[itzul] "declaración" hitza dela eta

Iñigo Errasti Aranbarri errasti.i a bildua AJU.ej-gv.es
Or, Eka 16, 10:41:45, CEST 2006


Egun on, Agurtzane:

Ea balio dizun atzo galdetu zenuena argitzeko. Nik uste dut lehenen-lehenen bereizi beharrekoa dela ea "ekintza" ala "zer hori, testua-agiria-papera" den. Adibide inozo bat: "Aurreko baten, Jonek Giza Eskubideen Adierazpena utzi zidan mahai gainean." Nik neuk ez nuke esango horrelako esaldi batean "Giza Eskubideen Aldarrikapena" utzi zidala.

Frantsesez, ingelesez eta gaztelaniaz, "déclaration, declaration, declaración" esaten diote horri (proclamation, proclamation, proclamación gutxi topatuko duzu). Hiru hizkuntza horietan, hitz horrek (déclaration-ek) ekintza eta ekintzaren "ondorioa" adierazten dituzte, hau da, kasu honetan, giza eskubideak (edo dena delakoa) "aldarrikatzeko" ekintza eta (demagun) hori jasotzen duen testua-agiria-papera.

"Proclamation" hitzak, ingelesez eta frantsesez era bi adiera ditu: ekintza eta "gauza-papera-ondorioa".
Gaztelaniaz, ordea, "proclamación":
 1. f. Publicación de un decreto, bando o ley, que se hace solemnemente para que llegue a noticia de todos. 
 2. f. Actos públicos y ceremonias con que se declara e inaugura un nuevo reinado, principado, etc. 
 3. f. Alabanza pública y común. 

Nik horri "ekintza"-ren adiera baino ez diot hartzen.

Eta euskaraz, zer? Euskal Hiztegia hartuta (Elhuyarren Euskal Hiztegi Modernoa ez daukat, tamalez), hona zer dioen:

adierazpen: (...) 1. (Zerbaiten) adieraztea, azalpena. (...) Jendaurrean zerbait aditzera emateko egiten den izkribua. Ik. agiri. Euskaltzaindiak bere VIII. Biltzarraren ondoan adierazpen hau agertzen du:... Han bildurik zeudenek egindako adierazpena irakurtzeko (...)

aldarrikapen: iz. (1977). Aldarrikatzea.  (alegia, aldarrikatu aditzaren aditz-izena)

Beraz, hasieran esan dizudan bezala, nik dokumentu, agiri eta halakoentzat "adierazpen" erabiliko nuke (zein testuinguru den, beti ere... zeuk esana da "zer uste duzue egin beharko genukeela
"declaración" horiekin guztiekin, "aldarrikapen" bihurtu denak ala
"adierazpen" deitu ala...?"... , eta "guztiekin" eta "denak" horiek beldurra eman zidaten... brometan, e? Jendea batzutan sutan jartzen da eta ;)
Ordea, horiek bultzatzeko edo sustatzeko egiten diren ekitaldietarako (zelan edo halan ekintza adierazten dutenetarako) "aldarrikapena" erabiliko nuke.

Izan ere, "aldarrikapenak" eta bere "lehengusuek" niri neuri "ozen esatea, jendaurrean oihuka-edo esatea..." ekintza, beti ere, ekartzen didate gogora (oker ibiliko naiz agian).

Ez dizut "deklarazio" hitzaren gainean ezer esan. "Deklarazio" hobesten dutenek esango dizute zergatik hobesten duten, eta nik oso gustura jasoko nuke azalpena. 


Beno, ea ezertarako balio dizun, eta barkatu gehiegi luzatu banaiz... baina nahiago dut iritzia agertuta adierazpena ere ematea :)

Iñigo



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago