[itzul] Esku hartze ala esku-hartze?

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
Ost, Eka 14, 15:28:01, CEST 2006


Demagun galdera hau zela:

<Real Academia Espanolak esanak esan, 'vurro' idaztea zilegi da?>

Nor dago RAEren gainetik gaztelaniaren hizkuntza-zuzentasunaz edo
zilegitasunaz ebazteko?

Eta, Karlosen galderari erantzuteko, nor dago Euskaltzaindiaren gainetik?

'Herria, euskaldunak!' erantzungo du ezkertiarrak (eta 'Jainkoa!' erantzun
lezake sinistunak).
Baina herriari (batez ere, herri euskaldunari) galdetzea gu bizi garen
estatuan oso ondo ikusia ez dagoenez (eta Jainkoaren iritziaren berri
jakiteko modu berehalakorik ez dugunez), oso zaila iruditzen zait galdera
(ia filosofiko) horren erantzuna.

Orain, txantxak alde batera utzita:
Euskaltzaindiaren 25. arauak garbi zehazten du elkarte sintetiko arruntak
marratxoz nahiz bereiz idatz daitezkeela. Horixe da araua, eta, beraz,
'parte-hartze' eta 'parte hartze', biak ala biak, zilegi dira. Hiztegi
Batuan zer agertzen den, batzuetan, interpretatu beharra dago. Kasu honetan,
Hiztegi Batuak 'parte(-)hartze' dakar. Beraz, interpretazio-beharrik ez
dago, biak dira zilegi, baita Hiztegi Batuan ere, hau da, ez dago
kontraesanik 25. arauaren eta Hiztegi Batuaren artean. Baina beste kasu
batzuetan, pentsatu beharra dago (hori da gure interpretazioa, behintzat)
Hiztegi Batuan ahaztu egin zaiela aukera biak esplizitatzea (adibidez,
'esku-hartu' da aukera bakarra Hiztegi Batuan).
Eta, beste batzuetan, beste fenomeno baten aurrean gaudela pentsatu behar
dugu. Hori da, adibidez, Iratxek aipatu duen 'adarjotze' hitzaren kasua.
Hor, pentsatu beharra dago (hori da gure interpretazioa, behintzat),
fosiltze- edo lexikaltze-fenomenoa gertatu dela eta, tradizioan
oinarriturik, lotutik idaztea hobetsi dela Hiztegi Batuan ('gorabehera' ere
loturik ageri den bezala, nahiz eta haren kideko 'sartu-irten', 'luze-zabal'
edo 'han-hemen', 'ezker-eskuin' eta abar marratxoz idaztekoak izan, 25.
arauaren arabera).

Horren inguruko galdera bat izan zen duela ia lau urte Itzulisten, eta
Antton Gurrutxagak ohar argigarri bat idatzi zuen. Hona hemen:

<<<<<<<<<
2002-11-28
Elhuyarren 'parte-hartze' edo 'parte hartze' erabiltzen ditugu, ez
'partehartze', Hiztegi Batuan hala erabaki delako. Dena den, bi horiek ez
dira guretzat berdinak. Bat izen-elkartea da, lexikalizatua, eta bestea
aditz-izena. Askotan 'parte hartze' aditz-izen soila aski dela uste dugu.
Adibidez: 'Es necesaria participacion de los vecinos' perpausa euskaratzeko,
'Beharrezkoa da auzo(kide)ek parte hartzea' eman liteke.

Zenbaitetan, ordea, izen-elkartea erabiltzen dugu, adibidez, 'parte-hartze
handia izan da' ('jende askok parte hartu du' perpausaren berridazketa bat),
edo '% 30eko parte-hartzea'.

Dena den, zalantzak ere maiz izaten ditugu. Esaterako, 'participatory
organization' / 'organizacion participativa' / 'organisation participative'
kontzeptuaren euskal adierazlerako, 'parte hartzeko erakunde' eman dugu
Enpresa Kudeaketa Aurreratuko Hiztegian, eta egokia dela uste dugu, baina
batzuek adierazi digute 'hartzeko' horretan 'helburu' kutsu bat ikusten
dutela, eta, berez, 'kideak parte hartzen duten edo parte hartzea bultzatzen
duen erakundea' dela.

'Partaidetza' dela eta, uste dugu, 'sensu stricto' 'partaide izatea' dela,
eta hori, batzuetan behintzat, parte hartze hutsa baino zerbait gehiago da.
Ezin uka, nolanahi, 'parte hartze'-ren baliokidetzat erabiltzen dela.

Zure mezuan aipatu dituzunak honela emango genituzke:

'participation method' = 'parte hartzeko metodo'
'participation level' = 'parte-hartze maila' ('maila' horretarako egokia den
aparte utzita)

Sergiok marraz dioena dela eta, kontsulta egin genuen Hiztegi Batuko
marra-erabilera erabat bat ez zetorrelako Euskaltzaindiak 'Hitz Elkartuen
Osaera eta Idazkera' erabakian emandako irizpideekin. Hitz gutxitan,
Euskaltzaindiak 'esku-hartze' idatzi badu ere, argi dago horrelakoetan marra
aukerakoa dela. Guk, aipatu dugun aditz-izenaren kasua kenduta,
horrelakoetan marra idazten dugu, baina erabili ohi ez dutenak ez daude
horretara behartuta.

Antton
<<<<<<<<<

Segi 'parte hartzen', Karlos, zure parte(-)hartzea ('parte-hartzea' gu
bezalako marrafiloentzat eta 'parte hartzea' marrafoboentzat) behar dugu
eta.

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak

-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de karlos_del_olmo a bildua donostia.org
Enviado el: miercoles, 14 de junio de 2006 14:32
Para: itzul a bildua postaria.com
Asunto: [itzul] Esku hartze ala esku-hartze?






Euskaltzaindiak: esku-hartze
Zehazki: esku hartze

Bestela itaunduta: Euskaltzaindiak esanak esan, esku hartze idaztea zilegi
da?


Karlos del Olmo
karlos_del_olmo a bildua donostia.org
943424286




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago