzetsi gabe..."

Kontua da bizkaieraz erabilera mugatuko egitura bat dela, esaldi menderatuan
beste formekin (zeinkena, bazeintekez...) lehian edo aukeran dagoena. Azter
dezagun Euskaltzaindiak egiten duen konstatazioa (hori baita egiten duena):
"...mendebalean..." (ez nahitaez bizkaieraz) "...erabilia da..." (oso gutxi
eta mugatuta euskaldun osoengan, baina sua gasolinan bezala zabaltzen
gainerakoengan) "...gaur egun..." (izan ere, esaldi nagusiko aditz gisa
erabiltzea erabilera berri-berria dela dirudi). Askoz gutxiagogatik jaurti
ditu Euskaltzaindiak beste egitura batzuk infernuko su-leizera. Eta
amaitzeko, "...gaitzetsi gabe...": baina gutxietsi bai bestea hobesten
baitu. Nik uste dut arinegi eta axaletik (barka bekit ausarkeria) pasatu
zela atal hau idatzi zuena egitura horren gainetik, sakon aztertu barik, eta
zorionak ematekoa da alde horretatik behar bezala aztertu ez dena ez
gaitzestea (baina batasunerako ere onartu barik).

Beraz, nire iritziz, ahalerako aditz jokatua erabili beharrean 'ahal'ekin
aditz-lokuzioa eginez puntukaria erabili nahi izanez gero, perpaus
menderatuan erabiltzea da erabilera zuzena eta tradiziokoa, Euskaltzaindiak
beste lerro-erdiren bat atera arte, behintzat. Esaldi nagusiko aditz gisa
erabiltzea ikaragarri (esanahi guztietan) zabaltzen ari den mutaziotzat
daukat, eta nire susmoa da euskaldun kaletar edo ukipen handikoengan eta
horien bidez ari dela zabaltzen. Inor mindu gabe esan nahi dut azken hau,
barkatu bestela, esan ere mezua mozorrotzerainoko leungarriak bilatzen
saiatu naiz, baina nire esperientzia psikosoziolinguistikoa hori da eta esan
behar nuen. Horren azterketak ematen du doktoretza-tesia egiteko.

Aurkitu dudan erreferentzia Interneten ere badago (283. or.):
http://www.labayru.org/pdfs/Jarraibide_Liburua.pdf

Jon Agirre

-----Mensaje original-----
De: Euskara Teknikaria - Mutrikuko Udala [mailto:euskara a bildua mutriku.net] 
Enviado el: miércoles, 15 de febrero de 2006 14:03
Para: ItzuL
Asunto: ER: [itzul] ahal izan

Ekarpentxo modura (nire lehenengo agerraldia izateko, nahikoa
beharbada)ondokoak "ahal ditxut adierazi":

"- Ahal zea etorri bixar goizian?"
"- Ahal dira gauza horrek esan?"
"- Ez, ezin nai etorri." "Bai, ahal nai etorri."

"- Nahi dezuzen gauza danak ahal dezuz esan, baiña gauzak holaxe dia"

Adierazitakoak barra-barra entzun ahal dira Mutrikuko kaleetan... ikastolan
ikasitakoei... eta gaztelera hutsezko eskoletan ikasitako edadetuei ere bai.

Egia da "etorri zeinke", "ezin zeinke esan" eta molde horretakoak ere
erabiltzen direla (forma hauek gazteengan galtzen ari direla ere egia da),
baina ahal-dunekin batera erabiltzen direla, natural-natural.

Joseba



-----Jatorrizko mezua-----
Nondik: itzul-bounces a bildua postaria.com
[mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]Honen izenean: Iñigo Errasti
Aranbarri
Bidalia: miércoles, 15 de febrero de 2006 12:54
Nora: itzul a bildua postaria.com
Gaia: [itzul] ahal izan


Niri etxeko euskaraz "nik hori ahal dot egin" edo "ahal dozu hori erosi?" ez
zaizkit arrotzak iruditzen; errazago esango ditut, agian, "nik hori egin
neike" eta "erosi zeinke", baina ez nuke esango lehengo biak sekula erabili
ez ditudanik; ez eta gure etxeko alfabetatugabeek ere. Agian, ona litzateke
Bizkaiko beste leku batzuetan ere horrela esaten duten jakitea.

Dena dela, EGLU IIan (455-461) ahaleraz ari dela, honako hau dio:


"(60) a. etorri ahal naiz / b. etortzen ahal naiz

Lehenbizikoa mendebaldean erabilia da gaur egun eta iduri du bigarrenak
hedatuagoak dituela gure literatur tradizioan. Benturaz, batasunerako
bidetik abiatuz, azken hau (-tzen+ahal) hobetsi behar genuke, bestea
gaitzetsi gabe, jakina."

Beraz, ez du okertzat jotzen. Sistemak onartzen dituen bi bide direla esango
nuke, eta aditz trinkoena zaharragoa eta "jatorragoa" dela ere, baina bestea
hor daukagu, eta asko erabiltzen dute. Egia da, bestetik, tamalgarria dela
euskara ikasten dutenek bide bakarra ezagutzea eta bestea baztertzea (are
gehiago horrek bigarrena desagerztea ekarriko badu). Baina, hizkuntzak izaki
bizidunak omen dira eta ezer gutxi egin dezakegu (ahal dugu) bide batetik
jotzea erabakitzen badute.




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago